Porturatu zain, «tragedia arriskuan» dago 'Open Arms' erreskate ontzia

Bruselak ezin dio migratzaileen banaketa lanari ekin «ontzia porturatu arte». GKEaren eskaerari erantzunez, Italiako Fiskaltzak erabaki du ikertzen hastea ea pertsonak bahitu dituzten

Open Arms erreskate ontzitik ebakuatutako lau migratzaileak, atzo, Lampedusako portura iristen. STR / EFE.
2019ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Hamasei egun pasatu dira Open Arms ontziak lehenengo erreskatea egin zuenetik, eta blokeatuta jarraitzen du, Italiako Lampedusa uhartearen aurrean, Tripolitik 290 kilometrora eta Siziliatik 220 kilometrora. Izan ere, oraindik indarren dago Matteo Salvini Italiako Barne ministroak ezarritako debekua: ontziak daramatzan 134 migratzaileak ezin dira porturatu. Veronica Alfonsi Open Arms GKE gobernuz kanpoko erakundearen Italiako bozeramailearen arabera, egoera «oso larria» da. Atzo azaldu zuenez, «ontzian jarraitzen duten pertsonek beste batzuk erreskatatu dituztela ikusi dute», eta horrek «aztoramena» sortu du. Alfonsiren ustez, migratzaileak «Libiara deportatuko dituzten beldur dira». AgrigentokoFiskaltzak (Italia) pertsonak bahitu ote dituzten argitzeko ikerketa bat zabaldu du, Open Arms-eko abokatuen salaketei erantzunez.

Open Arms-ek migratzaile guztiak porturatzeko «presazko baimena» eskatu zuen atzo, haien «egoera fisikoa eta psikologikoa oso kezkagarria» zela iritzita. Herenegun, bederatzi lagun ebakuatu behar izan zituzten arrazoi berarengatik. Alessandro Di Benedetto ontziko psikologoak «tragedia arriskua» dagoela adierazi du. Oscar Camps GKEaren sortzaileak salatu du Italiak ez duela bete hango auzitegi batek aurreko astezkenean emandako agindua. Izan ere, auzitegi horrek, ontziari Italiako uretan sartzeko baimena emateaz gain, bertan zeuden migratzaileei «berehala laguntzeko» agindu zuen. Campsek nabarmendu duenez, Open Arms-en egoera «jasangaitza» da.

Salvinik, ordea, argi utzi du ez duela jarritako betoa kenduko. Honako hau adierazi zuen atzo bere Twitter kontuan: «Portuak berriz irekitzea? Nire izenean ez! Gizagabetasun bakarra immigrazio ilegalaren negozio nazkagarriari mesede egiten diotenena da».

Salvatore Mariella Lampedusako alkateak Open Arms-i porturatzen uzteko eskatu zuen. «Arazo serio bat dagoenean, alferrikakoa da migratzaileak banan-banan jaistea», azaldu zuen Mariellak. Alkateak ez du ulertzen «ontziari porturatzeko baimenik ez ematea», eta nabarmendu zuen Lampedusa hiria «barregarri» geratu dela.

Margarita Robles Espainiako jarduneko Defentsa ministroaren ustez, berriz, Espainiako Gobernuari «ezin dio inork eman solidaritatearekin edo eskuzabaltasunarekin lotutako leziorik». Roblesek adierazi zuenez, «Open Arms-en gertatzen ari dena garrantzitsua da, baina garrantzitsuena da jendea herrialde horiek uztera bultzatzen duen arrazoia». Eta zera gehitu zuen: «Giza zorigaitz horien kontra borrokatzeko, ezinbestekoa da nazioarteko komunitatearen konpromisoa». David Sassoli Europako Parlamentuko presidenteaontzia porturatzearen alde azaldu zen: «Italiako agintariek egoeraren larria ulertzea espero dut, eta Open Arms ontzia gaur bertan porturatzea ».

Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak herenegun jakinarazi zuenez, EB Europako Batasuneko zenbait herrialde erreskate ontzian dauden migratzaileak hartzeko prest daude: Frantzia, Alemania, Errumania, Luxenburgo, Portugal eta Espainia. Europako Batzordeak atzo adierazi zuenez, ordea, ezin diote migratzaileen banaketa lan horri heldu «ontzia porturatu arte». Tove Ernst Europako Batzordeko Migrazio bozeramaileak gogorarazi zuen Bruselak ez daukala «eskumenik» Open Arms-ek non porturatu behar duen erabakitzeko. Hala ere, salatu zuen ontzian daudenen egoera «jasanezina» dela, eta «konponbide jasangarriak» aurkitu behar dituztela.

'Ocean Viking', noraezean

Sos Mediterranee eta Mugarik Gabeko Medikuak GKEen Ocean Viking itsasontzia ere Mediterraneoan dago, noraezean. Erreskate ontziak lau operaziotan jasotako 356 migratzaile daramatza, eta, Sophie Rahal Sos Meditarraneeko arduradunetako batek atzo azaldu zuenez, Italia eta Maltako uretatik «gertu» daude. Italiak ez dio erantzun GKEak bertan porturatu ahal izateko egin zion eskaerari, eta Maltak, berriz, migratzaile horiek bere «afera» ez direla adierazi zuen, erreskateak hango uretatik kanpo egin zirela iritzita. Hori azaldu zuen Rahalek. GKEaren buruak nabarmendu zuenez, ez dago «presazko» ebakuazio baten beharra duen migratzailerik, baina gogorarazi zuen batzuek astebete daramatela ontzian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.