Prigozhin Errusiara bueltatu da, Lukaxenkok jakinarazi duenez

Kremlinen esanetan, ez dira ikertzen ari Wagnerreko burua non dagoen. Errusiaren bonbardaketa baten ondorioz, sei zibil hil dira Lviven

Ibilgailu batzuk txikituta, atzo, Lviven, Errusiaren erasoarengatik. MIKOLA TIS / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Jevgeni Prigozhin Wagner talde paramilitarreko burua jada ez dago Bielorrusian. Hala jakinarazi zuen atzo hango presidente Aleksandr Lukaxenkok. Belta berri agentziak jaso zuenez, kazetariei esan zien Errusiara itzuli dela, San Petersburgora, hain zuzen. Han du egoitza nagusia mertzenarioen taldeak. «Beharbada Moskura edo beste toki batera joan da, baina ez dago Bielorrusian», gaineratu zuen. Horri buruz galdetu zioten Dmitri Peskov Kremlineko buruzagiari egunero egiten duen agerraldian, eta erantzun zuen ez direla ikertzen ari Prigozhin non dabilen.

Wagner taldea matxinatu egin zen ekainaren 24an, eta Bielorrusiak bitartekari lanak egin zituen haien eta Kremlinen artean. Lukaxenkok iragarri zuen ekainaren 27an Prigozhin Bielorrusiara iritsi zela. Orduz geroztik, audio bakanen baten bidez baino ez du bere burua plazaratu paramilitarren buruzagiak, eta Errusiako Defentsa ministro Sergei Xoiguri egindako kritikak apaldu ditu.

Lukaxenkok atzo nabarmendu zuen, gainera, Wagnerreko kideen birkokapenaren auzia konpondu gabe dagoela oraindik.Bielorrusiako presidenteak adierazi zuen Ukraina ekialdeko kanpaleku batzuetan daudela oraindik ere, Errusiak okupatutako eremu batean. Aintzat hartu behar da ekainaren 24ko altxamenduaren ondoren Vladimir Putin Errusiako presidenteak hiru aukera planteatu zizkiela Wagnerrekoei, matxinadagatik ez auzipetzearen truke: Errusiako armadan integratzea; Bielorrusiara erbesteratzea; edo «familia eta lagunengana» itzultzea. Horren guztiaren harira, BBC Erresuma Batuko irrati eta telebista publikoak erreportaje bat kaleratu zuen lehengo astean, zeinaren arabera Wagner mertzenarioak errekrutatzen ari den oraindik ere.

Gerrari berari dagokionez, Errusiako armadak atzo goizaldean misilekin egindako bonbardaketa batek sei zibil hil zituen eta berrogei baino gehiago zauritu Lviv hirian, Ukraina mendebaldean. Misiletako batek etxebizitza bloke bat jo zuen, eta horren ondorioz izan ziren hildakoak. Kieveko buruzagitza militarrak ohar batean jaso zuenez, Moskuk hamar misil jaurti zituen Itsaso Beltzetik, eta horiek iparralderanzko norabidea hartu zuten. «Bat-batean», baina, norabidez aldatu zuten, eta mendebalderantz, Lviverantz, jo. Hamar misiletatik zazpi erorarazi zituen Kievek. Errusiako Defentsa Ministerioak azaldu zuen, ohar batean, erasoak Ukrainako armadaren baseak eta «atzerrian ekoitzitako ekipamendu militarra» zituela helburu.

Lviveko alkate Andrii Sadoviik agerraldi batean azpimarratu zuenez, iazko otsailean Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik hiriak pairatutako erasorik «txikitzaileena» izan zen atzokoa. 35 eraikini egin zien kalte; besteak beste, zenbait hezkuntza instituzioren egoitzei.

Erasoa gertatu eta gutxira, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak esan zuen Kieven erantzuna «irmoa» izango dela. Hori bai, AEBetako CNN telebista katean atzo eman zuen elkarrizketa batean onartu zuen duela hilabete inguru hasitako kontraerasoa «mantsotu» behar izan dutela.Ukrainako estatuburua behin eta berriz ari da eskatzen arma gehiago; bai erasorako, baita defentsarako ere. Iruditzen zaio, esaterako, Mendebaldeko aliatuek emandako aireko defentsa sistemekin Kiev babestu dezatela, baina ez, ordea, herrialdea osorik. Eta, horren harira, Ukrainako buruzagitza militarrak F-16 gerra hegazkinak eskatu zituen Lviveko erasoaren berri emateko kaleratutako oharrean.

Zaporizhiara sartzeaz

IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak «beste sarbide bat» eskatu zuen atzo, bere teknikariek eduki dezaten Zelenskik salatutakoa egiaztatzeko modua. Izan ere, asteartean esan zuen Errusiak «leherkarien antzeko objektuak» jarri dituela Zaporizhiako zentral nuklearreko teilatuetan. Kremlineko gezurtatu egin du. Moskuk du instalazioaren kontrola inbasioaren hasieratik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.