Prestige-k jariatutako galipot masa likatsua, aurrera egin ahala, parean harrapatutako guztiarekin nahastu zen: itsas hegaztiekin, hondarrarekin, arrokekin, urarekin, plastikoekin, garbiketa materialarekin. Mundruna kostaldetik erretiratzen lagundu zuten ehunka mila eskuek atsedenik gabe eraman zituzten hondakin haiek itsasotik urrun. Bolumena ikaragarri handia izan zen: zenbait administraziok emandako datuen arabera, 183.000 tona guztira, Espainiaren, Portugalen eta Frantziaren mendeko lurraldeetan zehar sakabanatuak; hots, petroliontziak jariatu zituen 60.000 tona haiek halako hiru ia.
Ikusi gehiago:Argazki bilduma: "Prestige"-ren hondamendiak, 20 urte
Kantitate haren parte handi bat, 80.000 tona inguru, Cerceda, Laracha eta Somozas herrietako putzu batzuetan utzi zituzten azkenean. Hala plazaratu zuten 2007an Arao fundazioak eta Menendez Pelayo Nazioarteko Unibertsitateak mintegi batean. Sogarisa enpresako arduradunek emanak dira datuak, hau da, hondakinak prozesatzeko ardura izan zuen konpainiako arduradunek. Zenbait enpresaren instalazioetan egin zituzten putzu haiek: Limeisarenetan —enpresa hark Cerceda udalerriko Meiramako zentral termikorako lignitoaren erauzketa kudeatzen zuen—, PMArenetan —Larachako konpainia bat, Epifanio Campo 2016an hildako enpresari boteretsuaren industria konglomeratuaren parte dena— eta Danigalenetan, besteak beste —Areosako industrialdean dago, Cercedan—.
Cercedan eta Larachan behin-behinean gorde ondoren, zuzenean Danigalen tratatu zituzten 20.000 tona. Beste 60.000, berriz, Somozasera eraman zituzten, tratatzeko edo beste zeregin batzuetarako berrerabiltzeko; izan ere, han dago Galiziako Hondakin Industrialak Desegiteko eta Tratatzeko Zentroa, zeina Galiziako Xuntarena baita.
Zegozkien analisiak egin ondoren eta hondakinak atalka bereizi ondoren, eraldatu egin zuten galipotez eta kostaldetik erretiratutako materialez osatutako nahastura haren parterik handiena, eta eraikuntzarako harea, legar eta harri bihurtu, baita zementu fabriketarako eta zeramika zentraletarako erregai ere. Beste material batzuk, berriz, hala nola ura eta zenbait arroka, lokatz eta plastiko, beste ezertarako erabili ezin, eta desegin egin zituzten, edo deposituetan gorde. Nolanahi ere, prozesua bukatu gabe geratu zen.
10.000 tona, tratatu gabe
2009an, dirurik ez zegoela eta, geldiarazi egin zen material hura guztia leheneratzeko prozesua. 2012an, marea beltzetik hamar urtera, Adega elkarte ekologistak salatu zuen artean tratatu gabe zeudela 10.000 tona, eta «modu ilegalean» gordeta zeudela, gainera,
Hondakin Industrialak Desegiteko eta Tratatzeko Zentroaren instalazio publikoetan; izan ere, hondakinen eta lur kutsatuen gaineko legeek diote halako materialak sei hilabeteko epean tratatu behar direla beranduenik.
2020an, Adegak berriz ere ohartarazi zuen 10.000 tona haiek Somozasen zeudela oraindik, bukatu gabe zegoela horiek leheneratu edo desegiteko prozesua. Lan hartarako, Sogarisak, Hondakin Industrialak Desegiteko eta Tratatzeko Zentroaren kontzesionarioa bera, 22 milioi euro baino gehiago jaso zituen. Prestige-ren hondakinak tratatzen hasi zen garaian, Sogarisa partez Ferrovialena zen; gerora, Galiziako enpresa talde batzuen esku geratu zen, Contecoren eta Camporen esku.
Ikusi gehiago:'Prestige', hogei urteren ondoren
Erreportaje hau egiteko, gaur egun hondakin horiek zertan diren galdetu zaie hala Sogarisari nola Galiziako Xuntako Ingurumen Sailari, baina ez batak eta ez besteak ez dute erantzun.
«Gauzak ez dira ahaztu behar. Baina jendeak ahaztu egiten ditu. Bihar beste Prestige bat etorriko balitz, ongietorri egingo liokete segur aski». Camelleko bizilagun batek, Manuel Posek, gogoeta hori egin du inguru hartako taberna huts batean. Inork ez dio erantzun. Banku bateko langile izandakoa da Pose, Manfred Gnaedinger Man artista alemanaren laguna, eta bere hitzez azaldu du petroliontziaren kutsadura sufritu dutenek maiz ateratzen duten hizpidea: memoria eta ahanztura aurrez aurre.
