Protestak nagusi Tunisian, Udaberri Arabiarraren zazpigarren urteurrenean

Manifestazio bat antolatu dute iganderako. Nazioarteko Diru Funtsak gobernuari inposatutako murrizketak dira protesten arrazoi nagusia

Tunisiako herritarrak protestan, Tunis hiriburuan, artxiboko irudi batean. MOHAMED MESSARA / EFE.
Iosu Alberdi.
2018ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Tunisiako presidente Zine El Abidine Ben Aliren kargugabetzearen zazpigarren urteurrena betetzear dela, protestak nagusitu dira Tunisian. Asteko lehen bi egunetan gutxienez 206 lagun atxilotu zituzten, gobernuak martxan jarri dituen murrizketen aurkako mobilizazioetan, eta atzo gauerako ere protesta gehiago espero zituzten.

Ben Alik Tunisiako presidente kargua utzi eta Saudi Arabiara ihes egin zuenetik zazpi urte betetzear dira. 2011ko urtarrilaren 14an gertatu zen hori, eta Udaberri Arabiarrei hasiera eman.

Iganderako, matxinadaren zazpigarren urteurrenerako, manifestazio batera deitu dute gizarte zibileko hainbat eragilek eta oposizioko alderdiek, egungo gobernuaren austeritate politikak eta eskubide zibilen murrizketak salatzeko.

Orain arteko mobilizazioak asteburuan hasi ziren, Fesh nastanneu? (Zeren zain gaude?) plataformak deituta. Plataforma horrek murrizketei aurre egin eta 2018ko aurrekontuak indargabetzea ditu helburu. Plataformak azaldu du eurek bultzatzen dituzten mobilizazioak «bakezaleak» direla.

Protesten arrazoi nagusia gobernuak martxan jarri dituen austeritate politikak dira. Orain arteko gobernuek gastu publikoa handitzearen alde egin dute, baina Yusef Chaheed lehen ministroak kreditu baten bidez kontu publikoak garbitzeko erabakia hartu du. NDF Nazioarteko Diru Funtsak 2.500 milioi euroko kreditu bat eman zion 2017an Tunisiako Gobernuari, hainbat erreforma egitearen truke: zergen igoera, estatu laguntzen murrizketa eta administrazioan erreformak, besteak beste, funtzionarioen kaleratzeak. Horiek 2018. urtea hastearekin batera sartu dira indarrean.

Protesten gorakada

Astelehenetik, protestak herrialde osora zabaldu dira, protesta nagusiak Tunis hiriburuan eta inguruko hirietan izanik. Tebourna hirian ere protestek gora egin zuten astearte gauean, astelehenean 55 urteko gizon bat hil ostean. Poliziaren arabera, gizona arnas krisi baten ondorioz hil zen, negar gasa arnastearen ondorio izan daitekeena. Protestan ari ziren aktibisten esanetan, berriz, polizia auto batek harrapatu zuen. Oraindik, ordea, ez dituzte gorpuaren autopsiaren emaitzak ezagutarazi.

Heriotzak manifestarien haserrea eragin du, eta dozenaka gazte bildu ziren herenegun Tunisiako Barne Ministerioaren egoitzaren aurrean, «Polizia hiltzailea, ministerio terrorista» eta antzeko leloak oihukatuz. Lehen ministroaren esanetan, protestak ulergarriak dira, baina lasaitasunerako deia egin du, «biolentzia ez baita onargarria».

Ben Arous hirian supermerkatu bati eraso zioten astearte gauean, eta normalean baino bi ordu lehenago ixteko gomendioa jaso dute merkataritza gune handiek. Yerba irlan ere eskola judu bati eraso zioten, molotov koktelak jaurtiz. Uharte horretan mundu arabiarreko talde judurik handiena bizi da.

Ez dago zauritutako manifestari kopuruaren inguruko daturik, baina, Barne Ministerioak zabaldu duenez, 49 polizia zauritu dituzte bi egunetan. Protestek gorako bidea daramate, eta hainbat hiritan armada hedatzeko erabakia hartu du gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.