Lehen sorpresa iazko ekainekoa izan zen: Polinesia Frantseseko herritarrek hiru diputatu independentista aukeratu zituzten Frantziako Asanblearako. Hirutik hiru. Olatu hori baliatu nahian, Tavini Huira'atira alderdiak auzi sozialetan oinarrituriko kanpaina egin du aurten, independentziaren afera alde batera utzita, eta bigarren ezustea iristear legoke; subiranistak faborito baitira, gaur, uhartediko parlamenturako bozen bigarren itzulian, irabazi eta gehiengo osoa lortzeko.
Tavini Huira'atirak babesen %34,9 jaso zituen lehen itzulian, hilaren 16an, eta bere burua indartuta ikusi zuen gaurko bozketarako. Alabaina, emaitzak bereziki mingarriak izan ziren agintean dagoen alderdiarentzat, Tapura Huira'atira autonomistarentzat, eta, beraz, Polinesia Frantseseko presidentearentzat, Edouard Fritchentzat —2014tik dago kargu horretan—; uhartediko gobernuburua Emmanuel Macron Frantziako estatuburuaren aliatua da, eta boto emaileek bigarrenez zigortu dute hautetsontzien bidez, iazko bozen ondoren. Hori ikusirik, buruzagi autonomista independentziaren mamua astintzen aritu da egunotako kanpainan, bozen lehen itzuliaren gauean bertan hasita: «Hauteskunde hauek autonomisten eta independentisten artekoak dira».
Subiranistek berehala erantzun zuten. «Ez dira independentziarako bozak; ez da erreferendum bat. Alderdi guztiek nahi dute autonomia zabaltzea. Ezin dugu esan polinesiarrek alderdi independentista baten alde bozkatu dutenik, ezta autonomisten alde ere. Justizia sozialari buruzko programen alde ere bozkatu dute, programa ekonomikoen alde», argudiatu zuen Frantziako Asanbleako diputatu Tematai Le Gayicek.
Hitz horien atzean, afera sozialak lehenesteko apustuaz gain, Fritchen kontrako jarrera kapitalizatzeko nahia geratu zen agerian. Hori baita, hain justu, alderdi independentistak aldeko duena gaur, bigarren itzulitik kanpo geratu direnek ere Polinesia Frantseseko presidentearen kontrako kanpaina egin zutela.
Horregatik, Tavini Huira'atirak boto transferentzia hori bermatzea izan du helburu egunotan; Tapura Huira'atirak, berriz, gaurko sailkatu ez zen alderdi batekin zerrenda bateratua aurkeztu du, hori bera eragozteko. Eta abstentzionistak konbentzitzeko: %39,92 izan ziren duela bi asteko bozketan. Jokoan dago, besteak beste, bigarren itzuliko garaileari ematen zaion eserleku kopuru gehigarria, gehiengo osoa izan eta gobernabidea bermatzeko.
Proba nuklearren oroimena
Zenbait gertakarik azaltzen dute Polinesia Frantseseko independentistek gora egin izana hauteskundeotan. Proba nuklearren gai gatazkatsuak, adibidez: 1966tik 1996ra, Frantziak 193 proba egin zituen Mururoako eta Fangataufako atoloietan, eta horiek ondorio negatiboak izan zituzten uhartediko biztanleengan.
Halere, 2021eko otsailean, Inserme Osasunaren eta Ikerketa Medikoaren Frantziako Institutuak —erakunde publiko bat da— ondorioztatu zuen «oraingoz» ezin zela loturarik egin proben eta minbizi kasuen artean, nahiz eta beste ikerketa batzuek eta François Hollandek berak, estatuburu zela, aitortu zuten harremana bazela; horrek haserrea eragin zuen, eta «negazionismoa» leporatu zioten Insermeri.
Afera labainkorra da oraindik ere, eta horren erakusgarri izan zen Macronek 2021eko uztailean Polinesia Frantsesera egindako bisita. «Zor batez» aritu zen arren, ez zuen esperotakoa bete: ez zuen barkamenik eskatu, ezta minbizi kasuak proba nuklearrekin lotu ere.
Koronabirusaren pandemiak ere eragin handia izan du Polinesia Frantsesean. Batetik, ekonomian, konfinamenduak kolpe gogorrak izan baitziren arlo horren bi oinarrientzat: turismoa eta hango produktuen esportazioa. Bestetik, uhartediko gobernuak zaurgarrienei nahitaez txertoa hartzeko agindu izanak are gehiago handitu baitzuen haserrea herritarren artean; eta zer esanik ez argitara atera zenean Tearii Alpha presidenteordeak eta Asanbleako presidente Gaston Tong Sangek uko egin ziotela txertoari. Are, gerora, jakin zen Alpha ezkondu egin zela, eta babes neurriak ez zirela errespetatu ospakizun horretan—Fritch ere izan zen hartan—.
Eta, ekonomiara itzulia, Papeetek, iaz, kontsumoaren gaineko beste zerga bat sortu zuen, argudiatuta ezinbestekoa zela gizarte segurantza salbatzeko, defizit handia duenez gero. Baina hori ere ez dute begi onez ikusi herritarrek; hain justu, uste baitute erabaki hori dela inflazioaren gorakadaren arrazoietako bat—%8,5era igo zen iaz, eta %6 ingurukoa da egun—.
Gertakari horien guztien nahasketak, hau da, egoera ekonomikoak, pandemiak eta proba nuklearren aferak eragin dute, hortaz, boto emaileen lehen itzulirako hautuan.
Autonomia legegilea
Polinesia Frantsesak 1984tik du autonomia estatutu bat, eta, garai hartan, bakana eta berritzailea izan zen; harrezkero, hirutan eguneratu dute, eta uhartediak eskumen asko ditu orain. Beste batzuk, ordea, estatuarenak dira oraindik ere: kasurako, defentsa, justizia eta ordena mantentzea. Edonola ere, Polinesia Frantsesaren estatusa oso deszentralizatua da, Kaledonia Berriarenaren antzera, eta, beraz, legeak egiteko ahala ere badu, 53 diputatuk osatzen duten Asanblearen bitartez.
Horiek dira, gerora, gobernuburua, hau da, Polinesia Frantseseko presidentea izendatzeko ardura dutenak; maiatzaren 10ean elkartuko dira berriz zeregin horretarako, eta, ezustekorik ezean, agintari independentista batek irabaziko du bozketa.
Oraingoan, baina, postu horretarako independentisten hautagaia ez litzateke Oscar Temaru buruzagi historikoa izango —lau agintaldi egin ditu, oso laburrak—, Moetai Brotherson Frantziako Asanbleako diputatua baizik, aldaketa nahiaren eta beste belaunaldi baten beharraren erakusgarri.
Testuinguru horretan, subiranistek zilegitasuna eta oinarri sendoa izango lukete, lehen aldiz, Parisekin deskolonizazio prozesu bat negoziatzeko —Polinesia Frantsesa Nazio Batuen Erakundearen deskolonizatu beharreko lurraldeen zerrendan dago—; eta, agian, independentzia galdeketa bat eskatzeko.
Polinesia Frantseseko independentistak, garaipenaren atarian
Tavini Huira'atira alderdiak eskura du gehiengo osoa lortzea gaur, Asanblearako bozen bigarren itzulian. Horrek oinarri sendoa emango lioke Parisekin deskolonizazioa negoziatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu