Iragarria dagoena azkenean betetzen bada, Uruguain bihar egingo diren hauteskunde orokorretan Fronte Zabalak (FA) ez du irabazteko aski boto lortuko lehen itzulian —alderdi batek botoen %50 bildu behar ditu horretarako—, baina bai, ordea, bigarrenean, halakorik balego —eta ia segurua da egongo dela—. Hala, inkestek iragarri dutenez, Yamandu Orsik lortuko du presidente izatea, baina eskuineko indarren aliantza bat izango du aurkari, Alvaro Delgado ofizialista buru dela.
Aurreikuspenak betetzen badira, FAko Yamandu Orsi eta Carolina Cossek osatutako formulak boto gehiago lortuko ditu Alvaro Delgado eta Valeria Ripollek osatutakoak baino, bai lehen itzulian eta bai bigarrenean, baina, nolanahi ere, ezkerreko hautagaien eta eskuinekoen arteko aldea apalduz joan da azken asteetan. Uruguaiko hauteskunde sistemak ez duenez modurik ematen lehen itzulian aliantzak egiteko, Koalizio Errepublikano edo multikoloreak, gaur egun Uruguaiko gobernuan dagoen taldeak —Alderdi Nazionalak (PN), Colorado alderdiak (PC), Alderdi Independenteak (PI) eta Cabildo Abiertok (CA) osatzen dute—, ezingo du hautagaitza bakarra aurkeztu lehen itzulian, baina bai bigarrenean.
Gaur egungo presidente eta Alderdi Nazionala talde kontserbadoreko kide Luis Lacalle Pouk, agintaldia bukatzear daukan honetan, onarpen indize handia lortu du —herritarren %50ena—, baina zenbait ustelkeria salaketak ilundu egin diote kargualdia. Askotarikoak izan dira salaketak: kausa bat ireki zioten ustez lider sindikal batzuk zelatatzeagatik; eskandalua piztu zen Sebastian Marset narkotrafikatzaile uruguaitarrari pasaportea entregatzeagatik; Pablo Iturralde Alderdi Nazionaleko presidenteak, berriz, uko egin behar izan zion karguari, Gustavo Penades senatari ohiarekin izandako elkarrizketa batzuk zabaldu zirelako eta Penades ikerketapean dagoelako adingabeei ustez sexu abusuak egiteagatik eta haiek sexualki esplotatzeagatik. Nolanahi ere, eta nahiz eta Lacalle Pouk irudi ona duen oraindik, Uruguaiko sistemak ez du modurik ematen presidente bat berriz jarraian aukeratua izateko, eta ez dirudi haren alde bozkatu zutenek automatikoki haren ordezkoari emango diotenik botoa, Presidentetza idazkari ohi Alvaro Delgadori hain zuzen.
«Eskuinari kosta egiten zaio defendatzea ustelkeria kasu larriz inguratuta dagoen gobernu bat»
GABRIEL DECALOSTEErrepublikako Unibertsitateko irakaslea
«Nik intentsitate txikiko kanpaina bat ikusten dut hemen, gogo gutxikoa», iritzi dio Gabriel Delacoste politologo, ikertzaile eta Errepublikako Unibertsitateko irakasleak. «Nire ustez, eskuinari kosta egiten zaio defendatzea ustelkeria kasu larriz inguratuta dagoen gobernu bat, eta horregatik gertatu da hori; hori ikusirik, ezkerrak, Fronte Zabalak, nahiago du zuhur jokatu eta olatu handirik ez eragin». Orsiren gobernu programa bi ardatzetan oinarritzen da: batetik, makroekonomia zaindu eta inbertsioa sustatu nahi du, eta bereziki erreparatu enpresa txiki eta ertainei eta langile autonomoei; bestetik, gizarte segurantzako politikak eta politika sozialak bultzatu nahi ditu
«Nik Lacalle Pouren alde bozkatu nuen, eta oso pozik nago hark egindako lanarekin, baina ez daukat asmorik Delgadori botoa emateko», esan du Coloniako turistentzako denda bateko langileak, Roxanak (58 urte). «Ez zait ondo iruditzen ezkerretik datorren eta alderdian sartu berria den norbait [Ripoll] aukeratu izana presidenteorde izateko», gehitu du. Roxanak ez ditu sinesten ustelkeria salaketak: haren ustez, prentsak gobernuaren izena zikintzeko antolatutako operazio bat da hori dena. Nahiz eta ez duen Delgadoren alde bozkatuko lehen itzulian, aitortu du haren alde egingo lukeela bigarren itzulirik balego.
Horrez gain, inkesten arabera, boto emaileen %10 zalantzati daude, eta gehienek zentrokotzat jotzen dute beren burua; beraz, zentroko botoak lortzeko borroka hortxe dago oraindik. Haietako bat da Veronica (47 urte), feria bateko artisautza postu bateko langilea; oraindik ez daki noren alde egingo duen, eta apolitikotzat dauka bere burua: «Ez nau batek ere konbentzitzen; denek egiten dituzte promesak, baina inork ere ez ditu betetzen». Ceciliak (46 urte) feria berean egiten du lan, eta argi azaldu du FAko hautagaiari emango diola botoa, beste batzuetan bezala: «Iruditzen zait Uruguain ez dagoela aukera gardenagorik, eta espero dut dena hobeto joango dela hari esker; izan ere, nahiko ondo geunden lehen, baina azken bost urteetan atzera egin dugu oso».
Ultrek, ezin
Eskualdeko gainerako herrialdeetan ez bezala, ultraeskuina boterera iristea ezinezkoa da Uruguain. «Argentinan [Milei], Brasilen [Bolsonaro] eta AEBetan [Trump] gertatu denaz bestera, hemen zentro-eskuina da nagusi eskuinaren esparruan», esan du Delacostek. Ultraeskuinak ez du lortu toki hori irabaztea. Hortik gertuen dagoen alderdia Cabildo Abierto da: aurreko hauteskundeetan emaitza oso onak lortu zituen, baina orain beherakada izan du. Gero, Mileiren miresle batzuk alderdi libertario bat sortzen saiatu ziren, baina horrek ere porrot egin zuen».
Delacosteren ustez, zenbait faktore hartu behar dira kontuan ulertzeko zergatik ultraeskuina ez den zabaldu Uruguain baina bai eskualdean eta mundu osoan. Hau da horietako bat: «Uruguain, eskuineko alderdia ez da aurkari samurra: Alderdi Nazionalak 19 alkatetzetatik 15 ditu, botere handia du, nagusi da barnealdean, eta lur jabeen klasearen alderdia da. Alegia, kataklismo bat behar da Alderdi Nazionala galtzaile atera dadin eskuinean nagusitzeko norgehiagoka batean».