Sri Lanka

Poliziak indarrez desegin du manifestarien kanpaleku nagusia Kolonbon

Wickremesinghe presidenteak 72 orduko epea emana zien manifestariei kanpalekua desegiteko, baina denbora amaitu aurretik agertu dira segurtasun indarrak. Dinesh Gunawardena aukeratu dute lehen ministro izateko.

Militarrak Kolonboko kanpalekuaren kanpoaldean, manifestariak kanporatu ostean. /. CHAMILA KARUNARATHNE, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko uztailaren 22a
11:08
Entzun

Segurtasun indarrek goizaldean desegin dute manifestariek Kolonbo hirian zuten kanpaleku nagusia. Ranil Wickremesinghe presidenteak 72 orduko epea emana zien oposizioko kideen kanpalekua hustu eta presidentearen idazkariaren jauregitik joateko, eta haiek agindua betetzeko konpromisoa hartua zuten. Baina Polizia eta militarrak lehenago agertu dira gunera, eta indarrez sakabanatu dituzte manifestariak, baita bederatzi lagun atxilotu ere.

Manifestarien arabera, segurtasun indarrek hainbat orduz eduki dituzte kanpalekuan itxita, eta kolpeka oldartu zaizkie bertatik irteten ahalegindu direnei. Oposizioak gogor salatu du erasoa, baita Sri Lankako mugimendu zibilek ere.

Kolonboko gune horretan hasi ziren gerora erbestera ihes egin zuen Gotabaya Rajapaksa presidente ohiaren aurkako protestak. Herrialdea krisi ekonomiko zailean dago, inflazioa %54koa da, eta herritarren bi herenek zailtasunak dituzte elikatzeko. Sri Lanka ordainketa etenduran sartu zen iragan apirilaren 12an, eta ez du dirurik erregaiak eta elikagaiak inportatzeko.

Bien bitartean, gobernua osatzeko urratsak egiten jarraitzen dute parlamentuan. Gaur lehen ministro berriak egin du karguaren zina, Dinesh Gunawardenak. Rajapaksa presidente ohiaren kabineteko burua zen Gunawardena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.