Errusiako Gobernua ikertzen ari da asteazkenean Wagner paramilitar taldeko buruzagi Jevgeni Prigozhin eta beste bederatzi kide hil ziren ustezko hegazkin istripuaren inguruabarrak. Moskutik San Petersburgora zihoan 62 urteko enpresariaren hegazkin pribatua, harik eta lurra jo zuen arte, Tver eskualdean, Mosku iparraldean. Errusiako presidente Vladimir Putinek Prigozhin goretsi zuen, ezbeharra gertatu eta biharamunean, baina Wagnerren aldekoek Errusiako Defentsa Ministerioari leporatu zioten hegazkina eraitsi izana. Mendebaldeko zenbait estatuburuk ere ez dute baztertu Kremlin egotea horren guztiaren atzean. Bada, Errusiako Gobernuak ukatu egin du Prigozhinen heriotzan parte hartu zuela, eta «espekulaziotzat» jo ditu Mendebaldeak eginiko adierazpenak. «Gezur hutsa da», esan zuen atzo Kremlineko eledun Dmitri Peskovek.
Wagnerren aldeko Telegram kontuek salatu zuten Moskuren aireko defentsa sistemek jaurtitako misil baten ondorioz eraitsi zutela talde paramilitarreko zuzendaritzako kideak zeramatzan hegazkina. AEBetako zerbitzu sekretuentzat, ordea, «ez dirudi» horrela izan zenik. Gertatutakoari buruz egindako lehen azterketa baten arabera, «nahita eragindako leherketa batek» eragin zuen ustez Prigozhin hil zen hegazkin istripua.
Ildo horretan, The Wall Street Journal egunkariak Etxe Zuriko iturriak aipatuta atzo kaleratutako informazioaren arabera, «ziur asko», Wagnerreko buruzagia «atentatuaren helburua» izan zen, eta erantsi zuen leherketa hori bat datorrela «Putinen ibilbide luzearekin, hau da, haren kritikoak isilarazten saiatzearekin».
Errusiako armada Wagnerrekoekin aritu da Ukrainako gerra fronteko zenbait eremutan, baina Prigozhinek jopuntuan zuen Defentsa ministro Sergei Xoigu, gudu zelaian izandako gorabeherak tarteko. Harik eta Wagnerrek ekainaren 23 gauean Defentsa Ministerioaren aurkako altxamendu saiakera egin zuen arte. Moskurako martxak, ordea, ez zuen egun bat ere iraun, Kremlinekoekin ados jarri zelako Prigozhin, Bielorrusiako presidente Aleksandr Lukaxenko bitartekari zela.
Matxinada bertan behera geratu ostean, Errusiako presidenteak hiru aukera proposatu zizkien talde paramilitarreko kideei: Errusiako armadan integratzea, Bielorrusiara erbesteratzea edo «familia eta lagunengana» itzultzea. 4.000 kide inguruk auzoko herrialdean deserriratzeko erabakia hartu zuten, baina, Ukrainak atzo ziurtatu zuenez, Wagnerrekoak azken asteotan Bielorrusiatik erretiratzen ari ziren «pixkanaka»; Prigozhinen heriotzaren biharamunean, ostera, «are gehiago».
Krimea jomugan
Kievek azken boladako erasoaldirik handienetako bat egin zuen atzo Krimean, Errusiak 2014an anexionatutako penintsulan. Gutxienez 42 drone jaurti zituen, eta Moskuk «guztiak» erorarazi zituen, Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera. Ukrainak behin baino gehiagotan berretsi du Krimea berreskuratzeko asmoa duela, eta, bide horretan, Volodimir Zelenski presidenteak duela gutxi ziurtatu zuen helburua dela penintsula «okupatzailerik gabe» egotea.
Gerra Ukrainan
Prigozhinen heriotzan parte hartu izana ukatu du Errusiako Gobernuak
Kremlinek gezurtatu egin ditu Wagnerren aldekoek eta Mendebaldeak Moskuren aurka eginiko adierazpenak. Ukrainako indarrek 42 drone jaurti dituzte Krimea penintsulara, Errusiak esan duenez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu