Presidentetzarako bozak Frantzian

Primario popularrak huts egin du: ezkerrak zatituta jarraituko du

Taubirak irabazi du «inbestidura bozketa», eta jasoa du beste hautagaiek batasunari emaniko ezezkoa

Christiane Taubira Frantziako Justizia ministro ohiaren aldeko ekintzaile bat panfletoak banatzen, duela bi aste. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
ander perez zala
2022ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Bozketaren biharamunean, Frantziako ezkerrean ez da ezer aldatu. Primario popularrak urtebete pasatxoko ibilbidea amaitu du, eta bilana ez da erabat baikorra: «inbestidura bozketako» parte hartzea handia izan da (%84), eta ekinbideak lortu du garaileak batasuna lortzen saiatzeko konpromisoa hartzea. Baina, horretaz haratago, antolatzaileen asmoak huts egin du, gainontzeko presidentegai garrantzitsuek ezezkoa eman baitiote hautagaitza bateratu batean elkartzeari.

Christiane Taubira Justizia ministro ohiak primario popularrean irabaztea jarri zuen baldintzatzat presidentetzarako bozetako lehian jarraitzeko, eta herenegungo garaipenak —kalifikaziorik hoberena lortu zuen, «ongi +»— bide eman dio hori egiteko. Hau da: ezkerrean beste hautagaitza bat egongo da datozen hilabeteetan.

Emaitzak jakin eta berehala, Taubirak batasunerako deia egin zuen: «Batutako ezker bat nahi dugu, zutik dagoen ezker bat. Bide zoragarri bat dugu aurrean, harro nago, eta ez dugu amore emateko eskubiderik». Eta atzo goizean France Inter irratian horretaz galdetu ziotenean, primario popularrak babestuko duen presidentegaiak adierazi zuen harena dela «zilegitasunik handiena» duen hautagaitza.

Ekinbideko antolatzaileek eskatu bezala, Justizia ministro ohiak gainontzeko hautagaiak deitzeko konpromisoa hartu du, nahiz eta badakien zein izango den horien erantzuna: Jean-Luc Melenchon intsumisoak, Yannick Jadot ekologistak, Anne Hidalgo sozialistak eta Fabien Roussel komunistak adierazia dute ezetz esango diotela.

TF1 katean, Jadotek hau adierazi zuen herenegun batasun posible horretaz: «Christiane Taubirarentzako primario popular bat zen. Irabazi egin du. Beste hautagaitza bat da, primario popularrak nahi zuenaren kontrakoa. Espero dut orain kanpaina egin ahalko dugula». Melenchonek ere antzeko mezua helarazi zuen France 5 katean egin zioten elkarrizketan, uste baitu Justizia ministro ohiak «harentzat prestatu zuten zapata jantzi» duela.

Hautagai ekologista eta presidentegai intsumisoa Taubiraren atzetik geratu dira primario popularreko bozketan; hurrenez hurren, «nahiko ongi +» eta «nahiko ongi -» kalifikazioak lortu dituzte. Hidalgok, berriz, espero baino emaitza okerragoa lortu du, Jadot, Melenchon eta Paul Larrouturou eurodiputatu ez hain ezaguna baino beherago geratu baita sailkapenean.

Inkesten arabera, Alderdi Sozialistaren presidentegaiak %3ko babesa lortuko luke bozak gaur eginez gero, eta herenegungo bozketan «hala-holakoa +» kalifikazioa lortu izanak beste kolpe gogor bat eman dio haren kanpainari. Horretaz, Hidalgok herenegun esan zuen «amaieraraino jarraituko» duela, baina, joera ez badu aldatzen, ugaritu egingo dira haren hautagaitza erretiratzea eskatuko dioten ahotsak; kasu horretan, ziurrenik Taubiraren edo Jadoten alde bozkatzera deituko luke.

Edonola ere, primario popularreko bi bozeramaileek, Samuel Grzybowskik eta Mathilde Imerrek, atzo adierazi zuten ezkerraren batasuna lortzeko mobilizatzen jarraituko dutela, betiere Taubiraren hautagaitza oinarri badu: «Gure helburua elkartzen jarraitzea da».

Hautagaitza guztiak kontuan hartuta, boto emaileek ezkerreko hamar bat presidentegairen artean aukeratu ahalko dute apirilaren 10ean egingo duten presidentetzarako bozen lehen itzulian.

500 sinaduraren auzia

Ezkerrean hainbeste hautagai izateak berriz mahaigaineratu du sinaduren auzia. Hautagai batek, presidentetzarako hauteskundeetara aurkezteko, gutxienez 500 hautetsiren sinadurak edo babesak aurkeztu behar ditu —auzapezenak, eurodiputatuenak eta eskualdeko kontseilarienak, esaterako—; aurten, horretarako azken eguna martxoaren 4a izango dute.

Herriko eta eskualdeetako bozen emaitzak ikusirik, Hidalgok ez du arazorik izango hautetsien babesak biltzeko. Aldiz, Jadotek eta Melenchonek zailtasun handiagoak izango dituzte, nahiz eta biek adierazi duten 500eko kopurura iristear daudela; gauza bera esan du Rousselek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.