Sakonera jo behar da Argentinako boterean den eskuin muturra aztertzeko. Izan ere, zerbaiten erakusgarri da Mileiren eta «zeruko indarren» bat-bateko agerraldia: besteak beste, agerian utzi du zein nekaturik dauden herritar gehienak, zein ezaxola eta desilusio handia duten, politikak ez baititu interpelatzen. Leandro Barttolotta soziologoaren ustez, sakon ikertzekoa da egoera berri hori, presakako diagnostikoak egin beharrean. Barttolottak Apuntes sobre implosión. La cuestión social en la precariedad (Inplosioari buruzko ohar batzuk. Auzi soziala eta prekaritatea) liburua idatzi du, Ignacio Gagorekin batera.
Garbi bereizi dituzu, batetik, 2001eko eztanda soziala eta orduko «doazela denak» hura, eta, bestetik, oraingo inplosio soziala, oraingo «ez izorratu gehiago» gisako hori. Adierazi duzu eztanda salbuespena dela, eta inplosioa, berriz, egoera normala...
Inplosioak zerikusia du prekaritatearen auzi sozialarekin, esperantza politikoaren sistema deseginda egotearekin. Iruditeria horretan, galdera da noiz iritsiko den eztanda eta zergatik ez den lehertzen. [Mauricio] Macriren gobernuaren ondorioak ikusten hasi zirenean agertu zen galdera hori; berriz agertu zen berrogeialdiko lehen asteetan, eta orain ere hemen dugu, Milei etorri denez geroztik. Baina iruditzen zaigu momentukoari buruzko galdera bat dela, zeren, hori galdetzen den bakoitzean, ez baita ikertzen zer gertatzen ari den egiatan, ez baita ikertzen auzi sozialaren inplosioa.
Eta zer da auzi sozialaren inplosioa?
Gizarte gatazkaren agerbide berria da: isila da politikaren esparru batzuetan, eta bere burua irensten du, kanpoaldera seinalerik apenas igorri gabe. Eztandari buruz galdetzeak, berriz, soziologia ez baizik profezia bat egitea bultzatzen du, eta badu ondorio bat: premiazkoa atzeratu egiten da beti, hau da, geroko uzten da Argentinako azken urteetako gizartea zertan den ikertzea, herritar gehienak zergatik dauden nekaturik ikertzea. Neke hori nahiko enigmatikoa da, ez baitakigu zer gertatuko zaion halako gizarte nekatu eta aztoratu bati, ezinegonak eta urduritasunak jotako gizarte bati.
Zer gertatzen da politikariek kontuan hartzen ez badute egiazko munduan zer gertatzen den?
Politika, bere buruari mintzo zaionean, aldendu egiten da herritar gehienei murrizketek eragindako gizarte dramaren esparrutik. Entzuten ez duen politika horrentzat, gizartea grafikoetan agertzen da, inkestetan eta focus group-etan. Gizartearen irudia moldatu egiten da politika horren ikuspuntuaren arabera, eta hori kaltegarria da, gizarteak pertsonaia bat baitirudi, batzuetan haserre eta bestetzuetan esperantzaz betea, astearen arabera: emotikono baten antzekoa da, eta ez da sekula ikertzen zertan den egiatan. Zertan dira gizarte loturak erakundeetan? Zer pasatzen zaie gorputzei, lanei? Zer gertatzen da pantailan bistaratutako horrekin bat ez datozen arloetan?
«Esan ohi dugu Mileirekin gertatutakoa aiseago ulertzen dela Argentinako prekaritatearen genealogia eginez gero»
Fenomeno horren ikertzaile batzuek diotenez, auzi soziokulturala da eskuin muturraren goraldia, batez ere Latinoamerikan, eta ez hainbeste auzi ekonomikoa, eta, horregatik, eskuin muturra lehian ari da eskuin tradizionalarekin mezuen alorrean ere. Zuri zer iruditzen zaizu ikuspegi hori?
Guk esan ohi dugu Mileirekin gertatutakoa aiseago ulertzen dela Argentinako prekaritatearen genealogia eginez gero, eta kontuan hartuz gero zer izan zen inflazioa: gerrako murrizketa moduko bat izan zen, herritar gehienen kontrakoa, eta politikoki umezurtz utzi zituen asko. Horregatik, beti azpimarratzen dugu ezen, ordezkaritza krisia baino gehiago, pertzepzio krisia dagoela, hau da, ezin izan dela ezinegona egiaztatu. Argentinaren egoera sakon ikertu ez den bakoitzean, eta inflazioaren ondorioak kontuan hartu ez diren bakoitzean, Pandoraren kutxa moduko bat sortu da, eta handik atera dira, historiaren joanean, askotariko egoera dramatikoak, aurrekoak ez bezalakoak, eta arrunt kaltegarriak. Inflazioaren ondorioa zera da, gorputzen neurriz gaineko mugikortasuna eta neurriz gaineko exijentzia, gero eta gauza gehiago egin beharra. Duela urte batzuetatik hona, soldatapeko erregimenean egonik ere langile batzuk pobreturik daude: dirurik gabe iristen dira hilaren bukaerara, eta beste bide batzuk aurkitu behar dituzte bizimodua ateratzeko. Hain nekatua dagoenak, gorputza hain mobilizatua duenak ez du denborarik arretaz erreparatzeko bere buruari mintzo zaion politika horri.
Zer iritzi duzu Mileiren gobernuaren «udako goraldiaz», inflazioa geldiarazi izanak ekarritako lasaialdiaz?
Nekatuta badago, gizarteak ez du ordezkaririk oparitzen, baina gobernatzeko erraztasunik eman ere ez. Inflazioa handia da oraindik, eta bizimodua ateratzeko lehia are biziagoa da, soldatak ez baitira nahikoa. Hori ikusita, ezin dugu pentsatu gobernua arrakastatsua denik; izan ere, auzi sozialaren inplosioaren ezaugarri behinena da nekea zabaldua dela eta ez dela garbi ikusten zein diren neke horren ondorioak. Ez dute ondo hautematen gizartea zertan den, inkesten bidez begiratzen diotelako gizarteari, eta hauteskundeei begira bakarrik pentsatzen dutelako gizartean. Amildegi bat dago hauteskunde egutegien eta herri gehiengoen artean. Aztertu behar dugu murrizketa kriminal horiek zer ondorio dituzten herritar gehienentzat, borroka ideologikora mugatu gabe; bestela jokatzeak mesede egiten die gobernuari eta axalekoaren erregimen horri. Itsututa geratzen gara begi bistakoarekin, hunkitzen ez duen eta iruditeria berritzen ez duen politika horretako eztabaida ideologikoarekin. Eta, bitartean, herritarren gehiengo politikoak aldatzen ari dira, atzera-bueltarik gabe, baina hauteskunde urteetan baizik ez dute pentsatzen aldaketa horietan, eta beti alegiazko herri bat gogoan izanik.