Polonia, behinola, EB Europako Batasuneko estatu kide bilakatzeak dakartzan onuren adibide eredugarritzat jotzen zuten. 2015etik hona, ordea, bestelakoa da sentsazioa eta harremana: PiS Legea eta Justizia alderdi ultrakontserbadorea buru duen aliantza urte horretan agintera iritsi zenetik, talde komunitarioarentzat buruhauste bat bilakatu da Europa ekialdeko herrialde hori. Aborturako eskubidea murriztea, LGTBI kolektiboa baztertzen duen lege bat onartzea, hedabideen askatasuna mugatzea, Ekialde Hurbiletik eta Afrikatik ihes egin zuten errefuxiatuak hartzeari ezezkoa ematea eta sistema judizialaren independentzia mugatzeko aldaketak sustatzea; horiek izan dira, besteak beste, Bruselaren eta Varsoviaren arteko tirabira eragin duten erabakietako batzuk.
Urte luzez, Europako Batzordeak ez du jakin nola aurre egin Poloniako Gobernuaren jarrerari. Ohartarazpenak eta mehatxuak ez ziren nahikoa izaten ari, eta koalizio ultrakontserbadorearen hauteskunde arrakastak behin eta berriz errepikatzen ari zirenez, Varsoviak ez zuen aldaketarako arrazoirik ikusten, bere jarrera eta programa justifikatuta zeudelakoan. Hori 2020 hasiera arte izan zen; harrezkeroztik, COVID-19aren pandemiarengatik, eta, gerora, Errusiaren Ukrainako inbasioak eragindako ondorioengatik, Poloniak ere diru gehiagoren beharra izan du, eta Bruselak bide horretatik jotzea erabaki zuen: EBko Justizia Auzitegiaren oniritzia jasota, zuzenbide estatua errespetatzearekin lotu zuen suspertze funtseko —35.400 milioi euro— eta talde komunitarioaren urteroko funtseko dirua jasotzea. Erabaki horren ondorioz, arrakala batzuk sortu dira Poloniako koalizio gobernuan.
Jakinekoa da Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroak eta Zbigniew Ziobro presidenteorde eta Justizia ministroak harreman txarra dutela; lehena PiS alderdikoa da, bigarrena, SP Polonia Solidariokoa —PiSen eszisio bat da, 2012an sortua—, eta biek ZP Eskuin Batua aliantza osatzen dute, 2014tik. Urteotan, ZP bitan egon da zatitzear: batetik, 2019ko parlamenturako bozen ondoren, eta, bigarrenik, 2020ko presidentetzarakoen ostean. Hirugarren gatazka handia hilabeteotakoa da, eta ez da erabat amaitu; labur esanda, dirua bilakatu baita gatazka iturri. PiS prest dago Ziobrok diseinaturiko sistema justiziaren erreformaren auzian atzera egiteko, EBko funtsak jasotzearen truke, baina SPk kontrako iritzia du, eta horrek geroz eta desadostasun handiagoak eragin ditu koalizio gobernuan. Hori guztia, parlamenturako bozen atarian —printzipioz, aurtengo udazkenean egingo dituzte—.
Anna Wojciuk Varsoviako Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakasle titularraren ustetan, koalizioa ez da hautsiko, hori osatzen dutenen interesen artean baitago elkarrekin jarraitzea; hori egin ezean, «asko» galduko dutelako, eta, kasurako, SP parlamentutik kanpo geratuko litzatekeelako. «EBko funtsen afera geroz eta arazo handiagoa bilakatu da koalizioarentzat, eta Legea eta Justiziak norbaiti bota behar dio horren errua; hau da, koaliziokideari, erabat euroeszeptikoa den indarrari. Legea eta Justizia, aldiz, karpa handiago bat da, pragmatikoak eta erradikalagoak hartzen ditu, eta maniobrak egin behar ditu denen interesak kontuan hartzeko. Barne gatazka honek interesekin du zerikusi handiagoa, sakoneko desberdintasun ideologikoekin baino».
Brusela, leuntzeko prest
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea prest agertu da Varsoviarekiko jarrera leuntzeko, betiere, sistema judizialaren erreforma aldatuz gero; hori kontuan harturik, eta Poloniako inflazioa %16,6aren inguruan dagoenez, PiSek ezinbestekotzat du talde komunitarioko dirua jasotzea, batez ere parlamenturako hauteskundeen aurretik. Arazoa zera du: koaliziokidearen diputatuen babesik gabe, gutxiengoan dagoela.
Testuinguru horretan, Morawieckik eta Ziobrok, biek ala biek aitortu zuten, iaz, ZP aliantzak bizirik jarraitzen duela hala komeni zaielako. Eta, Die Tageszeitung Alemaniako egunkariaren arabera, Jaroslaw Kaczynski PiSeko buruzagia gehiago kezkatzen du koalizioaren zatiketa posibleak EBren funtsak jasotzeak baino. Halere, horrek ez du aferaren muina konpontzen: PiSek dirua nahi eta behar duela, eta, SPren babes parlamentariorik gabe, ez duela funts komunitariorik jasoko. Hori da arazoaren funtsa alderdiaren buruzagiarentzat, Wojciukek azaldu modura: «Kaczynski erradikalagoa da, eta pragmatikoagoa den Morawiecki erabiltzen ari da EBren funtsak lortzeko. Hauteskunde oinarriak EBren dirua nahi du».
Gatazka are gehiago okertzeko, Poloniako Justizia ministroak Andrzej Duda presidenteari eskatu zion, iragan hilabetean, bere gobernuak sustaturiko erreforma judizialaren aldaketa bertan behera uzteko —estatuburuak legeei betoa ezartzeko eskumena du—, argudiatuta EBren «xantaiak beharturiko» aldaketak direla. Eta, iragan astean, Dudak, betoa ezarri beharrean —gerora parlamentuko diputatuen bi herenek blokeo hori desegin zezaketelako—, erabaki zuen Auzitegi Konstituzionalari iritzia eskatzea; hain justu, hark sustaturiko aurreko erreformak aldatzen dituen legeaz. Arazoa zera da, Wojciuken arabera: «Konstituzionala jada ez da auzitegi independente bat, koalizioko alderdiek harrapatu baitute. Gainera, borrokan hasi ziren, eta ez dira ados jarri [auzitegiko] presidentea hautatzearen inguruan. Ez da erabakirik espero; praktikan, [Duda] legea hiltzen ari da».
Presioak presio, ikusteko dago hauteskundeen data hurbildu ahala barne desadostasunek zenbaterainoko garapena izango duten. Poloniako inkestek erakutsi dute PiSen boto emaile gehienek alderdi horren alde bozkatzen dutela arrazoi pragmatikoengatik; besteak beste, indar politiko bakarra delakoan langileei finantza babesa ematen diona. Halere, inkesta horiek ere erakutsi dute herritar gehienek PiS jotzen dutela EBren suspertze funtsak ez jasotzearen erantzule, eta egoera hori are gehiago okertu da Europako Batzordeak asteon jakinarazi baitu EBko Justizia Auzitegira joko duela berriz ere, Poloniako justiziak auzitan jarri baitzuen talde komunitarioko zuzenbidearen nagusitasuna.
Polonia: dirua nahi eta ezin
EBko funtsen blokeoak desadostasunak eragin ditu Varsovian, zuzenbide estatua errespetatzearekin lotu baitute diru hori jasotzea. Une erabakigarrian gertatzen ari da hori, aurten bozak egingo baitituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu