SERBIA - KOSOVO

Pristinak atea ireki dio Kosovo iparraldean udal bozak berriz egiteari

Lehen ministroak zehaztu du herrialdeko indarren aurkako indarkeria amaitzean eta Bruselako akordioa errespetatzean soilik egingo dituztela hauteskundeak. EBk Belgradi eskatu dio alde batera utz ditzala boikoterako deiak.

Kosovoko serbiar ugari protestan, gaur, Zvecan herriko udaletxeko eraikinaren aurrean. GEORGI LICOVSKI / EF
Mikel O. Iribar.
2023ko ekainaren 2a
13:31
Entzun

Kosovoko albaniar alkate batzuen zilegitasunari buruzko desadostasunak areagotutako tentsioari amaiera emateko asmoz, EB Europako Batasunak Pristinari eskatu dio berriz egin ditzala udal hauteskundeak Kosovo iparraldean. Aleksandar Vucic Serbiako presidenteak eta Vjosa Osmani Kosovokoak bilkura izan zuten atzo Bulboacan (Moldavian), talde komunitarioko diplomaziaburu Josep Borrellen, Frantziako presidente Emmanuel Macronen eta Alemaniako kantziler Olaf Scholzen begiradapean. EBko iturrien arabera, Osmanik baieztatu zuen Pristina prest dagoela bozetara deitzeko, betiere legezko prozesu baten ondorio badira; Serbiaren parte hartzea ere eskatu zuen. Halere, Albin Kurti Kosovoko lehen ministroak zehaztu zuen Belgradek Kosovoko indarren aurka «babestutako» indarkeria amaitzean eta Bruselako akordioa errespetatzean soilik egingo dituztela hauteskundeak. Egoera nola garatuko den ikusteko dago oraindik.

EBko agintariek atzo Pristinari egindako proposamena izan zen Kosovo iparraldeko lau udalerritako alkateek «dimisioa ematea» eta hauteskundeetara deitzea. Proposatu zuten beste aukera izan zen herritarrek sinaduren %20 biltzea bozak berriz egiteko eskatzeko; horrek kargua uztera behartuko lituzke alkateak. Belgradi dagokionez, berriz, klub komunitarioak eskatu zion alde batera utz ditzala Kosovoko serbiarren boikoterako deiak.

Vucicek, berriz, hitzeman zuen hauteskundeak bultzatuko dituela; Osmanik, berriz, adierazi zuen konponbidea «oso gertu» dagoela, baina Serbiak Kosovorekin batera martxoan sinatutako akordio bati jarraikiz hartutako konpromisoa bete behar duela, bi aldeen arteko harremanak normaltzeko. Pristinak eta Belgradek datorren astean plazaratuko dituzte EBren proposamenari emandako erantzunak.

Vucicen eta Osmaniren arteko atzoko bilera tentsio handikoa izan zen; salaketa ugari egin zizkioten elkarri. Kosovoko presidenteak gogor hitz egin zuen Serbiaren aurka, Kosovo «desegonkortzen» saiatzea eta manifestazioetan indarkeria «babestea» egotzita. «Guztiok ulertzen dugu benetako mehatxua. Serbia Kosovon estatu subirano baten existentzia ukatzetik dator», esan zuen. Serbiako presidenteak, berriz, Kosovo iparraldeko alkate albaniarrak erretiratzea eskatu zuen, eta Kosovoko Poliziaren presentziaren aurka egin zuen, gatazka «elikatu» zuelako.

«Vucic presidenteak Kosovoko talde kriminalak babesteari utzi behar dio. Hala egin behar du bakea nahi badu», argudiatu zuen Osmanik. Serbiako presidenteak ziurtatu zuen berak ez duela zerikusirik manifestazioekin, eta tentsioa murrizteko mobilizatzen ari dela adierazi zuen: «Serbiak ahalegin guztiak egingo ditu tentsioa baretzeko, eta horrek esan nahi du serbiarrak konbentzitzen saiatuko garela, bakean aurrera egin dezaten».

EB eta AEB Ameriketako Estatu Batuak kezkatuta azaldu dira Kosovo iparraldean bizi duten azken urteetako krisirik handienaren harira. Kosovoko albaniar alkate horiek joan den apirilean egindako bozetan hautatu zituzten, serbiarrak gehiengoa diren eskualdean —50.000 inguru dira guztira—. Boz horietan, ordea, %3,4ko parte hartzea baino ez zen izan, serbiarren boikotarengatik; Pristinak, baina, balekotzat jo zituen —EBk ez ditu legezkotzat jo—. Horregatik heldu da talde komunitarioaren eskaera.

Protestak, bosgarren egunez jarraian

Joan den asteburuaz geroztik, serbiarrak protestak egiten ari dira, batez ere Leposaviq, Zubin-Potok eta Zvecan herrietan. Herri horietako alkateak eta iparraldeko Polizia berezia erretiratzeko eskatzeaz gain, salatzen dute «diskriminazioa» pairatzen ari direla Kosovoko Gobernuaren partetik.

Manifestarien eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea buru duen KFOR Kosovo Indarreko militarren arteko liskarrik gogorrenak astelehenean izan ziren; KFOR-eko 30 soldadu eta 52 serbiar zauritu ziren. Ordutik, liskar gogorrik eduki ez duten arren, tentsioa da nagusi kalean. Egoera kontrolpean mantentze aldera, NATOk beste 700 soldadu bidaliko ditu Kosovora. Serbiako eta Kosovoko egunkarien arabera, gaur goizean goizetik Kosovoko serbiar ugari joan dira erakunde publikoetara, bosgarren egunez jarraian, KFOReko indarren zaintzapean. Gauean ez da istilurik izan.

Liskarrekin lotuta, Vucicek Kurtiri aste hasieran leporatu zion Kosovoko serbiarren eta NATOren artean «gatazka eragitea»: «Metohian [Kosovo hego-mendebaldeko eskualdean] odola isurtzea eragin nahi du», adierazi zuen. Serbiako presidenteari erantzunez, Kosovoko lehen ministroak «babes osoa» agertu zien serbiarrak gehiengoa diren eremuetan hautatuak izan ziren alkate albaniarrei, eta esan zuen horiek direla udaletxeetan egoteko zilegitasuna duten bakarrak. Kurtik «talde kriminalei» eta «muturreko taldeei» egotzi die liskarren ardura, eta Belgradi egotzi dio talde horiek laguntzea.

Ikusi gehiago: Vucicek Pristinari egotzi dio Kosovoko serbiarren eta NATOren artean «gatazka eragitea»

Serbiaren eta Kosovoren arteko harremanak ez dira batere onak, Kosovok 2008ko otsailaren 17an alde bakarrez independentzia aldarrikatu zuenetik; Serbiatik bereizi zen, baina Belgradek ez du aitortzen erabaki hori. Bi milioi biztanle inguru ditu Kosovok, eta herritarren %90 albaniarrak dira; %8, serbiarrak; eta %3, bosniakak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.