Prentsa askatasuna arriskuan EBn

Hedabideen askatasunari buruzko Europako lege berriaren azken bertsioa indarrean sartzen bada, EBko estatuek malgutasun handiagoarekin erabili ahalko dituzte kazetarien aurkako espioitza programak, prentsa askatasunaren kaltetan.

2023ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Tradizioan, EB Europako Batasuneko herrialdeak kazetarientzako munduko lekurik «libreentzat» jo izan dira CPJ Kazetariak Babesteko Batzordearen arabera. Azken urteetan egoera okertu egin da, ordea, eta are gehiago gaiztotu daiteke laster. EBko zenbait gobernuk kazetarien espioitza baimendu nahi dute, «segurtasun nazionaleko» arrazoiak direla medio. EBn negoziazio prozesuan dago hedabideen askatasunari buruzko Europako lege berria, eta ho eginiko aldaketen bidez gauzatuko litzateke aldaketa.

Iazko irailean Europako Batzordeak proposatu zuen legearen arabera, kazetariak eta hedabideak babestu behar dira gobernuaren eta hedabideen jabeen kontrol politikotik. Espainiako RSF Mugarik Gabeko Kazetariak erakundearen presidenteorde Edith Rodriguezen esanetan, azken urteetan EBko herrialdeak lege gogorragoak ezartzen ari dira «faktore askoren eraginez». Eta ez hori bakarrik; jakin da Hungarian, Polonian, Grezian eta Espainian, adibidez, gobernuek espioitza softwareen bidez zelatatu dituztela kazetariak.

Iraileko proposameneko laugarren artikuluan zehazten zen bezala, «interes orokorreko premiazko arrazoi batek» justifikatzen ez badu behintzat, EBko gobernuek ez lituzkete kazetariak beren iturriak argitara emateko «atxilotuko, zigortuko, atzemango, zelatatuko edo bilatzeko edo atxilotzeko agindupean jarri eta ikuskatuko». Era berean, ez lukete espioitza softwarerik ezarri beharko kazetarien gailuetan, salbu eta instalazioa justifikatua ez baldin badago, «kasuz kasu», segurtasun nazionaleko arrazoiengatik, edo kazetaria murgilduta badago bigarren artikuluko 17. puntuan zehaztutako «delitu larrien» ikerketa batean.

Ekainaren 16an Europar Kontseiluak argitaratutako testuan, ordea, aldaketa nabarmenak daude hasierako proposamenarekin alderatuta. Hasteko, segurtasuna arautzen duen laugarren artikuluaren amaieran Frantziak gehitutako puntu bat dago. Horren helburua da estatu kide bakoitzak segurtasunaren eta defentsaren arloan dituen eskumenak babestea. Bestalde, desagertu egiten da bigarren artikuluko 17. puntuko delituen zerrenda xehea. Aurreko delituez gain, proposamen berrian euroaginduak eskatzeko baliatzen diren bestelako lege hausteak ere jasotzen dira.

EFJ Europako Kazetarien Federazioak Libe Europako Parlamentuko Eskubide Zibilen Batzordeari bidalitako gutun ireki batean salatzen denez, testu berriak kazetarien aurka espioitza programak erabiltzea «legeztatuko» du; diote Frantziak sartu berri duen puntuak ezerezean utziko dituela laugarren artikuluak berak aurreikusitako babesak.«Xedapen berri honekin, kontseiluak espioitza programen erabilera biziki sustatzen du estatu kideen nahien arabera, eta ahuldu egiten du horiek hedatzearen aurkako babesa». Oharrak dioenez, EBko Justizia Auzitegiak «argi» utzi du segurtasun nazionala babesteko «asmo hutsak» ezin duela EBko legeria aplikaezin bihurtu. Garbi esaten du, halaber, estatu kideak ez dituela salbuesten zuzenbide estatua errespetatzeko betebeharretik. Bestalde, gutunean diotenez, delituei dagokienez eginiko aldaketak kazetarien eta kazetaritza iturrien aurkako espioitza baimentzen duten lege hausteen zerrenda «izugarri handitzea» dakar —Politico aldizkariaren arabera, hamarretik 32ra igotzen dira—.

Edith Rodriguezenesanetan, «ez dago garbi» noiz sartuko den indarrean legea. Espainiako Estatuaren agintaldian zehar onartu beharko luketela dio —uztailaren 1etik abenduaren 31ra bitartean—. Haren esanetan, legeak indarguneak eta zulo beltzak ditu. Gardentasunarekin edo eremu digitalean dagoen «kaos informatiboaren» erregulazioarekin lotutako neurriak «oso positibotzat» jotzen ditu. Baina, aldi berean, estatuaren segurtasunaren puntu jakin hori, «oso kezkagarria» dela dio. «Ez da egon irmoki bere aurkakotasuna erakutsi duen estatu kiderik».

Abiadura ezberdinak

EBko herrialdeen artean «abiadura ezberdinak» daude esparru guztietan, baita prentsa askatasunean ere, Rodriguezek dioenez. Hasteko, bi adibide kontrajarri aipatu ditu: Eskandinaviako herrialdeak eta Polonia. Haren esanetan, lehenengoek «oso landuta» dute gardentasunaren gaia, eta informazio iturri publikoetara sarbidea «bermatua» dute. Baina «atzerakadak» ere egon direla dio. Eskuin muturra gobernuetan sartzeari eta Ukrainako gerrari eragozten dizkie. Finlandian, adibidez, urte hasieran Helsinkiko auzitegi batek bi kazetari zigortu zituen, «herrialdearen defentsari buruzko informazio delikatua» emateagatik.

Polonian, RSFk salatu duenez, herrialdeko gobernuak hedabide publikoak «propaganda tresna» bihurtu ditu, eta «gehitu» egin ditu pribatuetan eragiteko saiakerak. 2022ko otsailetik Varsoviak behin-behineko espetxealdian du Pablo Gonzalez euskal kazetaria —EBn preso dagoen kazetari bakarra da—.«Errusiarentzat lan egitea» egotzi zioten, baina, ordutik, ez dute froga bat bera ere argitaratu.Baldintza oso gogorretan dute preso, eta oraindik ez du epaiketa datarik.

EBko mendebaldeko estatuetako egoera ekialdekoetakoa baino«hobea» bada ere, Rodriguezek uste du kezka eragiten dutela hainbat gauzak. Italia aipatu du. Hogei kazetari baino gehiago omen daude Poliziaren zaintzapean, mafiei buruzko ikerketakazetaritza egiteagatik. «Europa mendebaldean prentsa askatasuna errespetatzen jarraitzen da, baina jaisten ari gara sailkapenean». 2021eko azaroan Europako Batzordeak adierazi zuenez,kazetarien aurkako mehatxu eta erasoek gora egin dute azken urteetan EBn. 2015etik sei hil dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.