Clara Ponsati Europako Parlamentuko diputatua Bartzelonara itzuli da gaur, eta han atxilotu dute. Izan ere, Pablo Llarenak, Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak, emana du Ponsati epaitegira eramateko agindua, deklaratzeari uko egiteagatik. Eurodiputatuak berak jakinarazi du zer gertatu den, Twitter bidez.
Arratsalde hasieran jakin da, ordea, Llarenak uko egin diola Ponsati Madrilera eramateko agintzeari. Horren ordez, galdera sorta bat bidali dizkio Bartzelonako guardiako epaileari, hark galdekatu dezan eurodiputatua. Ondoren, Ponsati askatzeko agindu du, eta atxilotzeko agindua indargabetzeko. Izan ere, ezin du Ponsati behin-behinean preso hartu, hari leporatzen diotenak —desobedientziak— ez dakarrelako espetxe zigorrik, baizik eta isuna.
Epaitegitik libre atera denean, Ponsatik adierazi du ez dituela erantzun Llarenak bidalitako galderak: «Abokatuak hala gomendatu didalako».
Llarenak ekainaren 21ean eman zuen Ponsati atxilotzeko agindua, apirilaren 24an epailearen aurrean ez agertzeagatik. «Ikertuak nahita eta arrazoirik gabe ez dio jaramonik egin zitazio judizialari», dio autoak. Aginduaren helburua da diputatuak deklaratzea; dena den, hark bere borondatez deklaratzea erabakiko balu, agindua bertan behera geldituko litzateke. Hala ere, Ponsatik argi utzi du berak ez duela borondatez deklaratuko Llarenaren aurrean.
Bost urte erbestean egon eta gero, martxoaren amaieran itzuli zen Ponsati Bartzelonara. Bertan atxilotu bazuten ere, aske geratu eta Bruselara itzuli zen.
Puigdemont
Auzitegi Goreneko Fiskaltzak Llarenari eskatu dio eman dezala Carles Puigdemont bilatzeko eta atxilotzeko nazioarteko agindua, baita haren kontrako beste euroagindu bat ere. «Europako Parlamentuak immunitatea kendu izanak berretsi egin du Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak emandako epaia, eta, horrenbestez, haren egoera pertsonala kontuan hartuta —justiziatik ihes egin du, eta mutririkerian—, bidezkoa da nazioarteko eta Europako atxilotzeko aginduak ematea berriro, 2023ko urtarrilaren 12ko autoan zehaztutako delituengatik», dio eskaerak.
Albisteak erreakzio andana eragin du; horien artean, Puigdemontena berarena. «Egun batean erabakigarria zara Espainiaiko Gobernua osatzeko, eta hurrengoan zu atxilotzeko agintzen du Espainiak», dio haren azken txioetako batek.
One day you are decisive in order to form a Spanish government, the next day Spain orders your arrest. https://t.co/7e33rCzd6S
— krls.eth / Carles Puigdemont (@KRLS) July 24, 2023
Sare horretan zabaldutako bertze mezu batean, berriz, Junts Per Catalunya alderdiaz eta hauteskundeez aritu da. Adierazi duenez, alderdiak «ez dio inori ezer zor: bere hautesleei bakarrik. «Horregatik ez genuen bozkatu Pedro Sanchezen inbestiduraren alde, ez haren aurrekontuen alde, ez haren tranpen alde; horregatik ez ginen elkarrizketa mahaian izan eta ez genituen indultuak itundu; horregatik atera ginen Generalitatetik; PSCk horregatik egin zuen akordioa PPrekin Bartzelonako alkatetza ateratzeko, eta horregatik ez dugu itunik egin PSCrekin aldundietarako», adierazi du.
Avís a tots els "experts" que sempre saben el que ha de fer @JuntsXCat (i que sempre en malparlen, o menystenen la seva posició): Junts no deu res a ningú més que als seus votants. Tampoc a politòlegs espavilats, ni a tertulians diversos, ni a pseudònims de twitter, ni a…
— krls.eth / Carles Puigdemont (@KRLS) July 23, 2023
Adierazpen horiek egin ditu jakinda Sanchezek talde abertzaleen beharra duela Espainiako presidentetzari eusteko, eta Juntsek duela giltza. Katalunia «defendatzen» jarraitu behar dutela dio, haien «hizkuntza, kultura eta nazioa akabatu nahi dituztenen aurka».