Poliziak 17 urteko gazte bat hiltzeak istiluak eragin ditu Parisko aldirietan

Bideo batean ikus daitekeenez, agente batek tiro egin zion gazteari kontrol batean, auto bat gidatzen ari zela; polizia hori ikertzen ari dira. Frantziako Gobernuak auzitan jarri du agentearen jokabidea

Pertsona bat Nanterreko (Frantzia) istiluen ondorioz kiskalitako ibilgailu bati argazki bat egiten, atzo. MOHAMMED BADRA / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Frantziako Poliziako agente bat atxilotuta dago, ikerketapean; homizidioa leporatu diote, herenegun 17 urteko mutil bat tiroz hiltzeagatik, gaztea auto bat gidatzen ari zela Parisko aldirietako Nanterre hirian. Motoan zihoazen polizia hori eta haren kide bat, eta, fiskaltzaren arabera, hasieran agente horrek argudiatu zuen tiro egin zuela beren segurtasun fisikoa arriskuan ikusi zutelako. Sare sozialetan zabaldutako eta AFP Agence France-Presse berri agentziak egiaztatutako bideo batek, ordea, gezurtatu egin du bertsio hori. Frantziako Gobernuak, gainera, auzitan jarri du polizia horren jokabidea; Elisabeth Borne lehen ministroak atzo esan zuen esku hartze hori «argi eta garbi» ez zela izan «engaiamendu arauen araberakoa». Gertatutakoak istiluak eragin zituen Nanterren eta Parisko aldirietako beste hiri batzuetan.

Bideo horretan ikus daiteke bi agente nola ahalegintzen diren auto bat geratzen. Polizietako batek leihotik pistola batekin apuntatzen dio ibilgailu barruko gidariari, eta tiro egiten dio, gidariak, itxuraz, gidatzen jarraitzen duen bitartean. Autoak metro batzuk egiten ditu, bidetik atera eta seinale bat jo arte. Nanterreko Fiskaltzak atzo jakinarazi zuenez, autoa gelditzeko eskatu zioten poliziek gidariari, Nahel-i, baimenik gabe gidatzen ari zelako eta zenbait zirkulazio arau urratu zituelako.

Parisko Poliziako prefet Laurent Nuñezek atzo telebista batean adierazi zuenez, 31 pertsona atxilotu dituzte herenegun gauean istiluetan parte hartzea egotzita. Prefetak adierazi zuen gertakarietan 42 ibilgailu erre zituztela, baita obretarako makineria ere. Tokiko hedabideek zabaldutako bideoetan, ikus daiteke sakabanatze granadak eta negar gasa erabili zutela agenteek.

«Erabaki administratiboak»

Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroaren esanetan, gaztearen hilketa erakusten duten bideoko irudiak «ikaragarriak» dira, eta ez dira «bateragarriak» Frantziako legediarekin. Parisko Poliziako prefetarekin batera agerraldi bat egin zuen atzo, eta esan zuen ikerketaren emaitzaren arabera «erabaki administratiboak» hartuko dituztela.

Atzo 2.000 agenteko operazio bat ezarri zuten Nanterren, eta, Nuñezen hitzetan, «behar den denboraz» mantenduko dute. Darmaninek bi eskaera egin zituen: batetik, ikerketak «egia» azaleratu dezala; bestetik, «lasaitasuna» eskatu die herritarrei. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak esan zuen «ezerk» ez duela «gaztearen heriotza» justifikatzen. «Esplikaezina da, ez dago aitzakiarik», nabarmendu zuen Marseillara (Okzitania) egindako bidaia ofizial batean.

Hil den gaztearen abokatuek Darmaninen adierazpenak kritikatu zituzten atzo. «Gertatu dena gaitzets zezakeen; irudiek argi eta garbi erakusten dute zer gertatu zen», adierazi zuen haietako batek BFMTV telebista katean.

Iruditzen zaio polizien erreakzioa ez zela «inondik ere zilegizkoa» izan, «bidezko defentsan» ez dela sartzen. «Mehatxatuta sentitzea ez da nahikoa bularraldera bala batez tiro egiteko».

Beste abokatu batek azpimarratu du, ohar baten bidez, bideoko irudiek «oso argi» erakusten dutela polizia bat gazte bat «odol hotzean» hiltzen. Gaineratu du hildakoaren familiak Poliziaren kontrako salaketa bat aurkeztu duela «gezurra» esatea egotzita; izan ere, hasieran adierazi zuen gidariak autoarekin harrapatu nahi izan zituela. Fiskaltzak ikerketa bat abiatu du, dena den, gaztearen aurka, kontrol batean ez gelditzeagatik.

Iaz hamahiru pertsona hil ziren agenteen tiroengatik Frantziako errepideetan Poliziak egindako kontroletan. Atzokoa da aurtengo bigarrena. Duela bi urte hiru pertsona hil zituzten modu horretan, eta 2020an beste bi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.