Presidenteak kolpea jo dio Tamil Tigreekiko bake prozesuari

Legebiltzarra bertan behera utzi, militarrak kalera atera eta negoziazioetan ibilitako hiru ministro kargutik kendu ditu

Erredakzioa
2003ko azaroaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sri Lankako bake prozesua «kolokan dela» eman zuten aditzera atzo Tamil Eelam-eko Askatasun Tigreak (LTTE) erakundeko iturriek, Sri Lankako presidenteak, lehen ministroa atzerrian zela baliatuta, hiru ministro kargugabetu, Legebiltzarra bi astez bertan behera utzi eta Armada kalera atera ondoren. Sri Lanka «kaos eta anabasan» murgiltzea leporatu dio Ranil Wickramasinghe gobernuburuak Chandrika Kumaratunga presidenteari.

«Hausnarketa sakona egin ondoren gauzatu da urrats hau, herrialdearen segurtasun egoera are gehiago okertzea saihesteko», zabaldu zuen atzo Sri Lankako presidentetzak agiri labur batez. Ordu batzuk lehenago, lehen ministroaren aldekoa den Legebiltzarra hilaren 19ra arte bertan behera utzi, eta Tilak Marapana Defentsa ministroa, zein John Amaratunga Barne arduraduna eta Imthiaz Bakeer Markar Komunikabideen ministroa kargugabetu zituen Kumaratungak. Armada gune estrategikoetan zabaldu zuen presidenteak: estatuko irrati, telebista zein prentsa inprimategietan, alegia, «istiluak saihesteko».Kumaratungaren jokabidea ez da teknikoki estatu kolpea, Sri Lankako Konstituzioak ministroak gobernuburuaren oniritzirik gabe kargugabetzeko eskubidea eta bestelako botere bereziak ematen dizkiolako. Halere, aurrekaririk ez duen krisi politikoan murgildu du herrialdea. Sri Lankan 60.000 pertsona hil dira azken 20 urteotan populazioaren %18 osatzen duen gutxiengo tamilaren eta Colomboko gobernuaren arteko gerran.«Presidentearen ekintza arduragabeak herrialdea anarkia eta anabasan murgiltzeko asmoa du», esan zuen Wickramasinghe lehen ministroak Washingtondik. Bisita ofizialean da gobernuburua eta gaur George Bush Estatu Batuetako presidentearekin biltzekoa da. Sri Lankako herriari eta segurtasun indarrei zuzenduta hauxe gaineratu zuen: «Dei egiten dizuet lasai eta erne egoteko bake prozesua eteteko berariazko saio honen aurrean».Presidentea eta lehen ministroa lehian diren bi alderdi ezberdineko kideak dira, eta agintea partekatu behar izan dute 2001eko abenduko legebiltzarrerako hauteskundeetan Wickramasinghe buru zuen oposizioak Kumaratungaren aldekoek baino bi eserleku gehiago atera zuenetik.Wickramasinghek bozak irabazi zituen LTTEko gerrillariekin negoziazioa abiatuko zuela aginduta.

Bake prozesua «kolokan»

«Gertaerak kontu handiz behatzen eta aztertzen ari gara. Horretan oinarrituta zer egin erabakiko du gure buruzagitzak», esan zuen atzo Daya Master LTTEko eledunak. Talde gerrillariak menia sinatu zuen 2002ko otsailean Wickramasingherekin. Tigreen aldeko Tamilnet Interneteko guneak su-eten egoera zalantzan dagoela zioen atzo, «Sri Lankako bakearen etorkizuna kolokan» izenburua zuen artikuluan.

Uhartearen iparraldean eta ekialdean tamilak nagusi diren guneanautodeterminazio eskubidea aldarrikatzen du LTTEk. Wickramasingheren gobernuarekin hasitako negoziazioetan independentzia asmoei uko egin zieten Tamil Tigreek, eta autonomia onartzeko prest agertu ziren. Joan zen asteburuan, Behin Behineko Aginte Autonomoa eratzeko proposamena egin zuten. Gobernuak ongi etorria egin zion eskaintzari, datorren urtean bake negoziazioak berriz abiatzeko aukera zekarrela esanez. Europako Batasunak eta Washingtonek ere oniritzia eman zioten. Kumaratungaren Sri Lankako Askatasunaren Alderdiak, ordea, tigreen proposamena baztertu zuen atzo goizean, «Konstituzioa bortxatzen eta Errepublikaren burujabetzari eragiten» diolakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.