Erabateko krisia sortu du Gurtel auziaren erabakiak Espainiako Gobernuan, nahiz eta agerikoa dena ukatzeari eusten dioten. Bezperan EAJren laguntzari esker aurrekontuen pisua kenduta ere, zaila izango du epaitegietatik datorkion zama arintzea, Auzitegi Nazionalak baieztatu egin baititu PPko buruzagi nazionalek zeuzkaten zantzurik okerrenak: alderdia erantzule zibila dela erabaki dute epaileek; frogatutzat jo dute alderdi popularrak B kutxa bat zuela, finantza egitura paralelo bat, gutxienez 1989tik 2008ra, —B kutxa beste prozesu batean aztertuko dute—, eta «ustelkeria instituzionalerako sistema bat eratu» zela alderdiaren eta Francisco Correaren enpresen artean, «egiazko sistema eraginkor bat, kontratazio publikoetarako manipulazio mekanismoak erabiliz, Madrilgo, erkidegoetako eta udaletako eragin handiko PPko militanteen bidez».
Auzitegiak ondorioztatu du Francisco Correa enpresariak zuzendu zuela ustelkeria sarea —51 urteko zigorra ezarri diote—, eta Jose Maria Aznarren garaiko PPn zabaldu zuela. Mariano Rajoy presidentetzara heldu zenean, berriz, Valentziara zabaldu zituen ekintzak Correak. Aznarren hamalau ministroetatik hamabi daude hainbat auzitan nahasiak —azkena, Eduardo Zaplana ministro ohia, atzo espetxeratua—, baina atzoko erabakiak oinordekoengan ere jarri du ardura.
Auzitegiak dioenez, Correarenenpresek 8,4 milioi euro jaso zituzten kontratu publikoen bidez, eta haiek puztuz, eta 2,85 milioi euro enpresa pribatuen eta administrazioaren artean bitartekaritza lanak egitearen truke. Correa espetxean dago Gurtel auziko Fitur piezagatik —hamahiru urteko espetxe zigorra ezarri zioten—, eta beste erabaki bat ateratzekotan da haren kontra, Valentziako PPren ustezko B kutxa dela eta.
Barcenas, erdigunean
Luis Barcenas PPko diruzain ohia izan zen iruzurrerako ezinbesteko pieza, Auzitegi Nazionalaren erabakiak dioenez. Correak aurkeztutako enpresariei kontratu publikoak errazten zizkien—33 urteko espetxe zigorra jarri diote—. Diruzaina zenez, erraz-erraza zuen obra publikoen kontratuen adjudikazioa lortzea, komeni zitzaion moduan, eta, kontratua egiterakoan, kostua puzten zuen, irabaziak kontratuarekin zerikusia zutenen artean banatzeko. Erabakiak dioenez, «alderdiak berak zegokion etekina jasotzen zuen».
2003, 2006 eta 2007an, berriz, sei milioi euroko zerga iruzurra egin zuen, eta haren emazte Rosalia Iglesiasek —hamabost urteko espetxe zigorra— parte hartu zuen 48,2 milioi euro ezkutatzen, Suitzan. Iglesiasek berak berezko errentak ere ezkutatu zituela dio epaiak, eta, beraz, ez duela balio haren defentsak emandako argudioak, alegia, ez zeukala inondik inora leporatu dizkioten delituak egiteko adina informazio.
Barcenasek B kutxari buruzko paperak haizatu zituenean, PPko buruzagiak dardarka jarri zituen alderdiko buruzagi asko eta asko seinalatzen hasi zenean, baina prozesuan jarrera aldatu zuen, eta analista askoren ahotan egon da akordio bat egin zutela bi aldeen artean. PPko iturriek, ordea, kezka azaldu dute egoera erabat alda daitekeelako haren emazte Iglesias espetxeratzen badute: Mariano Rajoy eta Maria Dolores de Cospedal Defentsa ministro eta PPren idazkari nagusia jar ditzake jopuntuan.
1.687 orrialde ditu erabakiak, eta 37 akusatuetatik 29 zigortu dituzte, delitu hauek leporatuta: administrazio publikoari iruzurra egitea, dokumentuak faltsutzea, diru publikoa bidegabeki erabiltzea, prebarikazioa, dirua zuritzea, ogasunaren kontrako delitua, lapurreta, eta kontratazioetan eragitea. PPri dagokionez, auzian frogatutzat jo dute alderdiak 111.186 euro baliatu zituela Pozuelo de Alarcongo (Madril) 2003ko kanpainarako, eta133.628 euro Majadahondakorako (Madril). Ana Mato Osasun ministro ohiak ere dirua baliatu zuela ondorioztatu dute, eta 27.857 euro ordaindu beharko ditu Correaren sareak bidaietan eta oparietan haren senar ohi Jesus Sepulvedari ordaindutakoaren ondorioz. Sepulveda Pozuelo de Alarcongo alkate zen orduan—hamalau urteko espetxe zigorra jarri diote—.
Prozesu luzea
Auziak luze jo du, eta oraindik bide luzea du egiteko. Majadahondako PPko zinegotzi batek abisua eman zuen duela hamarkada bat: «Ustelkeria sare erraldoia dago herri honi eragiten diona, baina batez ere PPri». Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaile ohiak abiatu zuen ikerketa, eta Pablo Ruzek jarraitu zuen, hura ordezkatuta. Epaiketa 2016ko urriaren eta iazko azaroaren artean egin zen, eta arreta berezia sortu zuen Mariano Rajoyk lekuko gisa egin zuen bistak. Lekuko gisa joan zen epaitegira, eta adierazi zuen bere alderdiak ez zuela «sekula» dirurik jaso, eta nabarmendu zuen inoiz ez dela alderdiaren diru kontuez arduratu, baizik eta politikez soilik. Auzitegi Nazionalaren erabakiak zalantzan jarri du Rajoyren sinesgarritasuna, B-n ordaindutakoak ukatu zituelako. Besteak beste, Javier Arenas eta Francisco Alvarez Cascoren adierazpenak ere auzitan jarri ditu.
Gurtel auziak azken hamar urteotako agenda politikoan eragin du, eta PPko hainbat kide erori dira bidean. Laugarren epaiketa izan da hau. Lehen auzian, Francisco Camps Valentziako presidente ohia auzipetu zuten, sareak trajea oparitzen zizkiola eta. Bigarren epaiketa ere Valentzian izan zen, Fiturreko feriako Generalitatearen kontratuak sareak bereganatzeagatik. Hirugarrena, berriz, Valentziako B kutxari buruzkoa izan zen. Horrez gainera, Lezo eta Punica auzi mardulak martxan dira, eta Madrilgo puntako PPko buruzagiak erne daude, hilabeteotan zer etorriko.
Espainiako Gobernua. PPren ustelkeria
PP egin dute erantzule
Auzitegi Nazionalak egiaztatu du alderdiak B kutxa bat zuela eta «ustelkeria instituzionalerako sistema bat eratu» zutela Francisco Correa enpresariarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu