Polizia Puigdemonten bila ari da, Illaren inbestidura saioa egiten ari diren bitartean

Juntsek inbestidura saioa bertan behera uzteko eskatu du birritan, egoera «normaldu» arte, baina Parlamentuko Mahaiak ez du eskaria onartu. Mosso bat atxilotu dute, Puigdemonti ihes egiten lagundu diolakoan, eta gehiago ere atxilotzea espero dute.

Puigdemontek hitzaldia emateko bidea jende artean egin du, Bartzelonan, gaur goizean. QUIQUE GARCIA / EFE
Puigdemontek hitzaldia emateko bidea jende artean egin du, Bartzelonan, gaur goizean. QUIQUE GARCIA / EFE
Nerea Intxausti Castiñeira - Iker Tubia - Julen Otaegi Leonet
2024ko abuztuaren 8a
16:50
Entzun

Salvador Illa PSC Kataluniako alderdi sozialistako hautagaiaren inbestidura saioa bertan behera uzteko eskatu dio Juntsek Kataluniako Parlamentuko Mahaiari bigarren aldiz, lehenbizikoan Mahaiak ez baitu eskaria aintzat hartu. Dena den, beste behin ukatu dute eskaria PSE, ERC eta Comuns alderdiek, Mahaiko gehiengoa izanda inbestidura jarraitzearen alde direla berretsi baitute. Mahaiaren erabakia onartu du Juntsek.

Albert Batet Juntseko talde parlamentarioko presidenteak argudiatu du Jordi Turullen kontrako «atxilotze agindua» «inoiz ikusi gabeko» gertakaria dela, eta «normaltasun demokratikotik» kanpo dagoela. Horregatik eskatu du bigarren aldiz inbestidura saioa etetea. Izan ere, Turull Puigdemontekin batera agertu da Garaipenaren Arkuan, eta harekin zegoen ihes egin aurreko uneetan. Hainbat hedabidek aurreratu dute atxilotzeko agindu ez, deklaratzera deitu duela epaile batek. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak, ordea, ezeztatu egin du epaile batek JxCateko idazkari nagusia atxilotzeko agindu duela, baita hura deklaratzera deitu duela ere. Mossoek ere hori berretsi dute.

Alderdi subiranistak egoera «normaldu» arte eten nahi izan du osoko bilkura: jendea «legez kanpo» atxilotzen ari direla salatu dute, eta Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohiaren «alboan egotea» ez dela delitu. Puigdemont atxilotzeko dispositiboa «neurriz gainekoa» izan dela esan dute.

Polizia Puigdemonten bila dabil gaur goizean jendaurrean agertu eta berriz ere desagertu denetik. Kaiola deitu duten dispositibo zabala martxan paratu dute horretarako, eta errepidez Bartzelonatik ateratzeko bideetan kontrolak paratu dituzte, AP-7an, C-31n eta B-23an. N-IIan ere kontrolak egiten ari dira, Jonqueran eta Pertusen, eta auto ilara luzeak eta istripuak izan dira. Auto ilara luzeak eragin ditu horrek, baita Prat aireportura sartzeko ere, autoak banan-banan begiratzen ari baitira. Eguerdian bertan behera utzi dute dispositiboa une batez, baina berriz ere martxan da.

Bien bitartean, Mossos d'Esquadrek euren agente bat atxilotu dute, Puigdemonti ihes egiten lagundu diolakoan. Dirudienez, ihes egiteko erabili duen autoa polizia horrena zen. Kataluniako poliziek aurreikusia dute pertsona gehiago atxilotzea, Puigdemonti harrera ekitaldira iristen eta bertatik ihes egiten lagundu diotelakoan; baliteke besteren bat ere mossoa izatea. Hala izatekotan, mosso horiek egindakoa delitua litzateke, Puigdemontek atxiloketa agindu bat baitauka indarrean.

Karrikan Puigdemonten xerka, barruan osoko bilkura. 10:00etan abiatu da Illaren inbestidura saioa, Puigdemonten eserlekua hutsik zegoela. Orain atsedena hartu dute 16:00ak arte. PSCk, Juntsek, ERCk eta PPk hitz egin dute, eta gainerako taldeek hartuko dute hitza arratsaldean.

Carles Puigdemont Bartzelonako Garaipenaren Arkuan azaldu da, goizeko bederatzietan puntuan, eta hitzaldi labur bat eman du han bildu diren manifestarien aurrean. «Etorri naiz gogorarazteko oraindik hemen gaudela», aldarrikatu du, eta ziurtatu du ezin dutela amore eman, autodeterminaziorako eskubidea Kataluniako herriari dagokiolako. Ziurtzat jo du atxilotu egingo dutela: «Ez dakit noiz ikusiko dugun berriro elkar, baina ea hau oihuka dezakegun: 'Gora Katalunia aske!'».

 

Hitzaldi hori eman ondoren, parlamenturako bidea hartu dute jendez osatutako pasabidea zeharkatuz, eta jendartean desagertu da Puigdemont. Juntseko kideek jendez inguratuta egin dute parlamenturainoko bidea. Atxiloketarik ez denez egon, Josep Rull Kataluniako Parlamentuko presidenteak abiatu egin du Salvador Illa PSCko hautagaiaren inbestidura saioa. Puigdemontek ez du bere botoa eskuordetu. Bai, ordea, Lluis Puig eta David Perez diputatuek: azken hori, PSCko diputatua, anbulantzian atera behar izan dute larrialdi mediko bat dela eta. JxC alderdiko diputatuak sartu dira hemiziklora; azkenak izan dira inbestidura saiora sartzen.

Mossoek blindatua dute Ziudadela parkea, istiluen kontrako poliziek atea itxia izan dute, eta pertsonen sarrera banan-banan kontrolatzen aritu dira. Halere, manifestariek kontrol hesia puskatu dute goizean, eta parkera sartu dira; jarraian, handik bota dituzte. Bi manifestari atxilotu dituzte mossoek, eta hamabost salaketa jarri. Poliziak manifestarien kontra oldartu dira, eta piper gasa bota diete. Hogei pertsona baino gehiago artatu dituzte larrialdi zerbitzuetako langileek, mossoek Ziudadelan izan duten erantzunagatik.

Goizetik desagertuta dago

Puigdemonti ongietorria egiteko ekitaldira JxC alderdiak deitu du, zenbait elkarte independentistarekin batera: ANC, Omnium, AMI, CDR eta Consell de la Republica. Inbestidura saioa hasi baino ordubete lehenago egin dute elkarretaratzea, eta milaka manifestari bildu dira. Presidenteak hitz egin eta gero, haren arrastoa galdu dute, eta goizaz geroztik inork ez daki non dagoen. Bero egiten du Katalunian: 09:00etan 27 gradu zeuden.

Inbestidura saioa hasteko, Salvador Illak 40 bat minutuko hitzaldia egin du, eta ordubeteko eten bat egin dute. 11:45ean Puigdemontek hitz egitea espero zen, baina haren eserlekua hutsik agertu da. Catalunya Radiok, Poliziatik eratorritako iturriak aipatuta, esan du Puigdemontek Mossoekin hitzartuta zeukala hitzaldia eman eta gero bere burua entregatuko zuela. Ez du halakorik egin, ordea. Albert Batetek hitz egin du Juntsen izenean. Eskerrak eman dizkie goizean Puigdemonten ongietorrian parte hartu dutenei, eta parlamentuaren atariko mossoen oldarraldia gaitzetsi du. Gaineratu du: «Espero dugu osoko bildura bukatzerako Puigdemontek bere eskubideak erabili ahal izatea, diputatu hautetsi den heinean».

Zazpi urteko erbestea

Kataluniako presidente ohiak berak iragarri zuen atzo etxerako bidea hartua zuela, X sare sozialean zabaldutako mezu batean. «Parlamentura joateagatik atxilotua izateko arriskuan egoteak agerian uzten du zer testuingurutan bizi garen, ez baitago normaltasun demokratikorik. Hori salatu eta borrokatu behar dugu, ez independentistak garelako, demokratak garelako baizik», esan zuen. Atxilotuko ote duten edo ez eta harekin zer gertatuko den ikusteko dago.

Maiatzaren 30ean Espainiako Kongresuak amnistia legea onartu bazuen ere, Espainiako Auzitegi Goreneko Pablo Llarena epaileak ez zuen bertan behera utzi Puigdemont bilatu eta atxilotzeko agindua. Izan ere, ondasun publikoak bidegabe erabiltzeagatik epaitu nahi du, eta epaileak esaten du delitu hori ez dela amnistiaren barruan sartzen. Toni Comin eta Lluis Puig Juntseko kideak antzera daude. Atxilotzeko arriskuaz jakitun bazegoen ere, Kataluniako presidente ohiak hauteskunde kanpainan esana zuen inbestidura saiorako itzuliko zela.

Puigdemont erbestean egon da 2017ko urriaz geroztik. Urte hartako urriaren 27an independentzia aldarrikatu zuen Kataluniako Parlamentuan, eta orduan hasi zen buruzagi independentisten kontrako jazarpen judiziala. Urriaren 29an, Puigdemontek auto batean ezkutatuta egin zuen ihes, eta Belgikan hartu zuen babesa, Waterloon, Errepublikaren Etxea izendatu zuen egoitzan. Orduz geroztik bere aurkako jazarpena salatu du, eta ekintza politikoak egin —2019an, Europako Parlamenturako hauteskundeetan diputatu eserlekua lortu zuen—; hori bai, beti Espainiako Estatuaren barruan dauden Herrialde Katalanetako lurretatik urrun. Joan den apirilean hartu zuen etxerako bidea, Waterloo atzean utzi eta Ipar Kataluniara lekualdatuta. Han egon da bizitzen Bartzelonan agertu den arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.