Frantziako Poliziako agente bat atxilotuta dago, ikerketapean; homizidioa leporatzen diote, Parisko aldirietako Nanterre hirian atzo auto bat gidatzen ari zen 17 urteko gazte bat tiroz hiltzeagatik. Motoan zihoazen polizia hori eta bere kide bat, eta, fiskaltzaren arabera, agente horrek argudiatu zuen, hasieran, tiro egin zuela beren osotasun fisikoa arriskuan ikusi zutelako. Sare sozialetan zabaldutako eta AFP Agence France-Presse berri agentziak egiaztatutako bideo batek, ordea, bertsio hori gezurtatzen du. Frantziako Gobernuak auzitan jarri du, gainera, polizia horren jokabidea; Elisabeth Borne lehen ministroak gaur esan du esku hartze hori «argi eta garbi» ez zela «engaiamendu arauen araberakoa» izan.
Images terribles à Nanterre. La police ne peut tirer qu’en cas d’absolue nécessité. Aucune vie ne semble pourtant en danger sur cette vidéo. Le délit de fuite est puni de 3 ans d’emprisonnement et de 75 000€ d’amende, pas d’une exécution sommaire. pic.twitter.com/rsDdqgqAuS
— David Guiraud (@GuiraudInd) June 27, 2023
Bideo horretan ikus daiteke bi agente nola ahalegintzen diren auto bat geratzen. Polizietako batek leihotik pistola batekin apuntatzen dio ibilgailu barruko gidariari, eta tiro egiten dio, gidariak, itxuraz, gidatzen jarraitzen duen bitartean. Autoak metro batzuk egiten ditu, bidetik atera eta seinale bat jotzen duen arte. Nanterreko Fiskaltzak jakinarazi duenez, autoa gelditzeko eskatu zioten poliziek gidariari, Naheli, baimenik gabe gidatzen ari zelako eta zenbait zirkulazio arau urratu zituelako.
Gertatutakoak istiluak eragin ditu Nanterren eta Parisko aldirietako beste hiri batzuetan, eta, Parisko Poliziaren prefet Laurent Nuñezek gaur telebista batean adierazi duenez, 31 pertsona atxilotu dituzte gauean istiluetan parte hartzea egotzita. Prefetak adierazi du gertakarietan 42 ibilgailu erre dituztela, baita obretarako makineria ere. Tokiko hedabideek zabaldutako bideoetan ikus daiteke sakabanatze granadak eta negar gasa erabili dutela agenteek.
Un peu partout en France, des quartiers se sont enflammés hier soir suite à la mort de Nael, 17 ans, tué par la police lors d'un contrôle. #Nanterre#Naelpic.twitter.com/OtSmqxxSsZ
— â;ÂÂÂÂ;Â;ÂÂ;š Cerveaux non disponibles â;ÂÂÂÂ;Â;ÂÂ;š (@CerveauxNon) June 28, 2023
Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroaren esanetan, gaztearen hilketa erakusten duten bideoko irudiak «ikaragarriak» dira, eta ez dira «bateragarriak» Frantziako legediarekin. Parisko Poliziaren prefetarekin batera agerraldi bat egin du, eta esan du ikerketaren emaitzaren arabera «erabaki administratiboak» hartuko dituztela.
Hurrengo orduetan 2.000 agenteko dispositibo bat ezarriko dute Nanterren, eta, Nuñezen hitzetan, «behar beste denboraz» mantenduko dute. Darmaninek bi eskaera egin ditu: batetik, ikerketak «egia» azaleratu dezala; eta, bestetik, «lasaitasuna» eskatu die herritarrei. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak esan du «ezerk» ez duela justifikatzen «gaztearen heriotza». «Esplikaezina da, ez dago aitzakiarik», nabarmendu du Marseillara egindako bidaia ofizial batean.
Hil den gazte horren abokatuek Darmaninen adierazpenak kritikatu dituzte. «Gertatu dena gaitzets zezakeen; irudiek beren kabuz hitz egiten dute», adierazi du horietako batek BFMTV telebista katean. Iruditzen zaio polizien erreakzioa ez zela «inondik ere zilegia» izan, eta ez dela sartzen «bidezko defentsaren esparruan». «Mehatxatuta sentitzea ez da nahikoa bularraldera bala batez tiro egiteko».
Beste abokatu batek azpimarratu du, ohar baten bidez, bideoko irudiek «oso argi» erakusten dutela polizia bat gazte bat «odol hotzean» hiltzen. Gaineratu du hildakoaren familiak Poliziaren kontrako salaketa bat aurkeztu duela «gezurra» esatea egotzita; izan ere, hasieran adierazi zuen gidariak autoarekin harrapatu nahi izan zituela. Fiskaltzak ikerketa bat abiatu du, dena den, gaztearen aurka, kontrol batean ez gelditzeagatik.
Hildakoaren amak, berriz, bihar manifestatzera dei egin du Nanterreko Prefekturaren aurrean, 14:00etan, eta semearen aldeko «errebolta bat» eskatu du.
Iaz hamahiru pertsona hil ziren agenteen tiroengatik, Frantziako errepideetan Poliziak egindako kontroletan. Atzokoa da aurtengo bigarrena. Duela bi urte hiru pertsona hil zituzten modu horretan, eta 2020an beste bi.