Garai nahasi haiek gogoan, itsasoko profesional batzuen «pentsamolde primitiboaz» oroitu da: «Zenbat eta lehenago bukatu boluntarioek garbitzen, orduan eta lehenago utziko zioten kobratzeari, eta, orduan, berriko ekin beharko zioten lanari eta garbiketari». Dena den, Posek azpimarratu du halako adibideak baino gehiago direla bestelakoak, Prestige-ren hondamendiaren kontrako elkartasunaren, konpromisoaren eta borrokaren erakusgarriak.
Hain zuzen ere memoriaren inguruan dabiltza Xesus Ron eta Miguel de Lira, baita beren entsegu lokalean ongietorria egiten duen mahai baten inguruan ere. Chevere konpainiako antzerki idazlea da bata, eta talde bereko aktorea bestea. Ronek ekin dio: «Gogoan dut nola iritsi zen itsasoaren isiltasuna Obradoiroko plazara». Lirak ez dauka ahazteko marea beltza eta haren usaina aurrez aurre eduki zituen lehen aldia: «Galipotaren usaina, usain izugarri hura Ximpronera iritsi nintzenean; eta itsasoa beltz, itsasoa hoskabe». Ron eta Lira, Chevereko taldekide guztiekin batera, arrasto haren bidea urratzen saiatzen ari dira beren obrarik berrienean: N.E.V.E.R.M.O.R.E. du izenburua, eta bidaia emozional, soinuzko eta intimo bat da.
Ahanzturaren kontrako erresistentziak testuinguru bat behar du: alegia, ulertzea nolako ataka larrian jarri zuen Prestige-ren kutsadurak Costa da Morte. Xose Manuel Garcia, Miguel de Liraren anaia eta lanbidez medikua, Carnota herriko alkate zen 2002an. Gogora ekarri du zer pasatu zitzaion burutik lehenbizi egun haietan: «Ikusi genuen tragedia bat izango zela ingurumenerako, bai eta gure produkzio sistemarako ere». Sistema hark oinarri zeuzkan, izan ere, «itsaski bilketa eta baxurako arrantza; eta beste faktore batzuk ere tartean ziren, hala nola turismoa».
Alkate ohia autora igo da, eta atzetik joatera gonbidatu gaitu. Erreboilo haztegi norvegiar bateraino jarraitu diogu. Zuzeneko ehun lanpostu sortuak ditu haztegi horrek, eta badu pisua inguru honetan. Garciaren ustez, kasualitatea izan zen petrolioa ez iritsi izana arraina hazten den urtegietara.
Man artistak egindako idazki, marrazki eta piezen oroigarriak erakutsi ditu Posek; bitartean, inguruan dabilkio katu bat, Victoria Federica izenekoa. «Beti ibiltzen zait atzetik», kontatu du, katu-lagun beti hurkoaz mintzo. Manen figura, hainbeste aldiz kontatua eta are maiz hain gaizki kontatua, pasadizo baten bitartez xehatu du Posek: «Egun batean, ospitaleratu egin behar izan zuten, eta agindu argi bat eman zuen: ez zuen inor ikusi nahi».
Camelletarrak, ordea, ez zuen etsi, eta eskatu zuen bere izen-abizenak eman ziezazkiotela eriari. Orduan, erizainak, harriturik, sartzen utzi zion: «Poz-pozik jarri zen ikusi ninduenean. Hartu nuen lehen ezustea zera izan zen: jantzita zegoela», azaldu du Posek. «Kontatu zidan zer ematen zioten jaten, eta nola ordu erdi ematen zuen dutxan».
Hala eta guztiz ere, Posek ezin du ahaztu Manen azken irudia: guztiz atsekabetuta zegoen hondamendiaren norainokoa ikusita. «Lur jota zegoen; negarrez hasi zen, eta esaten akabo zela dena», kontatu du haren adiskideak. Bere arteak bizirik iraun zezan nahi zuen Camelleko artistak, baina, Poseren iritziz, Alemanaren Museoa alde batera utzita, instituzioek ez zuten ahaleginik egin Manfred Gnaedingerrek itsas herri hartan utzi zuen arrastoa merezi bezala aitortzeko.
Testamentua
«Manek, testamentuan, 120.000 euro utzi zizkion Espainiako Estatuari. Pentsatu zuen horrela zaindu egingo zutela haren ondarea». Kontrara, Posek dioenez, Espainiako Estatuak erabaki zuen ondare hori ez zitzaiola «interesatzen». Antzeko zerbait gertatu zen Camariñasko kontzejuan: «Hau Camariñasko herrian balego, arboladi bat eta guzti jarriko zuten hor erdian. Baina leku hau ez zaienez interesatzen, abandonatuta utzi zuten», ondorioztatu du Posek, Victoria Federica katua bere pausoei adi daukala.
