GERRA UKRAINAN

Prigozhin Errusiara itzuli dela esan du Lukaxenkok

Kremlinek esan du ez direla ikertzen ari Wagnerreko burua non dabilen. Errusiaren bonbardaketa baten ondorioz, sei zibil hil eta berrogei zauritu dira Lviven, Ukraina mendebaldean.

Ibilgailu batzu txikituta, gaur, Lviven. EFE
Igor Susaeta.
2023ko uztailaren 6a
12:24
Entzun

Jevgeni Prigozhin Wagner talde paramilitarreko burua jada ez dago Bielorrusian. Hala jakinarazi du gaur hango presidente Aleksandr Lukaxenkok. Belta berri agentziak jaso duenez, kazetariei esan die Errusiara itzuli dela, San Petersburgora, hain zuzen. Han du egoitza nagusia mertzenarioen taldeak. «Beharbada Moskura edo beste toki batera joan da, baina ez dago Bielorrusian», gaineratu du. Horri buruz galdetu dio Dmitri Peskov Kremlineko buruzagiari egunero egiten duen agerraldian, eta erantzun du ez direla ikertzen ari Prigozhin non dabilen.

Ikusi gehiago: Prigozhinen profila

Wagner taldea matxinatu egin zen ekainaren 24an, eta Bielorrusiak bitartekari lanak egin zituen haien eta Kremlinen artean. Lukaxenkok iragarri zuen ekainaren 27an Prigozhin Bielorrusiara iritsi zela. Orduz geroztik, audio bakanen baten bidez baino ez du bere burua plazaratu paramilitarren buruzagiak, eta Errusiako Defentsa ministro Sergei Xoiguri egindako kritikak apaldu ditu.

Ikusi gehiago: Lukaxenkorekin negoziatu ostean, Moskurako martxa gelditu du Prigozhinek

Lukaxenkok nabarmendu du, gainera, Wagnerreko kideen birkokapenaren auzia konpondu gabe dagoela oraindik. Hala jaso du Errusiako TASS berri agentziak. Bielorrusiako presidenteak adierazi du Ukraina ekialdeko kanpaleku batzuetan daudela oraindik ere, Errusiak okupatutako eremu batean. Aintzat hartu behar da ekainaren 24ko altxamenduaren ondoren Vladimir Putin Errusiako presidenteak hiru aukera planteatu zizkiela Wagnerrekoei, matxinadagatik ez auzipetzearen truke: Errusiako armadan integratzea; Bielorrusiara erbesteratzea; edo «familia eta lagunengana» itzultzea. Horren guztiaren harira, BBC Erresuma Batuko irrati eta telebista publikoak erreportaje bat kaleratu zuen lehengo astean, zeinaren arabera Wagner kideak errekrutatzen ari da oraindik ere.

Ikusi gehiago: Wagnerrek kideak errekrutatzen jarraitzen du

Gerrari berari dagokionez, Errusiako armadak goizaldean misilekin egindako bonbardaketa batek sei zibil hil eta berrogei baino gehiago zauritu ditu Lviv hirian, Ukraina mendebaldean. Misiletako batek etxebizitza bloke bat jo du, eta horren ondorioz izan dira hildakoak. Kieveko buruzagitza militarrak ohar batean jaso duenez, Moskuk hamar misil jaurti ditu Itsaso Beltzetik, eta horiek iparralderanzko norabidea hartu dute. «Bat-batean», baina, norabidez aldatu dute, eta mendebalderantz, Lviverantz, jo. Hamar misiletatik zazpi erorarazi ditu Ukrainak. Errusiako Defentsa Ministerioak azaldu du, ohar batean, erasoak Ukrainako armadaren baseak eta «atzerrian ekoiztutako ekipamendu militarra» zituela helburu.

Lviveko alkate Andrii Sadoviik agerraldi batean azpimarratu duenez, iazko otsailean Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik hiriak pairatutako erasorik «txikitzaileena» izan da gaurkoa. 35 eraikini egin die kalte; tartean, zenbait hezkuntza instituzioren egoitzei.

Bestalde, Donetskeko Fiskaltzak gaur jakinarazi duenez, Errusiako indarrek artilleriarekin egindako eraso batean pertsona bat hil eta beste lau lagun zauritu dira Torets hirian. Zaurituak ospitalera eraman behar izan dituztela erantsi du fiskaltzak, Facebooken.

Lviveko erasoa gertatu eta gutxira, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak esan du Kieven erantzuna «irmoa» izango dela. Hori bai, AEBetako CNN telebista katean eman duen elkarrizketa batean onartu du duela hilabete inguru hasitako kontraerasoa «mantsotu» behar izan dutela, Errusiaren defentsarengatik. Mendebaldeko aliatuei leporatu die, gainera, armak «askoz ere lehenago» entregatu ez izana. Ukrainako estatuburua behin eta berriz ari da eskatzen arma gehiago; bai erasorako, baita defentsarako ere. Iruditzen zaio, esaterako, aliatuek emandako aireko defentsa sistemekin Kiev babestu dezatela, baina ez, ordea, herrialdea osorik. Eta, horren harira, Ukrainako buruzagitza militarrak F-16 gerra hegazkinak eskatu ditu Lviveko erasoaren berri emateko kaleratutako oharrean.

Zaporizhiako zentrala

IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak «beste sarbide bat» eskatu du, bere teknikariek eduki dezaten Zelenskik salatutakoa egiaztatzeko modua. Izan ere, asteartean esan zuen Errusiak «leherkarien antzeko objektuak» jarri dituela Zaporizhiako zentral nuklearreko teilatuetan. Kremlineko gezurtatu egin du. Moskuk du instalazioaren kontrola inbasioaren hasieratik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.