Preskribatu ezin duten krimenak

Perun lege berri bat onartu dute: ezingo dira Peruko barne gatazka armatuko hilketak ikertu. Alberto Fujimori presidente izan zen garaiko gizateriaren aurkako krimenak ezingo dituzte zigortu.

Alberto Fujimori Peruko presidente ohia, epaitegian deklaratzen; artxiboko irudi bat. ERNESTO ARIAS / EFE
Alberto Fujimori Peruko presidente ohia, epaitegian deklaratzen; artxiboko irudi bat. ERNESTO ARIAS / EFE
asier gonzalez de san pedro
2024ko irailaren 12a
05:15
Entzun

Alderdi kontserbadoreak bultzatuta, lege berri bat onartu zuten Peruko Kongresuan uztailean: 2002ko uztailaren 1a baino lehenagoko gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak ezingo dira zigortu, eta preskribatu egingo dute. Horrek esan nahi du ezingo dela inor epaitu Peruko barne gatazka armatuko hilketengatik (1980-2000). Gatazka hartan, 69.000 pertsona hil zituzten, eta 21.000 desagerrarazi. Egun hori hartzen dute erreferentziatzat, Erromako Estatutua orduan sartu zelako indarrean Perun, eta, beraz, Nazioarteko Zigor Auzitegiko kide bihurtu zen. Estatutu horrek dio gerra krimenek eta gizateriaren aurkako krimenek ez dutela inoiz preskribatzen.

Legearen ondorioz, aske geratzen ari dira krimen horien egileak, lehendik kartzelan zeudenak. Peruko Giza Eskubideen Koordinazio Nazionaleko idazkari exekutibo Miguel Jugok telefonoz azaldu duenez, «legearen helburua da irekita dauden prozesu guztiak amaitzea». Perun ez zuten inor epaitu gizateriaren aurkako krimenengatik, eta haien krimenek preskribatu egin dutela diote. «Zigortutakoek, orain, askatasuna eskatzen dute, epaitu zituztenean delituak preskribatuta zeudelako, legearen arabera. Eta hori gertatu da, askatasuna eman diete», gehitu du Jugok.

Abokatuak esan du ez dutela helegiterik jarriko, eta arrazoia garbi du: «Auzitegi Konstituzionala demokraziaren aurkakoen eta kontserbadoreen menpe dago, eta, helegitea aurkeztu eta uko egiten badiote, legea konstituzional bilakatzen da, eta epaileek ezingo lukete kontrol zehaztugaberik eraman». Hala ere, present egongo diren epaiketa guztietan borrokatuko direla iragarri dute.

Peruko Fiskaltzak, aldiz, Auzitegi Konstituzionalean helegitea jarriko duela iragarri du, legea konstituzioaren kontrakoa izateagatik. Gotzain konfederazioak ere gauza bera egingo du. Hala ere, abokatuak uste du Auzitegi Konstituzionala «boterearen menpe» dagoela, eta arartekoarekin gauza bera gertatzen dela.

«Kongresuarentzat, Fujimori errugabea da. 3.000-4.000 dolarreko pentsioa eman diote, zazpi langile ditu bere zerbitzura, eta mugitzeko askatasuna eman diote»

MIGUEL JUGOPeruko Giza Eskubideen Koordinazio Nazionaleko idazkari exekutiboa

«Inkesta baten arabera, herritarren %75 Kongresuak onartu duen lege berriaren aurka azaldu dira, eta %6k bakarrik babesten dute Kongresua». Horregatik, Jugok uste du agintariak «burbuila» batean bizi direla, «dena ondo joango balitz bezala», baina dio ez dutela errealitatearekin bat egiten.

Erabakia hartu dutenek ondorioak izango dituzten ala ez galdetuta, uste du ez dutela inolako zigorrik jasoko. Hainbat eragilek Dina Boluarteren —Peruko egungo presidentea—  aurkako salaketa bat jarri zuten Nazioarteko Zigor Auzitegiko Fiskaltzan, 2022ko abenduko eta 2023ko urtarrileko eta martxoko gertakariengatik. Hala eta guztiz ere, kargua uztean, bereziki Boluartek, nazioarteko instantzien aurrean erantzun beharko duela uste du.

