Poloniako Gobernuaren eta presidentearen arteko tentsioa handitu da, bi diputaturen atxiloketengatik

PiSeko Barne ministro ohia eta ministrordea atxilo hartu dituzte, botere abusua leporatuta. Lehenak gose greba hasi du, eta «preso politikotzat» jo du bere burua.

(ID_13481050) POLAND GOVERNMENT PARLIAMENT
Kaminskiren eta Wasiken aldeko protestak, atzo, Varsovian. RADEK PIETRUSZKA/EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko urtarrilaren 10a
17:35
Entzun

Hautsak harrotu ditu Poloniako bi ministro ohiren atzoko atxiloketak. Botere abusua egotzi diete PiS Legea eta Justizia alderdi ultrakontserbadoreko Mariusz Kaminskiri eta Maciej Wasiki, eta horrek guztiak Andrzej Duda presidentearen eta agintean dagoen koalizioaren arteko talka eragin du. Izan ere, gobernu aldaketara arte Barne ministro zen Kaminskik (2019-2023) «preso politikotzat» jo du bere burua, eta gose greba hasi du gaur. Gobernuak, ostera, akusazioa gezurtatu du, atxiloketen atzean arrazoi politikoak daudela ezeztatuz. Dudak, baina, atxilotuen alde egin du.

«Ez dut atsedenik hartuko Kaminski eta bere lankideak libre izan arte. Ez naiz beldurtuko. Konstituzioaren eta legearen arabera jardungo dut», adierazi du Poloniako presidenteak haren alderdikideez aritzean. PiSeko diputatuak presidentearen jauregian gotortu ziren atzo, atxilotuak izan aurretik. Hori dela eta, Donald Tusk lehen ministroak salatu du Dudak «justizia oztopatu» duela.

Poliziako ustelkeriaren aurkako departamentuko buru zela, 2007an, haren mende zeuden agenteak ikerketa batean legearen aurka egitera bultzatu izana leporatu zioten Kaminskiri, eta horregatik zigortu zuten. 2015ean, ordea, PiS boterera iristean, Dudak indultatu egin zuen, eta horri esker sartu zen Kaminski gobernuan. Haren zuzendariordea zen garai hartan Wasiki, eta hura ere indultatu zuen Poloniako presidenteak.

Joan den abenduan, auzitegi gorenak baliorik gabe utzi zituen indultu horiek, argudiatuta bi diputatuek aurkezturiko helegiteez erabaki aurretik eman ziela barkamena Poloniako presidenteak. Gobernuarentzat, hortaz, «eraginik gabeak» dira indultuak, baina Duda bertsio horren aurka agertu da, esan baitu «Poloniako Errepublikaren presidenteak modu eraginkorrean» eman ziela barkamena bi alderdikideei. Edonola ere, asteon, Kaminski eta Wasik atxilotzeko eskatu zuten, eta horiek espetxeratzekoa; gainera, diputatu karguak uzteko agindua eman zieten iragan ostiralean. Kasua «mendeku politikoa» dela iritzi dio barne ministro ohiak.

Hilabete talka egiten

PiSeko bi kideen atxiloketak tentsioa handitu du; are, Beata Szydlo alderdi ultrakontserbadoreko eurodiputatuak adierazi du Kaminski eta Wasik «Tusken erregimenaren aurreneko presoak» direla. PiSen talde parlamentarioko zuzendari Mariusz Blaszcak ere atxiloketen aurka egin du, eta aurreratu du egungo gobernuaren aurkako neurriak hartuko dituztela: «Lehenago edo geroago, gobernuko kideak justiziaren eskuetan jarriko ditugu beren ekintza ilegalengatik».

Duela hilabete aldatu ziren indarrak Polonian, eta, hartatik, Donald Tusk buru duen koalizioa, PiS eta Duda elkarri mokoka ibili dira. Izan ere, Tusk, alderdi ultrakontserbadorea ez bezala, europazalea da, eta aurreko zortzi urteetan egon den gobernuaren politikak bertan behera uztea izan du argudio nagusietako bat hauteskunde kanpainan.

Atxiloketak eta gobernu politikak ez dira, ordea, talkaren arrazoi bakarrak. TVP telebista kate publikoaren zuzendaritzak ere zeresana eman du. Izan ere, boterera heldu eta gutxira zuzendaritza aldatu nahi izan zuen koalizio berriak. Epaitegiek, baina, atzera bota dute erabakia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.