Minneapolisko Poliziak ezingo die ustezko delitugileei lepoa estutu haiek geldiarazteko. Hala erabaki du udal gobernuak aho batez. Horrez gain, poliziaren batek ikusiz gero lankide batek gehiegizko indarkeriaz jokatzen duela, geldiarazi egin beharko du. Negar gasa eta gomazko piloten erabilera ere poliziaburu batek baimendu beharko du.
George Floyd hil eta ia bi astera manifestazioak egiten jarraitzen dute AEBetako hiri gehienetan. Hasieran ez bezala, modu baketsuan hasi eta bukatu dira horietako asko, eta, ondorioz, estatu gehienek indargabetu dituzte etxeratze aginduak. Izan da, ordea, istilurik ere, eta Buffalon, New Yorken, bi polizia kargugabetu dituzte 75 urteko gizon bati bultza eta lurrera botatzeagatik. Sareetan zabaldutako irudietan ikus daiteke nola erortzen den lurrera gizonezkoa, eta bertan geratzen dela etzanda. Erietxeko iturriek esan dute gizonezkoa larri dagoela.
Poliziek hasieran esan zuten gizonak estropezu egin duela, baina WBNO telebista katearen irudiek argi eta garbi erakusten dute bultza egin diotela. Byron Brown Buffaloko alkateak esan zuen bera eta Byron Lockwood poliziaburua jota zeudela gertatutakoarekin. Andrew Cuomo estatuko gobernadoreak esan zuen lotsagarria izan zela.
Omenaldia
Bestalde, atzo egin zioten azken agurra Floydi Minneapolis hirian. Bertan izan ziren haren senideak eta familiaren abokatu Benjamin Crump. Azken horrek salatu zuen arrazakeriak eta bazterketaren pandemiak hil zuela Floyd:«AEBetan ondo asko ezagutzen dugun beste pandemia batek hil zuen George Floyd: arrazakeriaren eta bazterketaren pandemiak».
46 urteko afro-amerikarra itota hil zen, polizia batek zortzi minutuz belaunarekin lepoa estutu ostean. Bigarren mailako erailketa egotzi diote Floyd ito zuen poliziari, eta hari lagundu izana beste hirurei.
Poliziak ezingo du itoarazteko teknika erabili Minneapolis hirian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu