Postalaren ifrentzua

«Volem viure i jugar al carrer», aldarrikatzen zuten gaur zortzi Barcelonetako (Bartzelona) haurrek, turismo masifikatua salatzeko egindako manifestazioan. Kalean bizi eta jolastu nahi dutela, alegia. Eta zail dutela, gero eta zailago, turistez jositako Mediterraneoko hiri postalezkoan. Zailtasunoi aurre egin nahi diete.

Bartzelonako Ramblak, jendez gainezka. Turistek hartua dute egun garai batean bartzelonarren topagune izan ohi zena. Kontraste handien plaza ere bada. MARIA REY.
Bartzelona
2014ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Garai batean bartzelonarren topaleku izandako Ramblak ibilbide debekatua dira bertakoentzat egun, munduko bazter guztietatik iritsitako mexikar kapela typical Catalan-ez jantzitako paella izoztu eta sangria epelaren zaleen oldeek hartuta. Ramblen erdian dago Boqueriako merkatu ezaguna, bere 300dik gora postuekin. Oinarrizko beharrak asetzeko gunea zena turisten pasealeku bihurtu da, eta bertako jende askok utzi egin dio bere betiko merkatura joateari, postuen arteko kalexketan barrena ibili ezinik. Merkatuko saltzaileak ere kexu dira, turistek gehienetan begiratu, ukitu eta ezer erosten ez dutelako.

Boqueria ondoko Sant Agusti plazan, aldi berean, jantoki sozialeko ilaran elkartzen dira beste batzuk, sabeleko harrak baretu ahal izateko. Argi distiratsuko postal erakargarri honek pobrezia latza baitu bere ifrentzuan, Rambletatik metro gutxi-gutxira. Pobrezia, miseria, alkoholismoa, desnutrizioa, droga mendetasuna, bakardadea, bazterketa soziala eta aurrerapenaren gainerako kalte-ordain saihetsezinak.

Kalean gora jarraituz, sexu langile afrikarrak ageri dira, Liceu opera antzoki ponpoxoaren inguruan laztan erosien bila datozen turista errarien zain. Bertako prostitutazaleek Robadors kalera jotzen dute, Filmotecaren eraikin dotorearen eta CCOO eta UGTren egoitza ikusgarrien parez pare. Barcelo hotela dute ondoan, Salvador Segui Noi del sucre anarkosindikalistaren izen bereko kalean, Rambla del Ravalen elkartzen diren etxegabe, titiritero, mozkor, bizilagun eta jende mosaiko koloretsu eta pobreari begira bere bost izar eta gaueko 200 euroko logela iraingarrietatik.

Ohi bezala, mossoen bi furgoneta daude rambla erdian, Boteroren katu erraldoiaren ondoan. Handik metro gutxira, Espainiako Polizia Nazionalaren Muga Zaintzako auto bat, paperik gabeko atzerritar azal ilunen ehizan, eta ordu laurdenetik behin Guardia Urbanako bi moto, «zure onerako bideoz zaindutako» auzo kriminalizatura segurtasuna ekartzen.

Raval, 'Barri Xino'

Barri Xino esan izan diote historikoki auzoari, harik eta onargarri bihurtzeko Raval ezizena jarri zioten arte, eta kopla horrekin datoz AEBetako bi turista Rambla del Ravalen galduta, Bartzelonako Chinatownen bila. Txinatarrik ez, ordea, inguruotan; bai, aldiz, pakistandarrak, bangladeshtarrak, filipinarrak, marokoarrak, aljeriarrak, ijito katalanak, katalan ez-ijito gutxi batzuk, Afrika Beltzeko bartzelonarrak, errumaniarrak… ehundik gora hizkuntza biltzen dituen NBE proletario honetan.

1992ko Olinpiar Jokoekin batera erdigunea modernizatu, txukundu eta homologatzeko asmoz ehunka eraikin eraitsi eta milaka auzotar kanporatu zituzten auzoaren erdigunea osatzen duen Rambla del Raval honetan, Bartzelona osoa bizitzen ari den gentrifikazio prozesu edo klase borroka urbanistikoaren adibide ugari aurkitzen dira: pakistandar janari denda, turkiar shawarma jatetxe eta afrikar lokutorioen ondoan, zortzina euroko hanburgertegi hipsterrak zabaldu dituzte, orain arte fish&chips merke askoa zegoen lokal berean.

El Lokal bilgune libertarioko arduradun Iñaki Garcia elgoibartar txikitan bartzelonartuak azaltzen duenez, «Ravaleko gentrifikazioa MACBA arte garaikideko museoa, CCCB kultura garaikideko zentroa eta Bartzelonako Unibertsitateko Historia eta Filosofia campusa eraikitzearekin batera hasi zen, eta auzo osora hedatuz joan da olio tanta bat bezala». Kulturaren eta modernotasunaren tenplu garaikideok diseinuzko lokalak eta vintage dendak ugaltzea ekarri dute, eta alokairuek gora egin dute horren ondorioz.

Garciak azpimarratzen duenez, «lokalen errenta igotzea galarazten zuen Boyer Legea indarrik gabe geldituko da abenduaren 31tik aurrera, eta Zarak eta antzekoek baino ezin izango dituzte ordaindu orain arteko 800 euroen ordez aurrerantzean eskatuko dizkiguten 3.000 euroak. Guk, hogeita hamar urtean hemen izan eta gero, seguruenik ospa egin beharko dugu, eraikuntza enpresa batek erosi baitu gure eraikina».

Garestitzea, desagertzea

Francesc Boixaderrek gertutik ezagutu ditu garestitze prozesu horrek dakartzan ondorioak, Ramblaren beste aldetik, Gotic auzotik: «Azken urteetan desagertuz joan dira gertuko dendak; ez da harategi edo arrandegirik gelditzen auzoan; eta betiko janari denda txikien lekuan Messiren kamisetak eta Bartzelonako souvenir-ak saltzen dituzten horietakoak zabaldu dituzte». Horrek izugarri zailtzen du auzo bizitza egitea, eta bizilagunen sareak eta harremanak indartzea.

Horixe salatzen du Reme Gomezek, Goticeko Auzo Elkarteko presidenteak. Izan ere, ezinezkoa gertatzen da Gotic eta Born auzoetako kale estuetan ibiltzea, PPren babesarekin CiUk onartutako Terrazen Araudi berriaren ondorioz, bazter-zoko guztietara zabaldu diren terraza nonahikoak itota. Dioenez, Gotic auzoa beti izan da «hiriko bizitza politiko, administratibo, ekonomiko eta komertzialaren erdigunea», eta ohituta daude egun-pasa edo tramiteak egitera datorren jendearekin bizitzen. «Hemengo bizimodua ez da inoiz erresidentziala izan bakarrik, baina olinpiar jokoekin oreka hori hautsi, eta auzoa turismoaren mende jartzen hasi ziren. Orduz geroztik, Ciutat Vella osoa, baina Gotic bereziki, salgai egon da, eraikuntza enpresen eta hotelen lobby-aren patrikak loditzeko, azken lauzpabost urteotan neurria zeharo galtzeraino».

Abuztuko turismo egun gorenetan, auzotar adina turista iristen dira hiri erdigunera kolpetik, denak Ramblak-Boqueria-Gotic-Museu Picasso-Corte Ingles eta antzeko liluragarri ezin galduzkoak bisitatzera, bertakoak arrotz sentiaraziz. Erakusleiho erraldoi bateko manikiak sentitzen dira auzotarrak, eta gero eta gutxiago dira bertan gelditzeko indarra, dirua edo aukera dutenak. Gotic eta Born auzoak zeharo husten ari dira, bertakoak alde egiten ari baitira, alokairuak ordaindu ezinda, turisten zarata eta joan-etorri etengabea jasan ezinda, edo mobbing-aren ondorioz.

Apartamentu turistikoen eta terrazen izurrite erdian indarrik gabe sentitzen dira bizilagun eta merkatari asko. Jack Fazal La Flor de Maig jatetxeko nagusiak salatzen duenez, «apartamentu horietara datozenek ez dute bertako taberna eta jatetxeetan gasturik egiten», jan-edanak supermerkatuan erosi, eta etxean prestatzen baitituzte. «Horren ondorioz, guk turismoaren kalteak baino ez ditugu jasaten, batere irabazirik jaso gabe».

Turismorako etxeotan ez ezik, kalean ere elkartzen dira turistak jan-edatera. Zibismoaren Ordenantzak halako jarduerak debekatuak ditu, ilehori ingeles nahiz frantsesdunen kasuan izan ezik. Bizikidetza normalizatzea, hots, hiriek berezkoa duten anabasa eta gatazka periferiaratzea bilatzen duen arau sorta horrek debekatu egiten du kalean edatea, lo egitea, sexua saltzea, eskean ibiltzea… pobre izatea, alegia. 80.000 etxebizitza huts eta milaka etxegabe dituen hiri honetan isunak jartzen zaizkie kalean lo egiten duten pobreei, itsusi egiten dutelako saldu nahi duten postalean.

Jendea pobrea baita Espainiako estatuko superabitik handienetakoa duen hirian. Haurrak gosari gabe gelditzen dira eskolan murrizketen ondorioz; hamahiru etxegabe hil dira kalean joan den hamarkadan; ravaldar asko argindarrik gabe bizi da kobazulo tankerako atarietan ezkutatzen diren ehunka etxe osasungaitzetan; hemengo bizi-itxaropena hamar urte laburragoa da auzo aberatsetakoa baino; etxegabetze isil lotsatuen hondarrak ikusten dira kaleetan egunero, maleta sotil bat hor, armairu xume bat han, katalan eta gaztelania arteko hizkera trauskil batean mintzo diren pakistandar cricket jokalari gaztetxoen alboan. Musuen kalea, Suzko Arrosa liburu denda eta Elkartasunaren Etxea metro gutxitan biltzen dituen auzo zoragarrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.