2002. urtea. Chevere konpainiak estreinatu berri du, Santiagoko Sala Nasan, Río Bravo 02 western komikoa. Obra hartan, polizia agente batek «errai-erraietaraino sartua» zuen istorio bat kontatzen zuen, gitarra «pattartsu» baten sokek «isiltasuna handitzen zuen kantu baten notak jaurtitzen» zituen bitartean. Handik hogei urtera, eta Santiagon orain ere, Lirak isiltasun hura hautsi du: «Herriaren parte baten kontzientzia erosi zuten. Nahiko eraginkorra izan zen».
Prestige-ren hondamendiaz geroztik, arrakala sozial bat sortu zen: Nunca máis ziotenak batetik [berriro ez], eta Outro máis ziotenak bestetik [berriro ere]. Bigarren horiek ulertzen saiatu da Lira: «Itsasoan lan egiten baduzu, segur aski ez duzu izango itsasotik bizi ez garenok harekin izaten dugun harreman ebokatzaile edo poetiko hori. Aberastasun iturri bat da itsasoa, baina baita etsai natural bat ere».
Ronek, bestalde, boluntarioak aipatu ditu, galiziarrak bereziki, giza ahalmenaren erakusgarri iruditzen baitzaizkio, mundua leku ospel bihurtzen denean gizakiek deiari irmo erantzuteko duten ahalmenaren erakusgarri. N.E.V.E.R.M.O.R.E. obraren leitmotiva, berriz, Prestige hondoratu izanaren zuzeneko kausa da: «Kapitalismoa; horrelaxe, argi eta garbi, inolako dudarik gabe».
Memoria baliagarria da irudikatzeko zer egingo lukeen jendeak orain, hogei urte pasatu diren honetan, berriro gertatuko balitz petroliontzi haren katastrofearen gisako bat. Carnota inguruko kostaldean gehien kutsatu ziren beste tokietako batean, Ximprongo hondartzan, atzera ere kutsadura masibo bat izateko hipotesiaz hitz egin du Garcia alkate ohiak, baita Prestige hondoratu zenean ikasitako guztiaz ere. «Nahiko eszeptiko nago», aitortu du.
Eta eszeptizismo hori zerk eragiten dion aletu du: «Ez dira hartzen ari prebentzio neurri egokirik; ez dituzte kontrolatzen hor zehar ibiltzen diren petroliontzi mistoak; salbamendu sistemak eta prebentziozko garbiketa ere ez dituzte hobetu».
Hondamendia, ondare?
Prestige-k aztarna nabaria utzi zuen paisaian eta haren erraiez busti ziren kostaldeko lekuetan. Hori bistakoa da, adibidez, ostalaritzan. 1992an, Aegean Sea petroliontzia hondoratu zen, eta, horren ondorioz, Egeo taberna ireki zuten Orzanen, Coruñan. Hiriburu hartan bertan, Castros auzoan, O Prestige bodega zabaldu zuten, eta izen bereko lokalak daude Muxian eta Fisterran ere. Kale izendegian ere islatua dago marea zuria: Laxen eta Muxian, adibidez, boluntarioei eskainitako plaza bana dago, eta museo bat ere bai.
Zer egin, beraz, gertatu zenaren orbainekin? Hondamendi handien ondoren jazotzen den bezala, gogoeta bat pizten da hemen ere: nola erlazionatu gertatu zenarekin. Cristina Sanchez Carretero antropologo eta Ondarearen Zientziaren Institutuko ikertzaileak honela erantzun du: «Iraganeko gertakari deseroso edo disonanteak ondare bihurtuz. Halako gertakari traumatikoak ere, modu kolektiboan bizitzen direnak, memoriaren parte dira, eta gizarte gisa eratzen gaituzten markatzaile identitarioak». Eta duela hogei urteko marea beltz hark izugarrizko eragin kolektiboa izan zuen.
Normalean, denbora hartu behar izaten da zer egin pentsatzeko: gauzak beratzen utzi. Izan ere, ez da erraza halako gertaera traumatikoei heltzea. Sanchez Carreteroren hitzetan, gogoeta eginez gero, Prestige-ren auzian aukera pizten da «kontakizun sakonak sortzeko Galiziako gizartearentzat izugarri garrantzitsua izan zen gertakari horri buruz».
Etzi: Maria do Carme Garcia Negro irakaslearen elkarrizketa.
SERIEA 'Prestige'-ren hondoratzeak 20 urte (I). Lekukotzak.
'Prestige'-ren aztarnak, bizirik
Marea beltzak eraginik handiena izan zuen lekuetako bizilagunek diotenez, 'Prestige'-ren hondoratzearen arrastoak presente daude oraindik Galizian, askotariko moduetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu