Poliziaren xake matea

Bost urte pasatu dira polizia zuri batek Michael Brown beltza tiroz hil zuenetik. Hilketak liskarrak piztu zituen polizien eta herritarren artean. Horrelako kasuak maiz gertatzen dira oraindik AEBetan.

2019ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Bost urte pasatuak dira Poliziak Michael Brown Fergusongo (Missouri, AEB) gazte afro-amerikarra hil zuenetik. Gertakari horrek liskarrak sortu zituen hiriko kaleetan, Poliziaren eta hilketa salatzera atera zen jendearen artean, eta hainbat astez luzatu ziren.

Beltzen aurkako polizia indarkeria, ordea, egunero gertatzen da oraindik. Horren adibide da honako hau: aurreko asteburuan, Texasen zaldi gainean zihoazen bi polizia zurik gizon afro-amerikar bat atxilotu zuten, eta sokatik lotuta oinez eraman Galveston herrian. Horren irudia birala bihurtu da sare sozialetan, eta haserrea piztu du herritarren artean.

Aurten, AEBetako Poliziak 544 pertsona hil ditu tiroz, The Washington Post egunkariak egindako zenbaketaren arabera. Kalifornia eta Texas estatuetan hil dituzte pertsona gehien; Kalifornian 76, eta Texasen 58. Lehengo astera arte, poliziek iazko egun berean baino 113 pertsona gutxiago hil dituzte tiroz.

AEBetako populazio datuak adierazgarriak dira: 329 milioi biztanle daude: horien %13 beltzak dira, %63 zuriak eta %17 hispanoak. Agintari gehienak, ostera, zuriak dira. Poliziak 186 zuri hil ditu aurten, eta 128 beltz. Biztanleria datuak kontuan hartuta, zenbakiak argigarriak dira.

Batez besteko datuek adierazten dutenaren arabera, beltzek sufritzen dute gehien polizia indarkeria. Izan ere, Poliziak tiroz hil dituenen artean %31 beltzak ziren. Baina are gehiago dira poliziei eraso egin ez zieten arren hil dituzten beltzak: %39. Hori dio FBIk 2012. urtean argitaratutako ikerketa batek.

Horrez gain, afro-amerikarrak dirakartzelan dauden pertsona gehienak; aldiz, polizia gehienak errugabe izendatu zituzten.

Polizia, aske

2014ko abuztuaren 9an, Darren Wilson poliziak Michael Brown 18 urteko afro-amerikarra hil zuen, sei tiro jota. Polizia kargugabetu egin zuten, eta aske utzi zuten geroxeago.

Browni eginiko autopsian ondorioztatu zuten poliziak aurrez aurre egin ziola tiro; hori adierazi zuen Michale M. Baden medikuak. Halere, hildakoaren ingurukoek hilketaz zuten bertsioa eta Poliziarena ez zetozen bat.

Lehenengo, San Luis konderriko Polizia buruak azaldu zuen Brown gazteak Wilsoni fisikoki eraso egin ziola; horregatik, agenteak autotik 10,5 metrora egin zion tiro, Poliziak gero aztertutakoaren arabera.

Ostera, gazte beltzarekin zihoan lagunak, Dorian Johnsonek, beste bertsio bat eman zuen: Poliziaren auto bat parean jarri zitzaien. Polizia beraiei erasotzen saiatu zen lehendabizi; horrenbestez, ihes egiten saiatu ziren. Bi lagunak korrika hasi ziren, eta Johnsonek ezkutatzea lortu zuen, baina agenteak Browni tiroegin zion, eta hil egin zuen. Lagunak eta beste lekuko batek baieztatu zuten Brownek eskuak altxatuak zituela poliziak tirokatu zuenean.

Epaiketan, Bob McCulloch fiskalak iragarri zuen Wilson polizia ez zela akusatua izango.

Brownen hilketarekin, Black Lives Matter (Beltzen biziak axola du) mugimendua gehiago indartu eta zabaldu zen. Egun, indarrean jarraitzen dute, beltzen eskubideen alde borrokatzen eta biktima bakoitza oroitzen.

Hilketa hark haserre handia piztu zuen afro-amerikarren artean. Jendea herrietan protestatzera irten zen, gazte beltzaren hilketa salatzeko. Protesta horiek luze iraun zuten; izan ere, beltzen aurkako erasoaren isla izan ziren. Ondorioz, bere irudia sinbolo bilakatu zen. Poliziak gogor erantzun zien protestei.

Ia mila hilketa urtean

Brownen erailketak agerian utzi zuen arrazakeria, AEBetan egun dagoen arazo nagusietako bat. Hala ere, ez zen polizia zuri batek afro-amerikar bat hiltzen zuen lehen aldia, ezta zerrendako azkena ere.

Aurreko astelehenean, James Kirkwood afro-amerikarra hil zuten Memphisen (Tennessee, AEBak). Poliziak azaldu zuenez, emakume batek sexu eraso bat salatu zuen; erasotzailea deskribatu zuen, eta, horrekin, poliziek Kirkwood atxilotzera jo zuten. Poliziak adierazi zuen atxilotzera zihoazenean labana batez eraso egin ziela, eta horregatik hil zutela, tiroz.

AEBetako poliziak milaka pertsona hil ditu azken urteetan: 2018an 992 biktima izan ziren guztira, 2017an sei gutxiago, 2016an 957, eta horrela, ondoz ondo. Aurtengo datuak ikusita, bide horretatik doaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.