Katalunia

Ponsati, Comin eta Puigen kontrako euroagindua eman du Espainiako Auzitegi Gorenak

Pablo Llarena magistratuak Kataluniako hiru kontseilari kargugabetu eta erbesteratuen Espainiaratzea eskatu du. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Torrenti beste abisu bat eman dio, eta esan bertan behera uzteko Parlamentuko mahaiak tramiterako onartutako ebazpenak.

Clara Ponsati eta Toni Comin Kataluniako Hezkuntza eta Osasun kontseilari kargugabetuak, hurrenez hurren, Bruselan, joan den maiatzean.batean. AIDA SANCHEZ ALONSO, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko azaroaren 5a
15:38
Entzun

Clara Ponsati, Toni Comin eta Lluis Puig Kataluniako kontseilari kargugabetu eta erbesteratuak Espainiaratzeko euroaginduak igorri ditu Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko instrukzio magistratuak. Ponsatiren eta Cominen kasuan, sedizio delituagatik eta diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik eskatu du horiek Espainiaratzea. Eskozian dago Ponsati, eta Belgikan Comin. Eta Cominekin batera, Bruselan da Puig ere. Hari, berriz, diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatzen dio Llarenak.

Ponsatik, Cominek eta Puigek datozen egunetan aurkeztuko dute beren burua Eskoziako eta Belgikako epaileen aurrean. Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetu eta erbesteratuak babesa agertu die, bere gobernuan Hezkuntza, Osasun eta Kultura kontseilari izan zituenei. "Zuekin, beti!", idatzi du Twitter sare sozialean.

Fiskaltzak joan den astean eskatu zuen hiru kontseilari ohien kontrako euroagindua aktibatzea, eta eskari horri bide eman dio gaur Llarenak.

Magistratuak Puigdemonten kontrako euroagindua igorri zuen, hirugarrenez, Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako auziko zigor epaia jakinarazi eta ordu gutxira. Puigdemontek bere burua aurkeztu zuen Belgikako Justiziaren aurrean, handik hiru egunera. Bruselako epaitegiak abenduaren 16an aztertuko du presidente ohiaren kontrako euroagindua.

Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteak hitzeman du Puigdemonten Espainiaratzea gauzatuko duela. Hauteskunde kanpainako eztabaidan egin zituen adierazpen horiek, Pablo Casado PPko presidentegaiari erantzunez. "Zuei Puigdmeontek ihes egin zizuen. Ni hemen eta orain konprometitzen naiz hura Espainiara bueltan ekartzera, Espainiako justiziarekin zorrak kitatu ditzan". Puigdemontek Twitter bidez erantzun dio gaur Sanchezi. Presidente kargugabetuak ohartarazi dio bi modu dauzkala soilik bere hitza betetzeko: botere judizialari dagozkion erabakiak ministro kontseiluan hartzea eta botere banaketaren printzipioa urratzea, ala "pertsonen bahiketetara itzultzea, zure alderdiko [PSOEko] arduradunek iraganean egin ohi zuten bezala".

Konstituzionala, Torrenti abisuka

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak beste abisu bat eman dio Kataluniako Parlamentuko presidente Roger Torrenti; hilabetean baino gutxiagoan eman dion hirugarrena. Parlamentuko presidenteak eta mahaiko gainontzeko kideek auzitegiaren abisuei men egiten ez badiete, "ondorio penalak" izan ditzakeela azaldu dute epaileek. Auzitegi Konstituzionaleko magistratuak gaur bildu dira, Espainiako Gobernuak jarritako errekurtso berriei erantzuna emateko. Era horretan, hiru dira auzitegiak tramiterako onartu dituen errekurtsoak. Lehenengoari entzungor eginez, JxCk, ERCk eta CUPek buruzagi independentisten aurkako epaiari erantzun bateratua eman, eta autodeterminazio eskubidea defendatzeko ebazpena onartu zuen mahaiak. Eta, azkenik, Torrentek ezezkoa eman zion Ciudadanosek, PSCk eta PPk ebazpen horien tramitazioa birpentsatzeko eskariari. Horiek eragin dute Auzitegi Konstituzionalaren erantzun berria.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.