Normalizatu aurretik amaitu nahi dituzte Nigerian dagoeneko ohiko bihurtzen ari diren erasoak. Abendutik hona, 700 ikasle baino gehiago bahitu dituzte talde armatuek, ikastetxeetan eta unibertsitateetan indarrez sartuta; batez ere, herrialdearen iparraldean. Igandekoa izan zen azkena: 200 ikasle inguru atzeman zituzten Niger estatuko ikastetxe erlijioso batean.
Aldiro eragiten dute zirrara gisa horretako gertakariek herrialdean, baina, kezka eta beldurra ez ezik, haserrea ere eragin du azken kasuak, eta protestak izan dira Nigeriako hainbat lekutan, segurtasunik eza salatzeko. Zamfara estatuan, esaterako, errepide bat moztu zuten herenegun protestariek, eta Poliziak sakabanatu zituen ondoren. Lagos hirian, berriz, manifestazio handi bat egin zuten. Ehunka lagun elkartu ziren segurtasun neurriak indartu ditzatela eskatzeko. Giza eskubideen aldeko erakundeek, sindikatuek eta gizarte erakundeek deitu zuten manifestazio horietara, eta agintarien utzikeriarekin eta herritarren bizi baldintzen artean dauden desorekekin lotu zuten erasoen ugaritzea.
Igandean gertatutakoaren inguruko nahasmenak eta informazio lausoak ere ez du lagundu giroa baretzen. Nigeriako hedabideek zabaldu dute bahituak 200 inguru direla, baina agintariek ez dute kopuru zehatzik eman. Niger estatuko Poliziaren bozeramaileak eman zuen erasoaren berri, egunean bertan. Jakinarazi zuen «gizon armatuek» Tegina hiriari eraso egin ziotela, «indiskriminatuki» tiroak botaz. Ondoren, erasoa baieztatu zuen estatu horretako gobernadore Abubakar Sani Bellok, eta talde armatuak egin zituen erantzule. Halaber, adierazi zuen pertsona bat hil zela tiroketan, eta hamar lagun baino gehiago artatu zituztela Wushishiko ospitalean.
Salihu Tanko eskola zuten jomugan erasotzaileek, baina, eraikin horri ez ezik, haren inguruei ere eraso egin zieten. Gertakarien lekuko izan zen Abubakar Tekina ikastetxearen jabea, eta hark Reuters berri agentziari esan zion 150 ikasle inguru eraman zituztela: «20 eta 25 motor ikusi nituen, eta horien gainean, armaz jositako beste hainbeste lagun. Eskolara sartu, eta 150 ikasle edo gehiago eurekin eramanda joan ziren». Hala ere, aitortu zuen ez zela gai bahitutako haurren kopuru zehatza emateko, «gertakariaren momentuan haietako gehienak ez baitzeuden ikastetxean».Azaldu zuen 300 haur inguru hartzen dituztela ikastetxean, baina klaseak dituztenean soilik izaten direla zentroan bertan.
Herenegun jakin zen bahitutakoetatik 11 aske utzi zituztela. «4 eta 12 urte arteko 11 ikasle aske utzi dituzte gaizkileek; seguruena, txikiegiak zirelako», azaldu zuen Mary Noel-Berjek, Niger estatuko gobernadorearen bozeramaileak. Aitortu zuen artean ez zekitela zenbat haur bahitu zituzten, eta nabarmendu informazioa argitzeko lanean zebilela gobernua. Halaber, azaldu zuen «segurtasun talde bat» mugiarazi zutela, «bahitzaileak topatzeko eta haurrak askatzeko». Bila jarraitzen zutela azaldu zuten atzo gobernuko iturriek. Zehaztu zuten hegazkin militar batekin ustez bahitzaileek egindako bidea arakatzen ari zirela horretarako.
Sistema baten erakusle
Igandekoaren bezperan, beste bahiketa batean atzemandako hamalau ikasle askatu zituzten, eta zibilei zer maiz erasotzen dieten erakusten du horrek. Hilabete baino gehiago zeramaten bahituta Nigeriako ipar-ekialdean dagoen Greenfield Unibertsitateko hogei ikaslek, eta horietako bost duela egun batzuk hil zituzten, gainerakoen familiak estutu eta erreskatea ordaintzera behartzeko. Larunbatean jakinarazi zuen Poliziak gobernuaren esku zeudela, baina ez zuen azaldu nola iritsi ziren horretara.
Izan ere, iturri ofizialek sistematikoki ukatzen dute ordainketa posible batekin lotzen dituen edozein informazio, eta errefusatu egiten dituzte publikoki bahitzaileen eskarietara makurtu direla iradoki dezaketen zurrumurruak.
Bada bahiketen atzean negozio sare bat dagoela pentsatzen duenik ere, ordea, eta sare horretanere onura ekonomikoak izaten dituztela dioenik. Lur eremuengatik eta baliabide geroz eta urriagoengatik borrokan ari diren talde armatuek beren burua finantzatzeko duten bidea dira bahiketak, eta geroz eta uste zabalduagoa da halakoak egiteko darabilten motibazio nagusia ekonomikoa dela.
Uste hori elikatzen du zenbait estatutako gobernadoreek halako bahiketetan izandako rolak. Estatu federala da Nigeria, eta banaketa administratibo horrek segurtasun indarren gaineko eskumena ematen dio estatu bakoitzeko gobernuari. Talde armatuek euren kontrolpean dituzte zenbait eremu; batez ere, herrialdearen iparraldean. Segurtasun indarrek horien aurkako neurri gogorrik ez dutela hartzen leporatu izan diete agintariei, eta pasibotasun horren trukean erreskateetatik lortutako ordainsariaren zati bat poltsikoratzen dutela.
Muhammadu Buhari presidenteak ere kritikatu izan du zenbait estatutako gobernuen jokabidea. «Ordainsari gisa gaizkileei dirua eta ibilgailuak ematea berrikusi beharko lukete. Politika hori kaltegarria izan daiteke, eta ondorio oso txarrak izan ditzake», adierazi zuen Twitterren, iragan otsailean.
Abenduan Katsina estatuan izandako 300 haurren bahiketaren egile nagusitzat jotzen direnak indultatu egin zituen Zamfara estatuko gobernadore Bello Matawallek, eta horren ostean egin zituen hitzok Buharik. Indultuaz gain, «haien bizi baldintzak hobetzeko laguntza materiala» eskaini zien Matawallek hark «gaizkile» deiturikoei, egindakoagatik damua agertu eta armak entregatu zituztela eta. Matawallek berak behiak hitzeman zizkien talde armatuetako kideei, armak ematearen truke, iazko udan
Talde horien egiteko moduetan ere sumatzen da aldaketa, ikasleen eta haurren aurkako erasoak egiteak aukera ematen baitie gobernu federalekin negoziatzeko. Duela urte gutxi arte, ohikoagoak ziren eurek kontrolatutako errepideetan bidaiatzen ari zirenen kontrako erasoak, baina halakoak gutxitu egin dira aspaldian, eta ugaritu, aldiz, instituzioen esku hartzea eskatzen duten ekintzak.
Protestak hasi dituzte Nigerian, bahiketez eta segurtasun faltaz gogaituta
Ehunka haur atzeman zituzten igandean ikastetxe batean. Bahiketak nabarmen ari dira areagotzen, trukean jasotakoarekin lortzen baitute behar duten dirua talde armatuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu