Frantziako Poliziak joan den asteartean tiroz hil zuen Nahel gaztearen hileta egin dute, gaur arratsaldean, Parisko aldirietako Nanterre hiriko meskita batean. Dozenaka senide eta lagun bildu dira elizkizunean, eta meskitaren inguruak ere jendez bete dira. Nahelentzat justizia oihuak entzun dira kanpoaldean.
Ordu batzuk lehenago, bart gauean, istiluak izan dira berriro ere Parisko metropolian eta beste zenbait hiri handitan; Marseillan, Grenoblen, Tolosan, Estrasburgon eta Lyonen, esaterako. Poliziak 1.300 lagun baino gehiago atxilotu ditu, Barne Ministerioaren esanetan. 79 polizia zauritu direla ere adierazi du gobernuak, gaur. Eliseoaren araberan, 1.300 ibilgailu baino gehiagori eman diete su protestetan, eta 230 eraikinek kalteak jasan diuzte. Orain arteko atxilotu kopururik handiena izan da bart gauekoa. Hala ere, liskarrak aurreko hiru gauetakoak baino apalagoak izan dira, «segurtasun indarren mobilizazioari esker», gobernuaren esanetan.
Protestak asteartean piztu ziren, 17 urteko Nahelen heriotzaren eraginez. Egun horretan, polizia batek tiro egin zion jatorri arabiarreko gazteari, kontrol batetik ihes egiten ahalegindu zenean, Nanterre hirian. Lekukoek gertaera grabatu zuten bideoz, eta irudiak azkar hedatu ziren sare sozialetan.
Aurreko gauetako istiluen tamaina ikusita, Frantziako Gobernuak 45.000 polizia atera ditu bart kalera, eta Jendarmeriak ibilgailu blindatu arinak erabili ditu manifestariak sakabanatzeko. Aurreko gauean, 875 lagun atxilotu zituzten.
Frantziatik kanpo ere hedatu dira protestak. Bruselan, ehun lagunetik gora atxilotu dituzte bart, Nahel gaztearen heriotza salatzeko Belgikako hiriburuan izan diren mobilizazioetan. Beste 30 manifestari inguru atxilotu dituzte Liejan.
Frantziako Barne ministro Gerald Darmainek autobus eta tranbia zerbitzuak eteteko eskatu zien atzo tokiko agintariei, eta Macronek guraso direnei galdegin zien gazteak zaintzeko, gauean etxean geldi zitezen.
Aste honetako istiluek askori ekarri dizkiete gogora 2005ean piztu zirenak. Bi gazte azpiestazio elektriko batean hil ziren orduan, Poliziarengandik ihes egiten ari zirela. Frantziako presidente zen Jacques Chiracek larrialdi egoera ezarri zuen protesta oldea eteteko. Neurri hori hartzeko aukerari buruz galdetuta, Darmainek atzo adierazi zuen gobernuak ez duela inolako hipotesirik baztertzen.
Alemaniarako bisita, atzeratuta
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak atzeratu egin du bihar Alemaniara egitekoa zuen bidaia, azken egunetako istiluen ondorioz. Macronek asteartera arteko bisita ofiziala zuen antolatuta, baina aurreragorako utziko duela jakinarazi dio Alemaniako presidente Frank-Walter Steinmeierri.
Europako Batasuneko goi bileran parte hartzeko Bruselara egin zuen bidaia ere baldintzatu zuten istiluek, atzo. Aurreikusitakoa baino lehenago itzuli zen Parisera, Krisietarako Ministerio Arteko Zelularen bilkura gidatzeko.