Poloniako lehen ministro aukeratu dute Donald Tusk

Morawiecki PiSekoak konfiantza botoa galdu ondoren egin du behe ganberak 2007 eta 2014 artean gobernuburu izandakoaren alde

DONALD TUSK. POLONIA
Donald Tusk, gaur. EFE
Igor Susaeta.
2023ko abenduaren 11
20:55
Entzun

Poloniako behe ganberak herrialdeko lehen ministro izateko beharrezko babesa eman dio gaur Donald Tusk oposizioko buruari, KO Koalizio Zibikoa indarreko liderrari. Ganberako 248 diputatuk bozkatu dute 2007 eta 2014 artean gobernuburu izandakoaren alde, eta 201ek kontra. Bihar gobernu programa eta ministroen kontseilu berria aurkeztekoa da, hain zuzen, ganbera horretan, eta, ezustekorik ezean, onartu egingo dute. Etzi da karguaren zina egitekoa.

Lehendabizi, Mateusz Morawiecki Poloniako jarduneko lehen ministroak konfiantza botoa galdu du: 266k bozkatu dute haren kontra, eta 190ek alde. PiS Legea eta Justizia alderdi ultrakontserbadorekoak irabazi zituen bozak, baina haren hautagaiak ezin izango du karguan jarraitu.

Urriaren 15ean egin zituzten hauteskundeak Polonian, eta, PiS izan zen harren boto gehien eskuratu zuen indarra, nabarmen egin zuen behera. Tusk kontserbadorearen alderdiak, aldiz, gora egin zuen, eta, bozen ondoren TD Hirugarren Bidearekin eta Ezkerrarekin akordio bat eginda, 248 diputaturen babesa bildu du: nahikoa gehiengoa edukitzeko, behe ganberak 460 aulki baititu.

Ikusi gehiago:

«Egun zinez zoragarria da gaurkoa. Ez soilik niretzat, baizik eta urte luzez gauzak hobetu zitezkeela pentsatu zuten horientzat», adierazi du Tuskek gaur, behe ganberan, bozketaren ondoren. PiSek politika ultrakontserbadoreak eraman ditu aurrera, eta, gainera, zuzenbide estatua urratzea egotzita, tirabira handiak izan ditu Europako Batasunarekin. Horregatik, Bruselan pozik hartu dute berria, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak sare sozialetan idatzitako mezu batean adierazi bezala. Hain zuzen, Europar Kontseiluko presidentea izan zen Tusk 2014tik 2019ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.