Frantzia

Poliziak bi lagun hil ditu Parisen, agenteen auto baten aurka egiteagatik

Vert-Galant plazaren inguruetan gertatu da ezbeharra. Hirugarren lagun bat ere zauritu da. Poliziak ikerketa bat ireki du gertakariaren nondik norakoak argitzeko.

Pont-Neuf zubitik hurbil dagoen Vert-Galant plazaren inguruetan gertatu da ezbeharra.
Nagore Arin.
2022ko apirilaren 25a
10:12
Entzun

Gutxienez bi pertsona hil dira Parisen Frantziako presidentetzarako bozen gauean, baina oraindik ez dago argi Emmanuel Macron hautagaiaren garaipenaren aurka antolatutako mobilizazioen testuinguruan hil dituen Poliziak.

Le Figaro berripaperaren arabera, aurkako noranzkoan aparkatuta zegoen auto batean ziren bi norbanakoak, Pont-Neuf zubitik hurbil dagoen Vert-Galant plazaren inguruetan. Poliziako agenteak, orduan, haiengana gerturatu ziren arma automatikoekin, eta gidariak agenteen autoaren aurka egin zuen. Hedabide horren arabera, «Poliziak berehala egin zuen tiro» une horretan.

Bi hildakoez gain, hirugarren lagun bat ere zauritu da. Poliziak ikerketa bat hasi du gertakariaren nondik norakoak argitzeko.

Mobilizazioen erdian

Presidentetzarako bozen testuinguruan deitutako hainbat mobilizazioen erdian gertatu da ezbeharra; izan ere, atzo milaka manifestari atera ziren kalera Macronen garaipena arbuiatzera. Errepublikaren plazan, kasurako, ehunka manifestari bildu ziren lehendakarigaiaren garaipena iragarri eta berehala.

Manifestariek «Ez dago faxistentzako kuartelik. Ez dago faxistarik gure auzoetan» eta «Hemen gaude, Macronek nahi ez badu ere. Hemen gaude, langileen ohorearen eta mundu hobe baten alde» gisako aldarriak defendatu eta oihukatu zituzten. Zeramatzaten pankartetan ere askotariko leloak eta aldarriak irakur zitezkeen: «Eta orain, erantzuna», «Ez dira paperik gabeak bota behar diren horiek» edota «Hemen dago demokrazia erreala».

Poliziak negar gasa eta granada zorabiatzaileak erabili zituen.

Macron eta Le Pen, azkenekoz baino gertuago

Atzo, Emmanuel Macron bigarren aldiz izendatu zuten Frantziako presidente. 2017an bezala, haren eta Marine Le Pen eskuin muturreko hautagaiaren artean aukeratu behar zuten boto emaileek, eta, Macron gailendu bazen ere, bi hautagaien arteko aldea 2017an baino txikiagoa izan zen. Boto guztiak zenbatuta, %58,54ren babesa lortu du Macronek, eta %41,46rena Le Penek. Halaber, azken 50 urteotako abstentziorik handiena izan da: %27,67koa.

Ipar Euskal Herrian, ondo funtzionatu du gaitzik txikienaren alde egiteko hainbat eragile politikoren artean eginiko deialdiak. Frantzian, %17ko aldea atera dio Emmanuel Macron hautagaiak eskuin muturreko Marine Le Peni. Iparraldean, berriz, %31koa izan da alde hori. Zehazki, Macronek botoen %65,5 eskuratu ditu; Le Penek, berriz, botoen %35,5.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.