AEB Ameriketako Estatu Batuetako Alderdi Demokratan joan den ekainaren 27an piztu ziren alarma hotsak; azaroaren 5ean egitekoak diren presidentetzarako bozen lehen eztabaidan ahanzkor, zalantzati eta galduta agertu zen herrialdeko presidente eta hautagai demokrata Joe Biden. Ordutik, gero eta alderdikide gehiagok jarri dute zalantzan Biden gauza ote den berriro ere kargua hartzeko, azken egunotan publikoki presidentetzarako lehia utzi dezala eskatzeraino. Halere, zurrumurruei eta hautagaitza bertan behera uzteko eskaerei konbentzituta erantzun die Bidenek, atzo iluntzean esan baitzuen, prentsa ohar baten bidez, «prest eta irrikan» dagoela kanpainaren erritmora itzultzeko.
Aste hasieratik Delawaren dago AEBetako presidentea, astelehenean jakinarazi ondoren COVID-19 gaitza duela, eta, horregatik, behin-behinean eten egin behar izan du bere agenda politikoa. «Asko dago jokoan, eta hautua argi dago. Batera, irabaziko dugu», idatzi zuen atzo X sare sozialean. Azken orduetan zabaldutako iritzien arabera, ordea, Alderdi Demokratan ez dira hain baikor: Ordezkarien Ganberako —behe ganbera da— 38 diputatuk eta goi ganberako lau senatari demokratak eskatu diote presidentetzarako lehia uzteko.
Bidenen hautagaitzarekin kritiko agertu diren ordezkari eta senatari horien arabera, lekukoa belaunaldi gazteari emateko «ordua da», uste baitute hautagai gazteago batek «errazago» egin diezaiokeela aurre Etxe Zuriko maizter ohi (2017-2021) eta hautagai errepublikano Donald Trumpi. Hori bai, presidente demokratarekiko «erabateko miresmena» dutela nabarmendu dute guztiek, baina iritzita «errealitatea onartzeko garaia» dela.
Dozenaka demokrataren eskaerak gutxi ez, eta, The Washington Post egunkariak AEBetako presidente ohi Barack Obamaren (2009-2017) gertuko lekuko bat aipatuz herenegun kaleratu zuenez, Etxe Zuriko maizter izan zenak uste du Bidenek «serioski hausnartu» behar lukeela bere hautagaitzarekin zer egin. Iritzi berekoak dira Alderdi Demokratako zenbait kide esanguratsu, hala nola Ordezkarien Ganberako presidente izandako Nancy Pelosi. Halere, Bidenen gertukoek haren hautagaitza defendatzen dute oraindik ere, esaterako AEBetako presidenteorde Kamala Harrisek: «Badakigu hauteskunde hauetan zein hautagaik jartzen dituen estatubatuarrak lehen lerroan: gure presidenteak, Joe Bidenek».
«Prest eta irrikan nago datorren astean hauteskunde kanpainaren erritmora itzultzeko»
JOE BIDENAEBetako presidentea eta hautagai demokrata
Alderdi Demokratatik kanpo ere auzitan dago Bidenen hautagaitza. Tradizionalki demokraten alde egin duten zenbait elkartek bat egin dute ahots kritikoenekin, eta beste hautagai bat aurkezteko dei egin diote alderdiari. Gaur-gaurkoz, elkarte ekologistak agertu dira kritikoen; protesta gisa, dozenaka ekintzaile ekologistak elkarretaratzea egin zuten atzo Alderdi Demokratak Washingtonen duen egoitza nagusian. Elkarretaratzean izan ziren zenbaitek The Guardian egunkariari esandakoen arabera, Bidenen hautagaitza errezeta «ezin hobea» da Trumpen garaipenarentzat.
Gauzak horrela, ikusteko dago alderdi barruko zatiketek eta Bidenen inguruko zalantzek eragina izango duten demokrataren presidentetzarako lehia ekonomikoki babesten duten diru emaileen begietan.
Trump, Michiganen
Demokraten aldean, giroa bare dago Alderdi Errepublikanoan. Hautagaitza berretsita eta bozak irabaziz gero presidenteordea nor izango litzatekeen iragarrita —J.D. Vance Ohioko senataria—, Trump gaur da hauteskunde kanpainako lehen mitina egitekoa, Michiganen, eta harekin izango da J.D. Vance.
Gaur astebete pairatu zuen Etxe Zuriko maizter ohiak haren aurkako atentatua, Milwaukeen. Horren ondoren, kanpainan «tonua leunduko» zuela hitzeman zuen, eta «batasunerako» deia egingo zuela. Nolanahi ere, herenegun egin zuten Alderdi Errepublikanoaren kongresuan ohiko jarrera oldarkorrari eutsi zion Trumpek; besteak beste, zin egin zuen AEBetan «inoiz izan den deportaziorik handiena» egingo duela presidente kargua lortzen badu.