Espainiako PP alderdiko zuzendaritzak apirilaren 1erako deitu ezohiko kongresura. Pablo Casadoren aroaren osteko lehen batzarra izango da, eta, itxura guztien arabera, Alberto Nuñez Feijoo galiziarraren aroko lehena. Galiziako presidenteak ez du esan oraindik alderdiko presidente izateko aurkeztuko den, baina bihar Galiziako PPren zuzendaritza bilera batera deitu du, eta asmo hori iragartzea espero da.
Sevillan egingo du biltzarra PPk, eta 2018ko kongresuak izan zuen araudi berbera baliatuko dute, inork bere mesederako aldatu ez duela ziurtatzeko. 3.109 konpromisariok izango dute parte hartzeko aukera. Esteban Gonzalez Pons izango da kongresua antolatzeko batzordeko presidente; Juan Carlos Vera idazkariaz gain, autonomia elkarte bakoitzeko ordezkari batek osatuko du batzorde hori.
Hautagaitza aurkeztu nahi dutenek martxoaren 8aren eta 9aren artean eman beharko dute izena, eta, hautagai izendatu dezaten, gutxienez ehun afiliaturen babesa aurkeztu beharko dute. Martxoaren 11n hasiko dute kanpaina, eta hilaren 20an amaituko da. Kongresuan bere ondorengoa aukeratu bitartean, Casadok jarraituko du alderdiaren presidentetzan.
Bihar beteko dira bi aste PPk inoiz izan duen barne krisi handiena sortu zenetik. Pablo Casadok irregulartasunak leporatu zizkion Isabel Diaz Ayuso Madrilgo autonomia erkidegoko presidenteari, eta ordu batzuetan inoiz ez bezalako arrakala batek zatitu zuen alderdia.
Hasieran Casadoren eta Ayusoren arteko tirabira bat izan zitekeela zirudien arren, egunak pasatu ahala PPko hautetsi eta kargudunek ez bat eta ez bestea ez zuten balekotzat jo etorkizunari begira, eta alderdia zuzentzeko Nuñez Feijoo Galiziako presidentearen aldeko ahotsak ugarituz joan dira azken egunetan.