Cesar bere semearen desagerpenak eta ondoren Mexikoko Estatuak egia ezkutatu izanak «azaldu ezin den sufrimendua» eragin diola esan du Mario Cesar Gonzalezek (Humantla, Mexiko, 1965). Ayotzinapako Eskola Normalistako ikaslea zen Cesar, eta, Mexikoko Gobernuko Egiaren Batzordearen ikerketek diotenez, duela hamar urte narkoen eta estatuaren segurtasun indarren arteko operazio batean desagerrarazi zuten, beste 42 ikaslerekin batera. Urteak igaro diren arren, Gonzalezek ez du semea ahaztu, eta, beste desagertuen familiekin batera egiten du lan armadak eta gobernuak 2014ko irailaren 26an gertatu zenaren inguruko egia plazaratzeko.
Nolakoak izan dira azken hamar urteak?
Etsipenezko, sumindurazko eta minez beteriko hamar urte izan dira. Ibilbide luzea egin behar izan dugu, ate asko joz; baina, tamalez, izan gobernu bat edo bestea, beti emaitza bera jaso dugu. Azken sei urteetan [Andres Manuel Lopez Obrador presidentearen legegintzaldia] gauzak aldatuko zirela zirudien; sinesten genuen arazoa konponduko zutela. Are gehiago, kasuaren harira zenbait dekretu sinatu dituzte. Baina dena gezurra izan da.
Nolako harremana duzue Mexikoko Gobernuarekin?
Ez dugu harremanik. Hitz egiten ari ginen haiekin, baina elkarrizketa eten eta mahaitik altxatu behar izan genuen, beti gauza berak jorratzen zirelako. Errepikakorrak ziren, beti esaten ziguten gauza bera, eta ikerketak proposatutako galderei ez zieten erantzun; ezta armadak dituen zortziehun orriak eskuratzeko eskariari ere. Tamalez, presidenteak armada babestu du.
Harremana beti izan da horrelakoa?
Lehen, hitz egiten genuen haiekin, baina beti egon dira armadaren alde. Armadak eta gobernuak badakite zer gertatu zen 2014ko irailaren 26an, baina ez da ezer aldatu. Aldatu den bakarra da guk orain ziur dakigula armadak eta itsas armadak gertatu zenaren berri dutela.
Nola lortu duzue hamar urte hauetan Mexikoko gizarteak kasua ez ahaztea?
Presio egiten jarraitu behar dugu jendeak ez dezan ahaztu desagertuen kasua, edozein modutan. Azken finean, gure semeak dira, eta zuk zure semeagatik borrokatu behar duzu. Ezin duzu zure semea ahaztu desagertu delako. Alderantziz! Uste dut guraso batek, familia batek borroka egin behar duela gertatu zenaren inguruko egia jakiteko. Eta borroka horretan gabiltza, gure semeak ahaztu ez ditzaten. Armada eta gobernua estutzen jarraituko dugu irailaren 26an gertatu zenaren inguruan benetan dakitena esan dezaten.
Eta jendeak erantzun egin dio ez ahazteko eskari horri. Babesa eman digute azken hamar urteetan, eta mobilizazioak eta martxak antolatu ditugu.
Egia ezkutatu dizuetela diozu. Zergatik? Zer interes egon daitezke zuen semeekin zer gertatu zen ez esateko?
Egia ezkutatu dute, jakina, eta gertatu zena estaltzen jarraituko dute. Orain arte ez dugu gure semeen berri izan funtzionario publikoak eta armadako kideak babestu nahi dituztelako; ez dutelako nahi jendeak jakitea nolako harremanak dituzten haiek krimen antolatuarekin. Are, asko talde kriminaletako kideak dira.
Kasuaren instrumentalizazio politiko bat egon da?
Bai, tamalez. Politikan aritu nahi izan duen jende askok babesa adierazi digu, eta, gero, boterera heldu direnean, bizkarra eman digute. Presidenteak, esaterako, 43en kasua bandera gisa erabili zuen presidentetzarako kanpainan.
Claudia Sheinbaum Mexikoko presidente hautatua zuekin bildu da?
Ez, oraindik ez. Baina espero dugu, ama den heinean, ulertuko duela badela garaia gurasoak pairatzen ari garen min hori amaitzeko.
Hipotesi asko zabaldu dira urteetan, baina hasieran gezurra esan zizuetela salatu duzue behin baino gehiagotan.
Egia historikoa delako horren gezur handia. Armadak, orduko presidente Enrique Peña Nietok [2012-2018], haren gobernuak, Guerreroko gobernadore Angel Aguirre Riberok eta hainbat funtzionariok sortutako gezurra. Aurreneko istorio hori kolpe zital eta koldarra izan zen. Familiok asko sufritu genuen lehenengo hipotesi horrekin.