Topikoetan topikoena Galiziako politikaz aritzean: herrialde kontserbadorea dela, eskuindarra. Ezinbestean, irudipen hori sortu eta elikatu baitu PPG Galiziako Alderdi Popularraren hauteskundeetako nagusitasunak: 1981etik hona 37 urtez gobernatu du, eta horietako 31tan, gainera, parlamentuko eserlekuen gehiengo osoarekin. Hau da, Xuntak 43 urte beteko ditu aurten, eta soilik sei urtez ez da egon PPGren esku gobernu horretako presidentetza. Galizia, politikoki behintzat, eskuindarren gotorleku bat da, kopuru horiek aintzat hartuz gero.
Errealitatea, halere, topikoaz harago doa. Xehetasunak eta ñabardurak aztertzeak bestelako ikuspegi bat ematen baitu. Hau da Galiziako politika egiazki, Paloma Castro Zientzia Politikoetan doktore eta Santiagoko Unibertsitateko Ikerketa Politikoen Taldeko ikertzaileak azaldu duenez: «Hemengo hautesleria, gauza guztien gainetik, moderatua da. Galizian, badira boto emaile kontserbadoreak eta boto emaile progresistak. Toki guztietan bezala. Hemen gertatzen dena da lehia ez dela muturreko jarreren ingurukoa, ez baitago hori gertatzea sustatzen duten elementurik».
Topikoa, hortaz, «ez da erabat zuzena». Kasurako, egun, PPG dago Galiziako Xuntan, eta gehiengo osoa du parlamentuan, baina hirietan eta probintzietan, oro har, PSdeG Galiziako Alderdi Sozialistak eta BNG Bloke Nazionalista Galiziarrak gobernatzen dute. Eta Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, esaterako, hainbatetan gertatu da ezkerreko alderdiek eskuinekoek baino boto gehiago jasotzea; oso atzera joan gabe, iazkoetan eta 2019ko azarokoetan, esaterako.
Horrek guztiak agerian uzten du, beraz, Galizia kontserbadorea eta eskuindarra delako ideia ez dela arras egia. Eta, aldi berean, ez du ezeztatzen PPGk baduela nagusitasuna; baina, batez ere, agerian uzten du topikoa Galiziako Parlamenturako bozez elikatu dela, beste hauteskundeez bainoago.
Eskuindarren hamarkadotako garaipenak oso nabarmenak izan baitira. Eserleku kopuruari dagokionez, goia 1993ko hauteskundeetan jo zuen PPGk, Manuel Fraga buruzagi zuenean: jokoan zeuden 75 aulkietatik 43 lortu zituen. Babesari erreparatuz gero, lau urte geroago jaso zuen boto gehien, 832.751 boto paper, Fraga oraindik ere lider zuela; orduan lortu zuen, ordezkaritzari dagokionez, bere emaitzarik onenetan bigarrena, 42 diputatu.
Eta azken hauteskundeetan ere, 2020koetan, aulki kopuru hori bildu zuen PPGk, baina koronabirusaren pandemia zela-eta parte hartzea txikiagoa izan zen, eta 627.762 boto jaso zituen, Alberto Nuñez Feijoo laugarren aldiz jarraian presidentegai aurkeztu zen horretan.
Alderdi orok bezala, hamarkadotan gora eta behera egin du PPGk, baina beti izan da babesik handiena jaso duen indar politikoa Galiziako Parlamenturako hauteskundeetan. Nagusitasun horren atzean hiru arrazoi daude, Castrok elkarrizketan azaldu duenez: batetik, jakin izan zuela lurraldean sustraitzen —«gainerako alderdiak batuta duten militantzia halako bi dauka»—; bigarrenik, profil galegista duela; eta, hirugarrenik, ez duela lehiakiderik izan eskuinean.
«Hautesleria transbertsala»
«PPGk hautesleria oso transbertsala du, boto emaile talde guztietan dago; dela adinaren araberakoa, dela udalerriaren tamainaren araberakoa... Hori zergatik? Sustraiak Galizia osoan dituelako. PPG oso presente dago lurralde guztian, eta horrek balio izan dio bere burua aurkezteko Galiziaren interesak defendatzen dituen alderdi gisara», azaldu du Zientzia Politikoetan doktore eta Santiagoko Unibertsitateko Ikerketa Politikoen Taldeko ikertzaileak.
Hori bai, badira zehaztapen batzuk: hirietako boto emaileek «errazago» eta «azkarrago» aldatzen dutela botoa landa eremuetakoek baino, eta, oro har, gazteek ezkerreko alderdi politikoen alde egiten dutela. «Baina, esandakoa, PPGk, hainbeste sustrai dituenez, gehiagotan mantentzen du bere aldeko botoa».
Fragaren, Feijooren, Mariano Rajoyren eta, orain, Alfonso Ruedaren alderdiak dituen sustraiak ulertzeko, atzera egitea ezinbestekoa da. Galiziako Parlamenturako lehen hauteskundeak 1981ean egin zituzten, eta ezustea AP Aliantza Popularraren adarraren —PPG bihurtu aurreko alderdiaren— garaipena izan zen, ordu hartan UCD Zentro Demokratikoaren Batasuna baitzen nagusi. Lehen posturako lehia estua izan zen: ganberak 71 aulki zituen orduan, eta APk horietako 26 bildu zituen; UCDk, berriz, 24.