Giza eskubideen defendatzailearen esanetan, legea onartu dute Alberto Fujimori presidente ohia babesteko, ikertzen ari diren gizateriaren aurkako krimenen «autore intelektuala bera izan baitzen». Izan ere, «Kongresuarentzat errugabea» da, eta horren adibide da kartzelatik ateratzean Peruko Gobernuak ordaintzen dizkion zerbitzuak: «3.000-4.000 dolarreko pentsioa eman diote, zazpi langile ditu bere zerbitzura eta mugitzeko askatasuna eman diote». Hilketa, lesioak, eta bi bahiketa egotzita, 25 urteko kartzela zigorra ezarri zioten 2009an, eta Barbadilloko kartzelan edo presidenteen kartzela deiturikoan sartu zuten. Baina, hamalau urteren ondoren aske utzi zuten, osasun arazoengatik.

Esterilizazio behartuak

Fujimori presidente izan zen epea, 1990-2000, ezingo da ikertu. Fujimoriren agintaldian 300.000 emakume inguruk eta 22.000 gizonezkok esterilizazio behartuak jasan dituztela salatu dute. Emakume horietako bat izan zen Maria Elena Carbajal. Ondo gogoratzen du 1996ko irailaren 18a. Bere laugarren semeaz erditzera joan zen erietxera, eta, erditu zenean, semea kendu zioten, eta tronpak betiko lotzera behartu zuten, semea berreskuratuko bazuen. Carbajalek «behartuta eta mehatxupean» onartu behar izan zuen, eta, hala ere, ez zioten semea itzuli. Ospitaleko beste toki batean aurkitu zuen bere aitaginarrebak.

Operazio horrek hormona gutxitasun bat eragin zion, animalientzako anestesia jarri baitzioten, eta ondorio fisikoak izan ditu gaur egun arte. Beste ondorio batzuk ere izan zituen. Senarrak, ebakiondoa ikusita, ospitalean utzi zuen abandonatuta, uste baitzuen beste gizonekin erlazioak edukitzeko egin zuela. Hori kontatu du Carbajalek, posta elektronikoz.

«Hasieran neure buruari botatzen nion errua». Gerora jakin zuen Fujimoriren eta haren gobernuko ministro ohien estrategia bat izan zela. «Kitxua hitz egiten zutenen, txiroen eta analfabetoen aurkako estrategia bat izan zen», nabarmendu du.

Urte hauetan guztietan Carbajalek eta gainerakoek ez dute inolako justiziarik eduki, eta, gainera, haietako batzuek kargu publikoak dituztela salatu du. Alejandro Aguinaga —Fujimoriren gobernuko Osasun ministro ohia 1999tik 2000ra— kongresista da, eta Eduardo Yong Motta —Fujimoriren gobernuko Osasun ministro ohia 1994tik 1996ra— Loayzako ospitaleko zuzendaria da. Esterilizazioa egitera behartu zuen pertsona aske geratu zen legeari esker, nahiz eta ikerketa oso aurreratua zegoen. Aske gelditu eta egun gutxira, ikerketa bertan behera utzi zuten. Horregatik, borrokan jarraituko dutela iragarri du.

Nazioarteko erantzuna

Hego Amerikako herrialde horrek hartutako erabakiak nazioartean hautsak harrotu ditu. Izan ere, NBE Nazio Batuen Erakundeak eta IACHR Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarra legearen aurka azaldu dira.

Giza Eskubideen NBEko goi mandatari Volker Tuerkek esan du legeak herrialdeak nazioartean dituen betebehar guztiak urratzen dituela, eta gertakari «kezkagarria» iruditzen zaio: «Atzerapen handia iruditzen zait giza eskubideei dagokionez, baita Peruko zuzenbide estatuarentzat ere».

Goi mandatariaren bozeramaile Liz Throssellek ere ideia bera nabarmendu du, eta azken hilabeteetan egoerak «okerrera» egin duela dio. Legea onartu den testuingurua ere gogor kritikatu du, eta esan du epaileak eta giza eskubideen defendatzaileak «mehatxupean» sentitzen direla. «Horrelako krimenak ez zigortzeak, edonoiz egindakoak direlarik ere, arriskuan jartzen ditu egiaren, justiziaren, erreparazioaren eta berriro milaka biktima ez egotearen eskubideak», gehitu du Throssellek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.