Presioa eta lehia etengabeak diren hiri batean, Plataforma egunkari elebiduneko zuzendaria da Paulo Rego. 1994an heldu zen lehen aldiz Macaora, eta kolonia portugesa izandakoaren eta Portugal artean bizi da egun.
Zer pentsatzen dute Macaoko herritarrek Txina kontinentalarekin duten harremanaz, subiranotasuna eskualdatu eta 25 urte igaro diren honetan?
Lehenbizi, kontuan hartu behar da Macaoko hiru bizilagunetik bat Txinako kontinentaletik joandako emigrantea dela, lehenbiziko belaunaldikoa edo bigarrenekoa. Macaoko herritar sentituta ere, kontinentean dituzte sustraiak. Belaunaldiz belaunaldi Macaon jaio eta hazitakoen artean ere, txinatar etniakoak izan zein macaotar etniakoak izan, sekula ez da izan joera antinazionalistarik edo botere zentralaren kontrakorik. Hong Kongeko egoerarekin zerikusirik ez. Badago nolabaiteko harrotasuna eta poza Bigarren Sistemak emandako pribilegioak direla kausa, batik bat askatasun ekonomiko, sozial eta indibidualei dagokienez. Ikuspegi politikotik begiratuta, oro har ontzat jotzen dute botere zentralak gero eta eragin handiagoa izatea Macaoko gobernu autonomoan. Are gehiago: esango nuke gehienak sinetsita daudela hori ona dela Macaoko ekonomiarako eta garapen orokorrerako.
Kazetaria zaren aldetik duzun esperientzian oinarrituta, zure iritziz zer pentsatzen dute gazteek Macaoren etorkizunaz? Uste dute aukera berriak ekarriko dizkiela Txinarekin bat egiteak, ala beldur dira kultur nortasuna galduko ote duten?
Nire iritziz, bietatik dago, eta ezin da ukatu. Eskualde integrazioa deitzen duten hori gabe, ez dago Macaoko ekonomiaren dibertsifikazioa bultzatzerik, eta jokoaren industriaren mende segituko dute —eta hori aldatzea gai funtsezkoa da orain Macaoko politikan—. Berrogei kilometro koadrokoa eta 600.000 biztanlekoa izanik, Macaok ezin dio ez ikusiarena egin munduko ekonomia eskualde berezi handienari, hau da, Badia Handiari: bederatzi hirik eta bi eskualde administratibo berezik osatua da, 90 milioi biztanle ditu, eta Txinako BPGaren %15, hor nonbait. Macaoko gazteek, oro har, badakite hor dutela etorkizuna, gustatu zein ez. Baina egia da integrazio horrek erronka batzuk ekarriko dituela Macaoren nortasunari dagokionez, baita lehiakortasunari dagokionez ere. Halakoetan, beldurra zabaldu ohi da ez ote den iritsiko elite ekonomiko, profesional eta akademiko bateko kide saldo bat, eta ez ote duen ordezkatuko eskualdeko jendea, Goa berriro Indiarekin batu zenean gertatu bezala. Arrisku hori badago bizileku baimenak kontrolatzen ez badira. Oreka korapilatsua da, eta erabakigarria izango da hurrengo belaunaldientzat. Nolanahi ere, dirudienez, Macaoko agintariak eta botere zentrala neurri batean ados daude babestu egin behar dela Macaoren berezitasuna eta bakantasuna.
«Macaok ezin dio ez ikusiarena egin munduko ekonomia eskualde berezi handienari, hau da, Badia Handiari»
Macaoko ekonomia, hein handi batean, jokoaren industriaren mendekoa da. Horrek zer ondorio du nazioartean Macaoren irudiari eta luzera begirako garapen ekonomikoari dagokienez? Macao nahikoa dibertsifikatzen ari da ekonomia?
Funtsean, dibertsifikazio prozesuak huts egin du, nire iritziz. Eta ez naiz hori uste duen bakarra. Gobernu zentralak ere halaxe esan du, eta tokiko gobernuak argi baino argiago du hori dela lehentasun nagusia etorkizun hurbilerako. «Produkzio indar berriak» —Txina komunistaren terminologia erabiliz esanda— 1+4 dira. Hau da, turismo integratua: jokoari guztiz emana egon beharrean, turismoan eta entretenigarrien sektorean ere aritzea. Horretan oso garrantzizkoa izango da MICE merkatua [bilerak, sustagarriak, biltzarrak eta erakusketak], eta, hain zuzen, handitu eta handitu ari da. Gainera, gobernuak babesa emango die lau industriari: finantza modernoei, medikuntzako industriari, teknologia berriei eta MICE merkatuari. Botere zentralak prestatutako planen barruan sartuko ditu, eta baldintza ekonomikoak jarriko dizkie Macaoko, Txinako eta atzerriko enpresariak erakartzeko.
Ikuspegi estrategikotik begiratuta, hauxe da ereduaren oinarria: portugesez hitz egiten duten herrialdeekiko loturez baliaturik, inbertsioa eta ezagutza erakartzea Badia Handira, eta alderantziz. Hau da, inbertsiogile txinatarrei bidea zabalduko diete portugesez hitz egiten duen munduan. Teorian, behintzat, badu zentzua. Eta komunitate portugesduna, oro har, bat dator planarekin. Alde txarra da hori guztia ez dela berria: oraindik eman gabe daude honezkero emanak behar zuten pauso asko. Horregatik, ikusteko dago bideragarria den. Ez dut uste luze gabe nabarmen alda daitezkeenik barne produktu gordinaren osagaiak, baina lanpostu mota bai, hori alda daiteke, eta hiriaren irudia ere bai, argi eta garbi, haren etorkizuna ez baita ageri jokoarekin lotuta.
Nola aldatu da Macaoren estatusa herrialde bat, bi sistema ereduan? Eredu horrek bidea egingo du aurrerantzean ere?
Pekingo ziklo politikoen arabera aldatzen da Txinak Lehen Sistemaren eta Bigarrenaren arteko harremanei buruz duen ikuspegia. Ikuspegi horren mende dago harreman horien oraina eta geroa; berdin dio Macaok zer pentsatzen duen, edo munduari zer iruditzen zaion. Macaon eztabaida amaigabeak eragiten dituzten hainbat arrazoi direla kausa, Xi Jinping-ek moldatu egin du diskurtsoa: garai batean, Lehen Sistemaren nagusitasuna eta aginpidea ziren diskurtsoaren muina —nazionalismoa eta patriotismoa—; orain, berriz, Bigarren Sistema munta handikoa dela azpimarratzen dute, oso garrantzizkoa, eta eredu gisa erakusten diote Taiwani eta munduari, beren merituaren argigarri.
Orain ikusita, esango nuke Bigarren Sistemak urrezko hamarraldi bat izango duela, eta ia-ia beteko duela hasierako helburua, Deng Xiaoping-ek diseinatu zuenekoa: Taiwani erakustea nola batu berriz Txinarekin, modu baketsuan; munduari frogatzea Txinak badakiela bide paregabeak urratzen ekonomia, politika eta gizartea irekiagoak ian daitezen; eta Lehen Sistemari erakustea bilakaera izan dezakeela alderdi bakarraren sistema arriskuan jarri gabe, eta perestroika moduko bat egin behar izan gabe, hori baita Txinako Alderdi Komunistaren beldurrik handiena.