«Polisarioarekin zuzenean negoziatu beharko luke EBk hurrengo arrantza ituna»

Marokoren eta Europako Batasunaren arteko arrantza ituna iraungi egin da. Europar Kontseiluak jarritako helegitea ebaztea dagokio orain Europako Justizia Auzitegiari

Bojadorko (Mendebaldeko Sahara) hainbat arrantzaleren txalupak, artxiboko irudi batean. RUI ORNELLAS.
Kristina Berasain Tristan.
2023ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
«Ziklo baten amaiera dugu aurrean». Gilles Devers Fronte Polisarioaren abokatuak EB Europako Batasunaren eta Marokoren arteko arrantza akordioaren harira egindako adierazpenek iragartzen dute aro berri bat hasiko dela: «Aurrerantzean, Fronte Polisarioarekin zuzenean negoziatu beharko luke EBk hurrengo arrantza ituna». Marokoren eta talde komunitarioaren arteko hitzarmen hori atzo amaitu zen, eta orain, justiziaren behin betiko epaia atera arte, arrantzaleak kaira itzuli dira.

Egoera ulertzeko, 2021eko irailaren 29ra jo behar da. Egun horretan, EBko Auzitegi Orokorrak epai historiko bat eman zuen: ebatzi zuen Maroko eta EBren arteko arrantza eta nekazaritza akordioak legez kanpokoak zirela. Argudioa oso argia zen: ituna ezin zen ezarri Mendebaldeko Saharan. Fronte Polisarioaren oniritzia beharko litzateke horretarako; hau da, nazioarteko zuzenbidearen arabera saharar herriak duen ordezkari bakarrarena.

Polisarioak pozarren hartu zuen erabakia, baina, gerora, ezustekoa etorri zen. Europar Kontseiluak kasazio errekurtsoa aurkeztu zuen Europako Justizia Auzitegian. Kontseiluak trikimailu bat erabili zuen: Patricia Lalonde europarlamentaria buru zuen talde bat bidali zuen lurralde okupatuetara, eta akordioak sahararren oniritzia bazuela jasotzen zuen txosten bat egin zuten. Mendebaldeko Saharako Baliabide Naturalen elkarteak testu hori filtratu zuen 2020an, eta agerian geratu zen okupazioa babesten duten sahararrekin bakarrik elkartu zirela. Lalonde, gerora jakin zenez, Marokoko lobby baten kontseilaria zen. Mendebaldeko Saharako 94 elkartek salatu zuten ez zietela inolako kontsultarik egin.

Espainiaren presioak erabakigarriak izan ziren helegitea aurkezteko, eta horrek modua eman du orain arteko statu quo-ari eusteko. Ahozko prozedura urrian edo azaroan egitea espero da, eta ebazpena urte amaieran edo datorren urtearen hasieran kaleratzea. Deversen ustez, oso arraroa izango litzateke sententzia erakundearen beraren doktrinaren aurkakoa izatea.

Europako Batzordeak jada baieztatu du gaur-gaurkoz ez dagoela negoziaziorik EBren eta Marokoren artean arrantza ituna luzatzeko, baina bi aldeetako ordezkariak bildu egin ziren uztailaren 10ean, Bruselan. Fronte Polisarioak errezeloak ditu; Omar Mansur Europako ordezkariak azaldu zuen kezkatuta daudela: «Uste dugu legez kanpoko akordioei eusteko ahaleginak egiten ari direla; pirateriari eusteko, alegia».

Fronte Polisarioak, ataka horretan, jada egin ditu urratsak. EBrekin negoziatzeko prest agertu da, baina harago ere joan da: joan den astean, Kanarietako arrantzaleekin negoziatzeari ekin zion, nazioarteko legediaren esparruan akordio bat ezartzeko. Polisarioak proposatu du urtebeteko arrantza lizentzia zuzenak ematen hastea. Horretarako, Espainiako Gobernuaren baimena beharko luke.

David Pavon Kanaria uharteetako Arrantzaleen Kofradien Federazioko eledunak «ilusionagarritzat» jo zuen iragan astean egindako bilera; zehaztu zuenez, hamahiru ontzitako tripulazioei emango litzaizkieke baimenak. Mendebaldeko Saharan Europako 128 ontzi ari dira arrantzan, eta horietatik 92 Kanarietakoak, Andaluziakoak eta Galiziakoak dira. Hogei baino ez ziren arrantzatzen ari, sari oso handiak ordaindu behar zituztelako, besteak beste.

Deversek, alde horretatik, mezu irmoa helarazi zuen. Espainiari eskatu zion saharar herriaren ordezkaria «arerio» gisa tratatzeari uzteko, eta «nazioarteko zuzenbidearen bidera itzultzeko». Esan zuen Espainiak Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoarekin zuzenean negoziatzeko proposamenari uko egiten badio EBko beste estatu kideengana joko dutela: «Portugali, Frantziari eta Italiari galdegingo diegu».

Hamar urteko borroka

Fronte Polisarioak bete-betean asmatu du arlo juridikoan baliabide naturalen espoliazioa salatzeko abiatutako estrategiarekin, eta baliteke aurtengoa urte erabakigarria izatea duela hamar urte hasi zen borroka legala ixteko.

2016ko abenduaren 21eko sententzia mugarri izan zen. Epai hartan, lehen aldiz esan zen EBren eta Marokoren arteko itunak ez zuela eraginik Mendebaldeko Saharan. Marokok, beraz, ez zuen lurralde okupatuaren gaineko subiranotasunik, eta akordioa ezin zen saharar herriaren baimenik gabe ezarri. EBk, dena den, bere auzitegiak emandako epaiak urratu ditu urteotan. Eta Polisarioa kalte ordainak eskatzeko aukera aztertzen ari da. Deversen arabera, 2.000 eta 8.000 milioi euro ingurukoak lirateke.

Azken lau urteotan, Marokok 200 milioi euro —urtean 52 milioi— jaso ditu arrantza akordioari esker, ontzien baimenen truke. Mendebaldeko Sahara okupatuta, 1.200 kilometro baino gehiagoko kostaldea bereganatu du, baita munduko arrantza bankurik aberatsenetakoa ere, sardinari, berdelari, legatzari, atunari eta zefalopodoei dagokienez, besteak beste.

Mendebaldeko Sahara aberatsa da oso baliabide naturalei erreparatuta: petrolioa, gasa, fosfatoak eta harea ditu, besteak beste. Marokok batez ere horregatik okupatu zuen lurraldea, 1975ean; izan ere, okupazioak agerian utzi du interes ekonomikoak nazioarteko zuzenbidearen eta sahararren eskubideen gainetik daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.