Presidentetzako Kontseiluko kideak hautatuta, Haitin trantsiziorako bidea hasi dute

Behin-behineko gobernuak, besteak beste, lehen ministroa aukeratu eta presidentetzarako hauteskundeak egiteko bide orri bat finkatu beharko du. NBE pozik agertu da lantaldea eratu dutelako.

Haitiko polizia batzuk Port-au-Prince hiriburuko kale batean, herenegun. MENTOR DAVID LORENS / EFE
Haitiko polizia batzuk Port-au-Prince hiriburuko kale batean, herenegun. MENTOR DAVID LORENS / EFE
ander perez zala
2024ko martxoaren 22a
10:45
Entzun

Haitiko hurrengo lehen ministroa aukeratzeaz arduratuko den lantaldea eratu dute dagoeneko. Alderdi politikoak, gizarte zibila eta enpresarien ordezkariak ados jarri dira Presidentetzako Kontseiluaren osaketaren inguruan, eta, horri esker, behin-behineko gobernuak trantsiziorako bidea hasi du. Azken orduko aldaketak izan diren arren, eutsi egin diote, azkenean, jatorrizko formulari, nazioarteko hainbat albiste agentziak gaur jakinarazi dutenez: boto eskubidedun zazpi kide eta bi behatzaile hautatu dituzte.

Herrialdean ziurgabetasuna eta indarkeria handitzen ari diren honetan, Haitiko Presidentetza Kontseiluaren asmoa da bakea eta lasaitasuna berreskuratzea, trantsizio politikoaren bitartez. Ez da zeregin erraza izango, egunotan gertaturikoak agerian utzi duenez —gaizkile taldeek 24 lagun hil zituzten iragan astelehenean, kasurako—, baina hiru aldeak behin-behineko gobernu baten eraketaren inguruan ados jarri izana lehen pausoa izan da helburu hori betetzeko.

Hauek izango dira Haitiko Trantsiziorako Presidentetza Kontseiluko zazpi kideak, boto eskubidedunak: Dominique Dupuy, Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeko Haitiren ordezkaria; Louis Gerald Gilles ekintzaile politikoa; Edgard Leblanc Fils Senatuko presidente ohia (1995-2000); Fritz Alphonse Jean lehen ministro izandakoa (2016); Laurent Saint-Cyr Merkataritza Ganberako presidentea; Emmanuel Vertilaire epaile ohia; eta Leslie Voltaire Hezkuntza ministro izandakoa. Bi behatzaileak, berriz, Rene Jean Jumeau Energia Institutuko presidentea eta Frisnel Joseph enpresari eta krisi humanitarioetako aditua dira.

Ariel Henry Haitiko lehen ministroak hilaren 12an jakinarazi zuen dimisioa emango zuela trantsizio gobernu bat osatutakoan. Horren aurretik, iragan otsailaren 29an, banden koalizioko lider Jimmy Cherizier Barbecue-k —Poliziako agente ohia da— ohartarazi zuen «behar beste denboraz» borrokatuko direla Henryren aurka, eta mehatxu egin zuen «gerra zibil bat» abiatuko zutela Henryk gobernuburu karguan segituz gero. Lehen ministroa Puerto Ricon da egun, Haitira ezin itzulirik.

Orain, galdera askoz beteriko bidea hasiko du Trantsiziorako Presidentetza Kontseiluak, eta, besteak beste, hurrengo gobernuburua aukeratu beharko du —ezin da kontseiluko inor izan—, eta presidentetzarako hauteskundeak egiteko bide orri bat zehazteko ardura ere izango du. Oraindik ez dute xehetasunik eman horren guztiaren inguruan, ezta egutegirik ere.

Hori bai, prozesu politikoa espero baino polikiago doan arren, Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia pozik agertu da gaur, behin-behineko gobernuaren kideak aukeratu dituztelako, eta «ahaleginak bikoizteko» eskatu du «alde guztiek onartuko lituzketen gobernantza mekanismoak sortzeko».

Poliziak banda baten buruzagia hil du

Eta kalean, indarkeria handitzen ari den honetan, Poliziak operazio bat egin zuen atzo Port-au-Prince hiriburuan, eta Ernst Julme hil zuen, Delmas 95 gaizkile taldeko buruzagia, Reuters albiste agentziaren arabera.

Barbecue-ren bandako kide bat ere bazen Julme. Hortaz, haren hilketa garaipen gisa deskribatu dute Haitiko segurtasun indarrek.

Hiriburuaren %80 inguru banden kontrolpean dago, baita landa eremuaren parte handi bat ere. Port-au-Princeko aireportua, gainera, itxita dago, eta, horren ondorioz, ezinezkoa bilakatu da, besteak beste, sendagaiak inportatzea, OME Osasunaren Mundu Erakundearen zuzendari nagusi Tedros Adhanom Ghebreyesusek ohartarazi zuenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.