Bozketaren biharamunean, Frantziako ezkerrean ez da ezer aldatu. Primario popularrak urtebete pasatxoko ibilbidea amaitu du, eta bilana ez da erabat baikorra: «inbestidura bozketako» parte hartzea handia izan da (%84koa), eta ekinbideak lortu du garaileak batasuna lortzen saiatzeko konpromisoa hartzea. Baina, horretaz haratago, antolatzaileen asmoak huts egin du, gainontzeko presidentegai garrantzitsuek ezezkoa eman baitiote hautagaitza bateratu batean elkartzeari.
Christiane Taubira Justizia ministro ohiak primario popularrean irabaztea jarri zuen baldintzatzat presidentetzarako bozetako lehian jarraitzeko, eta atzoko garaipen argiak —kalifikaziorik hoberena lortu zuen, «ongi +»— bide eman dio hori egiteko. Hau da: ezkerrean beste hautagaitza bat egongo da datozen hilabeteetan.
Emaitzak jakin eta berehala, Taubirak batasunerako deia egin zuen: «Batutako ezker bat nahi dugu, zutik dagoen ezker bat. Bide zoragarri bat dugu aurrean, harro nago, eta ez dugu amore emateko eskubiderik». Eta gaur France Inter irratian horretaz galdetu diotenean, primario popularrak babestuko duen presidentegaiak adierazi du harena dela «zilegitasunik handiena» duen hautagaitza.
Ekinbideko antolatzaileek eskatu bezala, Justizia ministro ohiak gainontzeko hautagaiak deitzeko konpromisoa hartu du, nahiz eta badakien zein izango den horien erantzuna: Jean-Luc Melenchon intsumisoak, Yannick Jadot ekologistak, Anne Hidalgo sozialistak eta Fabien Roussel komunistak adierazia dute ezetz esango diotela.
TF1 katean, Jadotek hau adierazi zuen atzo batasun posible horretaz: «Christiane Taubirarentzako primario popular bat zen. Irabazi egin du. Beste hautagaitza bat da, primario popularrak nahi zuenaren kontrakoa. Espero dut orain kanpaina egin ahalko dugula». Melenchonek ere antzeko mezua helarazi zuen France 5 katean egin zioten elkarrizketan, uste baitu Justizia ministro ohiak «harentzat prestatu zuten zapata jantzi» duela.
Hautagai ekologista eta presidentegai intsumisoa Taubiraren atzetik geratu dira primario popularreko bozketan; hurrenez hurren, «nahiko ongi +» eta «nahiko ongi -» kalifikazioak lortu dituzte. Hidalgok, berriz, espero baino emaitza okerragoa lortu du, Jadot, Melenchon eta Paul Larrouturou eurodiputatu ez hain ezaguna baino beherago geratu baita sailkapenean.
Inkesten arabera, Alderdi Sozialistaren presidentegaiak babes gutxi lortuko luke bozak gaur eginez gero (%3-5), eta atzoko bozketan «hala-holakoa +» kalifikazioa lortu izanak beste kolpe gogor bat eman dio haren kanpainari. Horretaz, Hidalgok atzo esan zuen «amaieraraino jarraituko» duela, baina, joera ez badu aldatzen, ugaritu egingo dira haren hautagaitza erretiratzea eskatuko dioten ahotsak; kasu horretan, ziurrenik Taubiraren edo Jadoten alde bozkatzera deituko luke.
Edonola ere, primario popularreko bi bozeramaileek, Samuel Grzybowskik eta Mathilde Imerrek, adierazi dute ezkerraren batasuna lortzeko mobilizatzen jarraituko dutela, betiere Taubiraren hautagaitza oinarri badu: «Gure helburua elkartzen jarraitzea da».
Hautagaitza guztiak kontuan hartuta, boto emaileek ezkerreko hamar bat presidentegairen artean aukeratu ahalko dute apirilaren 10ean egingo duten presidentetzarako bozen lehen itzulian.