Prefetak Palestinako bandera kentzera behartu du Mauleko Udala

Duela hainbat hilabete jarri zuten bandera, Zuberoako hiriburua Zisjordaniako Balata errefuxiatu gunearekin senidetu zenean. Bandera «itzuliko» dela agindu du Labadot alkateak.

Palestinako banderak, Mauleko herriko etxean, kendu aurretik. XIBEROKO BOTZA
Edu Lartzanguren.
2023ko urriaren 10a
21:10
Entzun

Mauleko alkate Louis Labadotek azaldu duenez, gaur arratsaldean Oloroeko prefetorde Marion Aoustin-Roth agertu da Zuberoako hiriburuko udalean, hango leiho batetik zintzilik zegoen Palestinako bandera kentzeko eskatzeko. Agindua bete duela adierazi du alkateak, baina ez gogo onez.

Duela hainbat hilabete jarri zuten Palestinako bandera, Maule Zisjordaniako (Palestina) Balata errefuxiatu eremuarekin senidetu zutenean.

Prefetak adierazi duenez, bandera kentzeko agindu dute «baketzeko logika bati jarraiki, Estatuak [Frantzia] nazioarteko gertaeren inguruan duen neutraltasunari jarraiki, eta ordenu publikoa nahastea saihesteko».

Prefetordea heldu aurretik, goizean, jendarmeen bisita jaso duela adierazi du alkateak, baina uko egin diola bandera kentzeari. Halere, men egin dio Aoustin-Rothi, ez zuelako istilu bat sortu nahi. Ikurra kentzeak samina sortu diola adierazi du, baina hura berriz jarriko duela agindu du, «garaia heltzen denean», Sud Ouest egunkariari eginiko adierazpenetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.