PPkoek hirugarrenez eskuratu dute gehiengo absolutua Galizian

Feijook botoen %47,5 lortu ditu, eta eserleku kopuruari eutsiko dio. En Mareak PSdeGri aurrea hartu dio botoetan: hamalauna ordezkari izango dituzte. BNGk aurreikusi baino galera txikiagoa izan du

PPkoek hirugarrenez eskuratu dute gehiengo absolutua Galizian.
Kristina Berasain Tristan.
2016ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Iragarrita zegoen. PP Alderdi Popularrak gehiengo absolutua eskuratu du beste behin Galizian. Alberto Nuñez Feijooren eskutik errenkan hirugarren garaipena lortu dute popularrek, eta boterean alde zabalarekin sendotu. Feijook duela hamar urte hartu zuen alderdiaren buruzagitza, eta, orduz geroztik, etengabe egin dute PPkoek gora boto kopuruan, lau urtetik lau urtera emaitza hobeagoak lortzen ari baitira. Botoen %47,5 eskuratu dituzte: 41 eserleku, orain bezainbeste, eta gehiengo osoa bermatzeko behar zituzten 38 ordezkariak baino hiru gehiago. Botoetan gora egin dute. Parte hartzean izandako hazkundeak, antza, mesede egin die; izan ere, azken bozetan baino ia bederatzi puntu handiagoa izan da parte hartzea.

Feijook hauteskundeen aurretik politika uztea pentsatzen ari zela adierazi bazuen ere, irmo jarraituko du Xuntan. Lau probintzietan nagusitu da PP.

Manuel Fraga hautagai izan zen azken urtean,2005ean, gehiengo absolutua lortzetik eserleku batera geratu zen PP —2001ean botoen %51,6 eskuratu zituen Fragak—. Feijook, baina, gehiengo absolutua berreskuratu zuen 2009an, 39 ordezkarirekin, eta duela lau urte gora egin zuen, 41 eserlekura arte. Galiziako gotorlekuari eusten dio,beraz, Alderdi Popularrak. Estatuan han bakarrik dauka egun gehiengo absolutua, eta atzoko emaitza lagungarri gerta dakioke PPri gobernua osatzeko blokeo politikoa amaitzeko.

'Sorpasso'-a izan da

Logika estatal horretan PP sendotuta atera izana bezain eragingarria izan daiteke sozialistak ahulduta atera izana; izan ere, botoetan sorpasso-a izan da. En Mareak aurrea hartu dio PSdeGri, ordezkari kopuru bera izango badute ere, 14. Galiziako Alderdi Sozialistak botoen %17,8 lortu ditu, eta aurreko bozetan baino lau ordezkari gutxiago izango ditu 75 eserlekuko parlamentuan. Xoaquin Fernandez hautagaia ez da gai izan bigarren postu historikoari eusteko.

En Marea izango da aurrerantzean, beraz, ezkerraren erreferentzia, ozta-ozta bada ere, bigarren indarra izatea lortu baitu. Podemos, Anova eta Esquerda Unidak osatutako aliantzak ere hamalau ordezkari izango ditu. AGE Alternativa Galega de Esquerda koalizioarekin bederatzi ordezkari lortu zituen ezkerrak duela lau urte; beraz, aliantza berriak emaitza dezente hobeagoak eman ditu: Anova, Esquerda Unida eta Equok eratutako hark baino bost ordezkari gehiago izango ditu oraingo taldeak.

Podemosek barne eztabaida ugari izan ditu azken hilabeteotan, koalizioa bera zalantzan egoteraino. Badirudi Luis Villareskrisia bideratzeko gai izan dela.

BNG Bloke Nazionalista Galiziarrak ere behera egin du, baina inkestek aurreikusten zuten baino apalago; zazpi ordezkari zituen, eta sei izango ditu orain. Xose Manuel Beiras buruzagi historikoak barne zatiketen ondorioz alderdia utzi zuenetik, etengabea izan da abertzaleen beherakada —Anova sortu zuen 2012an Beirasek—. Hamar urtean, hamar puntu egin du behera alderdi abertzaleen sostenguak; izan ere, 2005ean botoen %18 lortu zituen BNGk; 2009an botoen %16 eskuratu zituen, eta 2012an, %6. Espainiako Kongresuan ere ordezkaritza galdu zuen.

Sorpasso-tik haratago, beraz, panorama politikoa ez da askorik aldatu, ez bederen ezkerraren eta eskuinaren arteko orekari erreparatuta. En Marea, PSdeG eta BNGren eserlekuak zenbatuta, urrun geratzen da ezkerreko frontea eskuinaren gehiengotik; hortaz, zentzurik ez dauka bozen aurretik «eskuineko politikak alboratzeko» iragarritako gobernabiderako hitzarmenak.

Orotara 2.255.579 lagunek zuten atzo boza emateko aukera. Parte hartzea %63,7 izan zen; 2012an, berriz, %54,9.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.