Protestak piztu dira Wisconsinen, polizia batek afro-amerikar bat tirokatu ondoren

Poliziak zazpi alditan egin zion tiro bizkarrean Jacob Blakeri, hura bere autoan sartzera zihoan unean.

Protestari bat sutan dagoen ibilgailu baten aurrean, Kenoshan. TANNEN MAURY / EFE
2020ko abuztuaren 25a
12:35
Entzun

George Floyden hilketa oraindik ere memorian fresko dagoen bitartean, beste afro-amerikar bat jo dute tiroz AEBetan. Jacob Blake larri zauritu zuen, igande arratsaldean, Kenoshako (Wisconsin, AEB) Polizia Departamentuko agente batek, Tony Evers Wisconsingo gobernadoreak jakinarazi zuenez. «Jacob Blake hainbat aldiz tirokatu dute gaur, egun-argiz, Kenoshan, Wisconsinen. [...] Ez dugu xehetasun gehiagorik gertatutakoaren inguruan, baina badakigu gauza bat: ez da segurtasun indarrek pertsona beltz bat tirokatu, zauritu edo errukirik gabe hil duten lehen aldia, ez gure estatuan, ez herrialde osoan», esan zuen Eversek.

Tiroketak protestak eragin zituen igande gauen bertan. Mobilizazioak ikusi ondoren, Kenoshako Polizia Departamentuak itxialdia ezarri zuen, atzo arratsaldeko zortzietatik hasita gaur goizeko zazpiak arte. Horrez gain, Evers gobernadoreak guardia nazionaleko 125 agente deitu zituen, John Antaramian Kenoshako alkateak prentsaurreko batean baieztatu zuenez.

Edonola ere, berriro kaleetara atera ziren protesta egitera atzo gauean, bigarren egunez. Ehunka lagun bildu ziren hiriko epaitegi aurrera. Protestariek sua eman zioten, besteak beste, zaborrak biltzeko ibilgailu bati —epaitegi inguruan zegoen—, eta Poliziari oihu egin zioten. Poliziak negar gasa erabili zuen «justiziarik gabe, bakerik ez» oihukatzen zuten manifestarien aurka. 

Sare sozialetan tiroketaren uneko irudiak zabaldu dituzte; horietan ikus daitekeenez, Blakek auto bateko atea zabaltzen du, eta barrura sartzen saiatzen da. Polizia agente batek, momentu horretan, tiro egiten dio afro-amerikarrari. Gutxienez, zazpi tiro entzuten dira bideo horretan. 

Benjamin Crump abokatuak esan du Blakeren familiak harengana jo duela laguntza eske. Crumpek txio batean idatzitakoaren arabera, tiroz zauritutako gizonezkoaren hiru seme gazteak autoan zeuden tiroketa gertatu zen unean: «Polizia batek beren aita nola tirokatzen duen ikusi dute [semeek]. Betiko trauma eragin diete. Ezin dugu onartu agenteek gu babesteko duten betebeharra alde batera utz dezaten». 29 urteko gizona zainketa intentsiboetako unitatean dagoela jakinarazi du abokatuak.

Kenoshako Polizia Departamentuaren arabera, etxeko istilu baten harira deitu zituzten igandean. Gainontzekoan, ez dute informazio gehiagorik eman gertakarien inguruan. Poliziak esan du agente guztiak elkarlanean ari direla gertatu zena argitzeko. Dena den, irudietan agertzen diren polizia agenteak ez dira identifikatuak izan. 

Pete Deates Kenoshako Polizia Profesionalen Elkarteko presidenteak esan du Evers gobernadorearen oharra «guztiz arduragabea» dela, eta ez dela polizia agente «langileen» erakusgarri. Wisconsingo Justizia Departamentuak iragarri du tiroketaren inguruan ikerketa bat zabalduko dutela. Joe Biden Alderdi Demokrataren presidentetzarako hautagaiak eskatu du has dadila  «berehalako ikerketa garden bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.