Urak harro doaz Espainiako eskuinean. Azken egunetan, bidaiderik gabeko adingabe migranteak erkidegoen artean banatzeko asmoek eztabaida sortua zuen PPren eta Voxen artean, eta Santiago Abascal buru duen alderdiak mehatxu egina zion PPri; prest zen Alderdi Popularrekoek agintzen duten erkidegoetan babesa kentzeko. 20:00etarako zen Abascal erabakiaren berri ematekoa, baina ordu eta erdi geroago heldu da jakinarazpena: Vox gobernutik aterako da Valentzian, Extremaduran, Murtzian, Aragoin eta Gaztela-Leonen, eta babesa erretiratuko dio Balear Uharteetan ere.
Kanariar Uharteetan dauden 209 adingabe migrante PPk gobernatutako erkidegoetara eramatea erabili du Abascalek argudio gisara gobernu horiek apurtzeko. Adingabe horiek «segurtasunik ezarekin», «erakartze efektuarekin», «okupazioarekin» eta «delinkuentziarekin» lotu ditu eskuin muturreko buruzagiak, eta Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentea egin du gobernuen hausturaren erantzule: «Ohartarazia genion».
Gobernu akordioek urtebete iraun dute. Aurrerantzean, PPk gutxiengoan gobernatu beharko ditu, baina Alderdi Popularrekoek aukera dute horietan guztietan hauteskundeak aurreratzeko.