Katalunia

Politikari katalanak jazartzeari uzteko eskatu dio Espainiari Europako Kontseiluak

Hirugarren graduaren truke, presoei euren «iritzi politiko sakonei» uko egiteko eskatzeari utz diezaion esan diote Espainiari.

Europako Kontseiluaren goi bilkura bat, Estrasburgoko egoitzan. PPCOE
Edu Lartzanguren.
2021eko ekainaren 3a
20:11
Entzun

Espainiako eta Turkiako kasuak ikertu ditu Europako Kontseiluko Lege Auzietako eta Giza Eskubideetako Batzordeak, aztertzeko bi estatuek nola erabiltzen dituzten auzitegiak katalanen eta kurduen aurka. Urte eta erdiz aritu da batzordea lan horretan, eta ondorioak aurkeztu ditu gaur.

Batzordeak esan dio Espainiari matxinada eta sedizio delituak erreformatzeko, «2005ean legez kanpoko erreferendumak antolatzea zigorgabetu zuen erabakia indarrean ez dagoela interpretatzerik egon ez dadin, eta indarkeriarik gabeko transgresioek proportziorik gabeko zigorrik jaso ez dezaten». Horrez gain, 2017ko autodeterminazio erreferenduma antolatzeagatik eta harekin loturiko manifestazioengatik zigorturiko presoak «indultatzea edo askatzea pentsa» dezala eskatu dio, utz diezaiola erbestean dauden buruzagiak jazartzeari, baita erreferendumaren harira epaitzeko zain dauden goi kargudunak jazartzeari ere.

Amaitzeko, Espainiako agintariei eskatu diete «politikari katalanei euren iritzi politiko sakonei uko egiteko eskatzeari uzteko, espetxe erregimen hobe baten truke, edo indultu baten aukerarengatik».

Europako Kontseilua 1949. urtean sortu zuten, eta Europako integrazioaren alde lan egiten duen erakunderik zaharrena da. Estrasburgon du egoitza, Europa Jauregian. Ez da Europako Batasuneko barruko erakundea, eta ez da nahastu behar Europar Kontseiluarekin. Azken hori, bai, EBko erakunde nagusietako bat da.

Europako Kontseiluaren helburua kideen artean gero eta batasun handiagoa lortzea da, Europako printzipio eta idealak babestuz. Besteak beste, Europan giza eskubideak eta askatasunak zaintzen ditu.

Horren adibide dira euskararen inguruan eman dituen ebazpenak. Hainbat gomendio egin zizkion Espainiako Gobernuari 2018an, Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren sinatzaile den neurrian, gabeziak igarri zituelako haren jardunean. Besteak beste, justizian eta administrazioan hizkuntza gutxituak aintzat hartzeko eskatzen zion. 

Europako Kontseiluak, gero, Espainiak bere gomendioak bete ote diren ebaluatzeko eskatu zion Euskalgintzaren Kontseiluari. Horrek aurtengo martxoan salatu zuen justizian eta administrazioan Espainiak «ez duela ezer egin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.