Hauteskundeak Espainian

PPk Valentzia, Balearrak, Extremadura eta Aragoi berreskuratu ditu, baina Vox beharko du

PPk gehiengo osoa du Madrilgo Udalean. Valentziako, Sevillako eta Zaragozako udaletan ere gailendu da.

Maria Jose Catala PPren Valentziako alkategaia, kanpaina ekitaldi batean Alberto Nuñez Feijoo PPko buruarekin batera. KAI FOSTERLING, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko maiatzaren 28a
20:12
Entzun

PPk PSOEri hainbat autonomia erkidegotako gobernua kentzeko modua izango du, baina gehienetan Voxen babesa beharko du. Alderdi Sozialistaren eskuetatik jaso ahalko dituen lurralderik preziatuenak Valentzia eta Aragoi dira. Lehenengoan, PPk 40 diputatu ditu, botoen %85,8 zenbatu diren honetan. Zortziren aldea ateratzen dio PSOEri, eta Voxen 13 ordezkariekin aise gaindituko luke gehiengo osorako behar diren 50 diputaturen langa. Aragoin, 16 diputatutik 28ra pasatu da PP, botoen %97,8 zenbatuta, eta gehiengo osorako behar diren 64 ordezkariak baino bat gehiago batuko lituzke Voxen zazpi aulkiekin.

Valentzia eta Aragoi ez lirateke PSOEk galdu eta PPk lortu ditzakeen erkidego bakarrak. Errioxan, Extremaduran eta Balearretan ere gobernatzeko bidea zabaldu zaie popularrei. Lehen lurraldean gehiengo osoa du, botoen %97,4 zenbatuta. Beste bietan, Voxekin lortu beharko ditu itunak.

Emaitzek balioko diote PPri Espainiako hauteskunde orokorrei begirako bidea bultzada batekin hasteko. Alberto Nuñez Feijoo PPko buruaren hautagaitza indartzeko erabiliko ditu gaurko garaipenak, baita Pedro Sanchez Espainiako presidentearen gobernua gain behera doala ziurtatzeko ere.

Ikusi gehiago:Trias gailendu da Bartzelonan, 11 zinegotzirekin

PPk emaitza onak izan ditu Espainiako hiriburuan ere. Boterea sendotu du Madrilgo Erkidegoan eta Udalean, gehiengo osoa eskuratuta. Isabel Diaz Ayuso jarduneko presidenteak eta Jose Luis Martinez Almeida alkateak 2019ko emaitzak hobetu dituzte, eta Voxen botoen bila ibiltzeko beharrik gabe gobernatuko dute.

Horrez gain, hiri nagusi zenbaitetan ere gehien bozkaturiko indarra izan da, eta eskura du horietako agintea. Valentzian, Maria Jose Catala gailendu zaio Compromiseko Joan Ribori. Zortzi zinegotzi zituen lehen PPK, eta 13 ditu orain, eta gehiengo osoa izango luke Voxek eskuratu dituen lau zinegotziekin.

Sevillan, alkatetza galtzear dago PSOE, PPko Jose Luis Sanzek bildu baitu boz gehien. PPk 14 zinegotzi izango ditu —2019an baino sei gehiago—, eta Andaluziako hiriburuan ere gehiengo osoa izango luke Voxen hiru ordezkarien babesa jasoz gero.

Zaragozan, bere agintea sendotuko du Jorge Azcon Zaragozako alkateak (PP). Zortzi zinegotzitik hamabostera pasatu da. Gehiengo osoa izateko aulki bakarra falta du, eta erraz gaindituko luke langa Voxen lau ordezkariekin.

Moncloari begirako bozak

PPren helburua zen azken hiru urteetan lortu dituen garaipenen ildo berean segitzea —Galizia (2020), Madril (2021), Andaluzia (2022) eta Gaztela eta Leon (2022)—. PSOEren xedea, berriz, 2019ko udal bozetan lortu zuen arrakastari ahal bezainbeste eustea, eta PPren igoeraren aurka sendo agertzea. Lehenengo hauteskunde norgehiagoka izan da gaurkoa Pedro Sanchez Espainiako presidentearen eta Nuñez Feijooren artean, eta azken hori izan da garaile argia.

PSOE nagusi da udal eta autonomia mailan, PPk 2019an izan zituen emaitza kaxkarrei esker. Sozialistak agintean daude gaur jokoan diren 11 erkidegotako bederatzitan: Asturiasen, Gaztela-Mantxan eta Extremaduran bera bakarrik, eta koalizio gobernuan Aragoin, Kanarietan, Valentzian, Balearretan eta Errioxan. PPk Madrilen eta Murtzian agintzen du, eta ez du horietan agintzen jarraitzeko arazorik izango, ezusteko handirik ez bada.

Botoak zenbatu ondoren, eta irabazleak irabazle, ezker-eskuin blokeen logikak erabakiko du zer-nolako gobernuak eratuko diren erakunde nagusietan, eta akordioak egiteko gaitasuna emaitza onak lortzea bezain garrantzitsua izango da.

Parte hartzea

Parte hartzeak gora egin du Espainiako udal hauteskundeetan, 2019ko datuekin alderatuta. Barne Ministerioaren arabera, botoa emateko eskubidea duten herritarren %63,8k eman dute botoa. Hau da, duela lau urte baino 1,3 puntu gutxiago.

Beherakada bereziki handia izan da Katalunian: %9,3. Gaurkoak lehen bozak dira ERCk eta Junts Per Catalunyak koalizio gobernua apurtu zutenetik, eta parte hartzearen beherakada handiagoa izan da, oro har, independentismoa sendoen den udaletan.

Aldiz, parte hartzea Valentziako Erkidegoan hazi da gehien. 2019an baino %3,9 handiagoa izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.