Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Biharamuna

Ponsati aske utzi dute, eta Puigdemont atxilotzeko eskatu

Isabel Jaurena.
2023ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Clara Ponsati Europako Parlamentuko diputatua Bartzelonara itzuli zen atzo, eta han atxilotu zuten, goizean. Izan ere, Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak Ponsati epaitegira eramateko agindua emana zuen, deklaratzeari uko egiteagatik. Arratsaldean, ordea, Llarenak uko egin zion Ponsati Madrilera eramateko agintzeari; horren ordez, galdera sorta bat bidali zion Bartzelonako guardiako epaileari, hark galdeka zezan eurodiputatua. Behin hori eginda, Ponsati libre geratu zen, eta adierazi zuen ez ziela erantzun galderei, abokatuak hala gomendatuta.

Bost urte erbestean egon eta gero, martxoaren amaieran itzuli zen Ponsati Bartzelonara; han atxilotu bazuten ere, aske geratu eta Bruselara itzuli zen. Llarenak ekainaren 21ean eman zuen eurodiputatua atxilotzeko agindua, apirilaren 24an epailearen aurrean ez agertzeagatik. «Ikertuak, nahita eta arrazoirik gabe, ez dio jaramonik egin zitazio judizialari», dio autoak.

Eta Ponsati atxilo zegoela, Espainiako Goreneko Fiskaltzak jakinarazi zuen eskari bat egin ziola auzitegiari: emateko berriz Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente izandakoa eta Toni Comin Osasun kontseilari ohia bilatzeko eta atxilotzeko nazioarteko agindua.

Epaiaren ostean

Hilaren 5ean, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak jakinarazi zuen ontzat jo zuela Puigdemonten eta Cominen kontra Europako Parlamentuak onartu zuen suplikatorioa, eta, beraz, eurodiputatu gisa dagokien immunitatea galdu zuten biek. Horren ondoren erabaki du Espainiako Fiskaltzak Gorenari eskaria egitea.

Albisteak erreakzio andana eragin du, horien artean Puigdemontena berarena. Zera idatzi zuen Twitter sare sozialean: «Egun batean erabakigarria zara Espainiako Gobernua osatzeko, eta hurrengoan zu atxilotzeko agintzen du Espainiak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.