Clara Ponsati Bartzelonara itzuli zen atzo eguerdian, Ipar eta Hego Kataluniaren arteko muga autoz eta arazorik gabe zeharkatu ostean. Kataluniako Gobernuko kontseilari ohia Europako Parlamentuko diputatua da, eta immunitatea du. Edonola ere, Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Pablo Llarenak hura epaitegira eramateko agindua emana du, desobedientzia leporatuta. Edonola ere, ezingo lukete preso sartu lege hauste horrengatik. Arratsaldean, Mossos d'Esquadrako kideek atxilotuta eraman zuten, prentsaurreko bat eman ostean. Efe berri agentziaren arabera, Ponsatiren defentsak habeas corpus eskaera bat egin dio instrukzioko epaileari, atxiloketa legez kanpokoa izan dela argudiatuta.
«Ikusiko dugu zer egiten duen Gorenak neure itzuleraren inguruan», adierazi zuen, 17:00etan Kataluniako Kazetarien Elkargoan emaniko prentsaurrekoan. «Atxilotzen banaute, ikusiko dugu nola erreakzionatuko dugun. Deklarazioa hartzeko atxiloketa litzateke, ez ni kartzelan sartzekoa», nabarmendu zuen. Elkargotik ateratzean hartu zuten preso, eta auto batean sartu.
Europako Parlamentuko diputatu agiria erakutsi zien Ponsatik poliziei. «Ziur zaudete Europako diputatu bat atxilotu nahi duzuela?», esan zien poliziei.
Prentsaurrekoan, bere asmoen berri eman zuen. «Ez naiz etorri itun bat egitera estatuarekin, baizik eta hari aurre egiten jarraitzera, joan nintzenean bezala. Gure eskubideen bortxaketa sistematikoa salatzera nator».
Ponsatiren abokatu Gonzalo Boyek azaldu zuenez, ez dira «inprobisatzen» ari. «Clararen pizkunde eguna da, ez Llarena epailearena». Atxilotu zutenean, Ponsatirekin joan zen Boye, Poliziaren autoan.
Bost urteren ondoren
Bost urte eta bost hilabeteren buruan itzuli da Ponsati Bartzelonara. Galdetu zioten bere itzulerak lagunduko ote duen erbestean diren beste buruzagiena gauzatzen. Horretan, zuhur agertu zen: Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiaren eta Toni Comin eta Luis Puig kontseilari ohien aurkako «jazarpen pertsonalizatua lehen egunean bezain gogorra» dela adierazi zuen. «Ikusiko dugu zer egiten duen Auzitegi Gorenak neure itzuliaren inguruan». Puigdemontek eta Cominek esku hartzeko eskatu diote Europako Parlamentuko presidente Roberta Metsolari, iritzita atxiloketa «legez kanpokoa» izan dela. Oriol Junqueras ERC Esquerra Republicanako liderrak Ponsatiren itzulera «ospatu» zuen, eta nabarmendu ERCk eta PSOEk iaz adostu zuten Zigor Kodearen erreformak ahalbidetu duela hori. «Konbentzituta gaude sedizioa kodetik kendu izanak itzulera erraztu duela».
Bestalde, 2017an Generalitateko Nekazaritza kontseilari izandako Meritxell Serretek egindakoa izan du hizpide Ponsatik—Kanpo Ekintzarako kontseilaria da Serret iazko azarotik—. Izan ere, Bruselako erbestetik itzuli eta Espainiako Gorenean entregatu zuen bere burua, 2021eko apirilean. Diru publikoa oker erabiltzeagatik eta desobedientziagatik dago auzipetua. Hain zuzen, bihar epaituko dute. «Modu batean edo bestean itzultzearen artean alde handia dago», adierazi du Ponsatik, eta Serreten «inkoherentzia» gaitzetsi du. «Jakina da aspaldi ez natorrela bat Kataluniako Gobernuak egiten duenarekin», gaineratu du, eta «Espainiaren okupazioaren tresna» izatea egotzi dio.
Ponsati Bartzelonara itzuli da, eta atxilotu egin dute, Llarenak hala eskatuta
Atxilotua izan aurretik, Generalitateko kontseilari izandakoak adierazi du ikusteko dagoela Gorenak zer egingo duen haren itzuleraren inguruan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu