PPk Gaztela eta Leongo Gorteetarako (Espainia) hauteskundeak irabazi zituen herenegun, baina ezin izango du bakarrik gobernatu. Ziurrenik bazkideak bilatu beharko ditu horretarako, eta Alfonso Mañueco juntarako presidentegai eta jarduneko presidenteak atzo nabarmendu zuen alderdi guztiekin hitz egiteko asmoa duela. Hori bai, plazaratutako mezuen arabera, ematen du alderdi barruan ez datozela guztiz bat lehentasunak ezartzean. Zuzendaritzaren ustez, Vox gabeko gehiengo bat osa dezakete. Horretarako, Union del Pueblo Leonesen (UPL), Por Avilaren eta España Vaciadaren (Soria Ya!) babesa bilatu beharko luke—lehenarekin egin izan ditu akordioak, eta bigarrena PPren zatitze bat da—, PSOEk argitu baitu oposizioan egongo dela. Hori bai, presidentetzara modu horretan iritsi ahal izateko, eskuin muturrak abstenitu egin beharko luke. Ultrek, baina, gobernuan egon nahi dute. «Gobernuan egoteko obligazioa eta eskubidea dugu», adierazi zuen Juan Luis Garcia-Gallardo hautagaiak, atzo, hedabideen aurrean. Eta Mañuecok ez dio muzin egiten aukera horri: «Ez dut ezer baztertzen. Ez dago marra gorririk; programaz hitz egin behar da». Aurrenekoz egongo lirateke gobernu batean elkarrekin.
Aurreratutako hauteskundeak izan ziren, eta PPk 31 aulki lortu zituen, 2019koetan baino bi gehiago. PSOE izan zen indarrik bozkatuenetan bigarrena, 28 aulkirekin, baina aurreko bozekin konparatuta zazpi diputatu galdu zituen, eta baieztatu gain behera doala Espainian. Voxek nabarmen egin du gora: hamahiru aulki, aurrekoetan baino hamabi gehiago. Ciudadanosek zartakoa hartu du: lehen 12 diputatu zeuzkan, eta orain, bakarra.
Alderdi laranjarekin koalizioan gobernatu du Mañuecok 2019tik. Bien arteko harremanak inoiz ez dira oso onak izan erkidego horretan, eta iazko urtearen amaieran hauteskundeetara deitu zuen presidenteak, argudiatuz Ciudadanosek eta PSOEk zentsura mozio bat egin nahi ziotela, horretarako «arriskua» zegoela. Genovak uste zuen legegintzaldia amaitu aurretik bozak eginez gero Madrilgo erkidegoan Isabel Diaz Ayusorekin iaz egindako jokaldia errepikatu eta Gaztela eta Leonen gehiengoa lortuz gobernatu ahal izango zutela.
Ez da halakorik gertatu, ordea. Voxek presidenteordetza nahi du, Santiago Abascal ultra eskuinekoen buruak herenegun adierazi bezala. Gainera, gobernuan egoteko, baldintzak jarri dizkio PPri: erkidegoko genero indarkeriaren kontrako araubidea eta memoria historikoarena bertan behera uztea. Teodoro Garcia Egea PPko idazkari nagusiari galdetu zioten atzo, elkarrizketa batean, ea PPk Voxekin koalizioa osatuko duen. «Koalizio gobernuen esperientziak ez dira oso egokiak izaten ari», erantzun zuen. Genovak, a priori, koalizio gobernu hori saihestu nahi du orain. Izan ere, Andaluzian (Espainian) urtea amaitu aurretik dira hauteskundeak egitekoak, eta pentsatzen dute aliantza horrek ezkerrari argudio on bat emango liokeela haien aurka erabiltzeko. Inkesten arabera, Andaluzian eskuin muturrarekin koalizioa osatu beharko luke agintean jarraitu ahal izateko; ez luke beste alternatibarik. Orain Ciudadanosekin dago gobernuan, eta ultrek babestu egiten dute.
Trebiñuko konderria
Trebiñuko konderrian botoa eman duten herritarren kopurua 20 puntu jaitsi da 2019ko bozetako datuekin alderatuta. PSOE izan zen lehen indarra: igorritako 402 botoetatik 111 lortu zituen. PPk 101 boto lortu zituen, eta Podemos-IU-AV koalizioak, 71 boto. Argantzonen ere PSOEk lortu du boto gehien (46), eta Podemos-IU-AV izan da indarrik bozkatuenetan bigarrena (36).
PPk ez du baztertzen Gaztela eta Leonen Voxekin gobernatzea
PPk irabazi ditu bozak, baina ziurrenik ezingo du bakarrik gobernatu. Mañuecok alderdi guztiekin hitz egingo du, «marra gorririk» jarri gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu