Portugal, egonkortasun politikotik ziurgabetasunera

Bihar parlamenturako bozak egingo dituzte, eta, hiru legegintzaldiren ostean, baliteke PSk boterea galtzea. Salazarren diktadura deuseztatu zutenetik mende erdi beteko den honetan, eskuin muturrak babesa orain halako bi handituko du, inkesten arabera.

(ID_13663651) PORTUGAL ELECTIONS
Pedro Nuno Santos PSren idazkari nagusi eta lehen ministrogaia —erdian—, Antonio Costa gobernuburu ohia alboan duela —ezkerrean—, hilaren 2an Porton (Portugal) egindako mitin batean. ANTONIO PEDRO SANTOS / EFE
ander perez zala
2024ko martxoaren 9a
05:05
Entzun

Kanpainan adierazitakoak aintzat harturik, Portugalgo gobernabidea, ezustekorik ezean, Pedro Nuno Santosen esku egongo da bihar gauetik aurrera.

Santos PS Alderdi Sozialistaren idazkari nagusi eta lehen ministrogaia da, eta ideia baten inguruan egituratu du bihar egingo dituzten parlamenturako hauteskundeetan jokoan dagoena. Boto emaileei bi aukerako jokaleku bat aurkeztu baitie: PSren alde egitea edo herrialdearen etorkizuna eskuin muturraren esku uztea.

Sozialisten hautagaia, ezinbestean, bozetako kanpainako protagonistetako bat bilakatu da. Eta ez garairik errazenean. Joan den azaroan ustelkeria ikerketa bat dela-eta Antonio Costak dimisioa eman ondoren, Santos PSren buruzagia bilakatu zen, eta, tartean, eskuineko koalizioak, AD Aliantza Demokratikoak —PSD Alderdi Sozialdemokratak eta CSD/PP Alderdi Popularrak osatua—, gora egin du inkestetan, eta lehen postuan amaitzeko moduan legoke.

Finean, zortzi urteren ondoren, baliteke PSk boterea galtzea. Hori da berritasuna. Eta aldaketa handia litzateke, batez ere kontuan harturik Costak aulkien gehiengo osoa lortu zuela aurreko hauteskundeetan, 2022an egindakoetan, eta sozialistak 2015etik gobernatzen ari direla.

Santosek esana du bere lehentasuna ezkerreko beste indarrekin koalizio gobernu bat egitea litzatekeela —BE Ezkerreko Blokearekin, eta komunisten eta ekologisten CDU Koalizio Demokratiko Unitarioarekin—, eta, beraz, 2015-2019ko legegintzaldiko Geringonça (tramankulua) aliantza ezaguna berriz osatzea. Baina inkestek diote hirurak batera ez liratekeela aulkien gehiengo osora iritsiko, boto emaileen multzo batek ez duelako nahi PSk boterean segitzea.

Portugalgo datu ekonomikoak aztertuz gero, Costak egoera onean utzi du herrialdea, baina horrek ez du bermatu osasun publikoko sektorean eta hezkuntzan arazoak egotea, eta, kasurako, etxe bat erosteko zailtasunak handitzea. Horrek guztiak, noski, eragin du ADren aldeko babesa handitzea, eta, batez ere, Chega eskuin muturraren aldekoa.

Hau ere bada bozetako gakoetako bat, Santosekin zerikusia duena: joan den otsailaren 19an, Luis Montenegro PSDren presidente eta Portugalgo lehen ministro izateko beste faboritoarekin izandako eztabaida batean, PSren idazkari nagusiak esan zuen ADren gobernuari bide emango liokeela koalizio hori bihar lehen indarra izanez gero. Horri esker, Santosen helburua zen ultraeskuinak eraginik ez izatea gobernabidean, eta, bide batez, boto emaileei aurkeztu zien agertokiaren ideia indartzea; gerora, ordea, ez du erabat berretsi hori egingo lukeenik.

Montenegrok esana du ez duela Chegaren aldeko botorik nahi gobernuburua aukeratzeko parlamentuko bozketan, baina inkestek ez diote behar adina babes aurreikusten eskuineko beste alderdi txiki batekin, IL Ekimen Liberalarekin batera gehiengo osora iristeko. Eta ADren lehen ministrogaiak ez du inoiz esan ezkerreko gobernu bati bidea irekiko liokeenik PS lehena izango balitz.

Hamabost puntu behera

Asteotako kopuruak, datuak eta informazio guztia kontuan hartuta, Portugalen ez dute batere argi zer gertatuko den gobernabidearekin. Betiere aurreikusitakoa betetzen bada, 2022an inork ez baitzuen espero PSk botoen %41 eta eserlekuen gehiengo osoa lortzea. Azken inkesten arabera, %25en inguruan legoke gaur egun.

Edonola ere, sozialistekin loturikoez harago, badirudi herrialdeak ezingo duela argudiatu, bihartik aurrera, eskuin muturraren gorakada gelditu duen estatu bakarretako bat izan dela. Batez ere Costarekin gertaturikoetan oinarrituta —justiziak ez du inputatu—, ustelkeriaren kontrako kanpaina egin du Chegak, eta badirudi estrategia eraginkorra izan dela, babesa halako bi baino gehiago handituko baitu inkesten arabera.

Eta hori garai berezian gertatuko litzateke, datorren hilabetean mende erdi beteko baitu 1974ko Krabelinen Iraultzak, Antonio de Oliveira Salazarrek finkaturiko diktadura deuseztatu zuen estatu kolpeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.