Atzo, Georgia EB Europako Batasunean sartzeko negoziazioak etengo dituztela iragarri zuen herrialdeko lehen ministro Irakli Kobajidzek; are, jakinarazi zuenez, bera buru den taldeak, Georgiako Ametsa alderdiak, uko egingo die EBren diru laguntza guztiei. Ezustekorik ezean, erabaki horiek 2028. urtera arte egongo dira indarrean, hasi berri den agintaldia bukatu eta berriro hauteskundeak egin arte, alegia. Georgiako Ametsa alderdiaren jokaerak haserrea eragin du, eta azken orduetan istilu larriak izan dira herrialdean.
Milaka herritar bildu ziren atzo gauean Georgiako Parlamentuaren eraikinaren aurrean, gobernuak hartu berri zuen erabakiari buru egiteko. Herrialdeko hedabideek gaur salatu dutenez, Poliziak negar gasa erabili du manifestarien aurka, eta, Georgiako Barne Ministerioaren arabera, gutxienez 43 lagun atxilotu dituzte. Ministerio horrek berak jakinarazi du 32 polizia agente zauritu dituztela. Gaur, berriz ere Tbilisiko kaleetara irten dira milaka manifestari, eta aurreko gauean Poliziak izandako jarrera salatu dute.
Oposizioak bat egin du protestekin, eta exijitu du berriro egin ditzatela parlamenturako bozak. Atzo prentsaren aurrean egindako adierazpenetan, Georgiako presidente eta oposizioko buru Salome Zurabixvilik argudiatu zuen hauteskundeak berriz egitea dela «egungo egoerari konponbidea emateko» aukera bakarra. Are, borrokarako deia egin zuen: «Herrialdean gelditzen den erakunde zilegi bakarraren ordezkaria naiz; hasi da erresistentziaren mugimendua».
Europako Batasunaren parte bihurtzea da, hain zuzen, oposizioaren helburu nagusietako bat. Eta hori lortzeko «protestan» eta «borrokan» jarraituko dutela nabarmendu du oposizioko Aldaketaren Koalizioa taldeko buruak, Elena Joxtariak, prentsaren aurrean egindako adierazpenetan: «Georgiako herriak ez du onartuko herrialdea Errusiaren eskuetan uztea».
Atzo iluntzean, herrialdeko parlamentuak oposizioaren eskaria onetsi zuen, eta bozak berriz egiteko deia egin, argudiatuta ez zituztela ontzat ematen iragan urriko hauteskundeen emaitzak; hain justu, horren ondoren iritsi da Georgiako Ametsa alderdiaren erabakia. Parlamentuaren eskaera hori ez da loteslea, baina, horren arabera, gehienez ere urtebete barru egin beharko lituzkete bozak, eta nazioarteko talde batek gainbegiratu beharko lituzke. Bestalde, neurriak bide emango luke Georgiako Ametsa alderdiko hainbat goi kargudun zigortzeko, hala nola lehen ministroa. Georgiako Hauteskunde Batzordearen arabera, agintean zegoen alderdiak, Georgiako Ametsak, botoen %54 lortu zituen. Oposizioak, ordea, «iruzurra» izan zela salatu zuen.
Georgiak 2022ko martxoan egin zuen talde komunitarioan sartzeko eskaera, eta iazko abenduan eman zioten estatu kide bilakatu ahal izateko estatusa. Nolanahi ere, ordutik Georgiako Gobernuari belarritik tira egin izan dio EBk azken urtean hartutako hainbat neurriren harira, hala nola atzerriko agenteen inguruko legea dela-eta, eta «jarrera autoritarioa» izatea leporatu izan dio.
Errusiara lerratuta
Talde komunitariotik urruntzea eta Errusiaren orbitara gerturatzea da oposizioak agintean dagoen gobernuari egiten dion kritika nagusia. Hala uste dute protestan irten diren milaka herritarrek ere. Parlamentuaren eraikinaren aurrean egindako elkarretaratzean, «Errusiarrak» eta «esklaboak» egin dute oihu manifestariek. Antzera mintzatu da oposizioko burua: «Gaur, zilegi ez den gobernu honek gerra deklaratu die bere herritarrei».
Georgiako Ametsak behin eta berriz errepikatu du ez dela Errusiaren aldekoa, eta konpromiso «irmoa» duela herrialdean demokrazia sustatzeko eta Mendebaldearekin dituzten harremanak sendotzeko. Esan izan du, halaber, «etorkizunean» prest egongo litzatekeela EBn sartzeko. Oraingoz, baina, iritzi dio talde komunitarioak «askotan iraindu» duela herrialdea, eta EBren parte izateko negoziazioak «xantaia» gisa erabiltzen dituela.
%81Zenbat herritarrek nahi luketen Georgia EBren parte izatea. EB Europako Batasunak egindako azken inkestaren arabera, Georgiako herritarren %81ek nahi lukete herrialdea talde komunitarioaren parte izatea.