Garai hartan hasi zen eratzen PPGk egun duen nagusitasuna. Castroren ustez, APren Galiziako adarrak jakin izan zuen ulertzen zer esan nahi zuen Galiziak autonomia estatutua izatea, horrek berekin ekarri baitzuen beste agertoki baten sorrera, eta lehia politikoaren «ardatzak» aldatzea.
Interpretazio horretarako gaitasunaz gain, Galiziako APk, hasiera-hasieratik, profil galegista bat izan zuen; eta, gerora, noski, PPGk. «Galegismoa da, modu batera esatearren, galiziar nazionalismo light bat. Galiziar sentimenduari garrantzia ematea da, asmo nazionalistarik gabe; hau da, Galizia nazio gisa aldarrikatu gabe. Horren erakusle da APk 1981eko bozetarako erabili zuen leloa: Galego coma ti [Zu bezala, galiziarra]».
Galegismoaren adibide bat hizkuntzaren afera da: PPGk ez du inoiz elebakartasuna defendatu, baina ez dio uko egin galizierari. «Are, hori erabiltzen du»; kasurako, egunotako kanpainako mitinak eta bideoak ikustea besterik ez dago, ia guztiak hizkuntza horretan egin baitituzte. Eta Alfonso Rueda Xuntarako presidentegaiak joan den ostegunean esandakoa ere adierazgarria da, TVG Galiziako telebista kate publikoan egin zioten elkarrizketan: «Nazionalitate historiko bat gara. Nik ez diot inori ezer kendu nahi, baina ezin dugu onartu guri kentzea gurea dena».
«Galegismoa, nolabait esatearren, galiziar nazionalismo light bat da. Galiziar sentimenduari garrantzia ematea da, asmo nazionalistarik gabe».
PALOMA CASTRO Santiagoko Unibertsitateko Ikerketa Politikoen Taldeko ikertzailea
Horretaz aparte, PPGren galegismoak badu beste elementu bat, oinarrizkoa dena: nazionalismo galiziar mota horrek ez duela «inoiz borrokarik nahi» nazionalismo espainiarrarekin.
Hori guztia sustatu zuen Galiziako APk 1981etik aurrera, Xuntara iritsi zenean. Erakunde publikoetan egoteak —«lehen aldiz maila lokalekoa ez zen batean», Castrok zehaztu duenez— balio izan zion, gainera, organizazio gisa garatzeko. Eta Galizian agintean egotea modu bat izan zen bere burua PSOEren aurrean alternatiba gisa aurkezteko: batetik, alderdi horrek, 1982an, aulkien gehiengo osoa lortu baitzuen Espainiako Diputatuen Kongresuan; eta, bestetik, 1983an, behin erkidego guztietako parlamentuetarako lehen bozak eginda, APk soilik Balearretan, Galizian eta Kantabrian lortu baitzuen boterera iristea.
Xunta eta alderdia
Testuinguru horretan, 1980ko hamarkada hasieran hasi zuen Galiziako APk kartelizazioa deiturikoa. Kontzeptuaren azalpena eman du Castrok: «Administrazioko erakunde publikoen eta organizazioaren arteko fusioa da. Horrek balio izan zion gizartean errazago sartzeko».
Bi gertakarik egin zuten bat garai hartan. Kartelizazioak, eta aldi berean eraiki zituztela Galiziako APren egitura eta herrialdeko erakundeak. «Eta horrek eragin zuen alderdia Xuntarekin identifikatzea».
Horretan guztian Fragak rol erabakigarria izan zuen —APko presidentea izan zen 1979tik 1987ra, eta Galiziako Xuntakoa 1990etik 2005era—. Galizian probintzia mailako buruzagitza asko zeuden, eta hark lortu zuen alderdiaren kohesioa, batasuna sustatu baitzuen; aldi berean, «buruzagi indartsu» gisa indarra hartu zuen alderdian, eta irudi hori «saldu» zien herritarrei.
Haren gidaritzapean, PPGk Galiziako Parlamenturako bost hauteskunde irabazi zituen jarraian, 1989tik 2005era, eta soilik azken boz horietan ez zuen aulkien gehiengo osoa lortu. Orduan utzi zuen alderdiaren zuzendaritza.
Ondoren etorri zen Feijoo. «Hark ere ideia horretan sakondu zuen, alderdia elkartuta mantentzearena. Eta ez zuen izaera presidentzialista hori ahaztu. Hasieran, haren buruzagitza teknikoagoa izan zen politikoagoa baino, baina, gero, pixkanaka, aldatu egin zuen». Harekin ere, kontserbadoreek lau aldiz jarraian irabazi zituzten bozak —horietan guztietan diputatuen gehiengo osoa jasota—, eta PPGk Galiziako boterean jarraitu zuen. Orain arte.
Aintzat hartzeko beste elementua alderdi horren arrakasta azaltzeko, Castroren arabera: beste inork ez duela lortu Galiziako eskuineko esparru politikoan sartzea. Ez UPD Batasuna, Aurrerapena eta Demokraziak, ez Ciudadanosek, ezta Voxek ere, adibide batzuk aipatzearren. Boto pilaketa, hortaz, alderdi bakarrean egin da.