Madrilgo hauteskundeak

Polarizazioa, Ayusoren mesedetan

Ezkerreko alderdiak ezinean dabiltzan honetan, Madrilgo PP garaipena lortzear da erkidegoko bozetan. Espainiako Gobernuaren kudeaketaren aurkako alternatiba gisa aurkeztu da, eta estrategiak emaitzak eman dizkio.

Isabel Diaz Ayuso, kanpainan zehar. JAVIER LOPEZ / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Isabel Diaz Ayuso Madrilgo erkidegoko presidenteak bozak aurreratzeko hartutako erabakiak ezustean harrapatu zituen bai Ciudadanos gobernukidea, bai gainerako aurkariak. Ordutik, bi bloketan banatuta dago erkidegoko panorama politikoa, inkesta ia denek eskuinaren garaipenaaurreikusten dutelarik datorren astearterako. «Askatasun nahia» aldarrikatzen dute haiek, eta «faxismoa geratu beharra», berriz,ezkerrak. Hori guztia tentsio handiko kanpaina baten erdian, bat eta bakarra izanik hura definitzeko adituek errepikatzen duten hitza: «Polarizazioa».

Inkesten arabera, Ayuso da garaitu beharreko hautagaia. Berak, baina, gainerako zerrendaburuetan baino gehiago, Espainiako Gobernuan finkatu du aurkaria, Metroscopiako ikertzaile nagusi eta UC3M Madrilgo Karlos III.a Unibertsitateko irakasle Jose Pablo Ferrandizen esanetan: «[Espainiako presidente] Pedro Sanchezen neurrien kontrapisu gisa aurkeztea izango da Ayusoren emaitza onen arrazoietako bat». Izan ere, pandemiaren kudeaketa izan zen kanpainako lehen asteko gai nagusia.

«Alarma egoeraren luzapena izan dute mintzagai, hauteskunde autonomiko batzuetan, berez, tratatu beharko ez litzatekeena», nabarmendu du Camilo Jose Cela Unibertsitateko CIGMAP Gobernu eta Marketing Politikoko Nazioarteko Zentroko koordinatzaile Gabriela Ortegak. Hala, uste du, besteak beste, Sanchez eta Voxeko buru Santiago Abascal euren alderdien ekitaldietan izaten ari diren pisuak, eta Pablo Iglesiasek Espainiako presidenteordetzatik UP Unidas Podemosen hautagaitzara emaniko jauziak ohikoak ziren hautagaien eta hirietako alkateen argazkiei lekua kendu eta «makro» itxura bat eman dietela bozei. «Madril Espainia da, Espainia barruan. Zer da Madril, ez bada Espainia?». Hala esan zuen Ayusok iaz, zetorrenaren jakitun balego bezala.

Ferrandizen esanetan, «badirudi Madrilen gertatzen denak herrialdean gertatzen dena erabakiko duela». Halere, argi du, kasu honetan, ezkerreko alderdiei baino gehiago, eskuineko blokekoen «interes nazionalei» eragingo diela: «PPren eta Voxen arteko harremanean, hau da, [PPko presidente Pablo] Casadoren eta Abascalen artekoan, hauste bat eszenifikatu zela zirudien. Orain, ordea, Madrilen eratu daitekeen indar korrelazioak egoera alda dezake».

Inkestek aurreikusten dutena baieztatuz gero, Voxek ez luke «Ayusok esandakoa onartzea beste erremediorik» izango, Ferrandizen ustez, eta popularren esku egongo litzateke eskuin muturra gobernuan sartzea edo kanpoan uztea. PPri men egiten ez badio, Rocio Monasterio hautagaiaren alderdiak ezkerrak gobernatzearen eta bozak errepikatzearen artean aukeratu beharko luke. Azken aukera hori «gogorra» litzateke Voxentzat, Ayuso izango litzateke-eta «onuradun nagusia», UC3Mko irakaslearen arabera: «PPk are gehiago egingo luke gora».

Bat egiten du UCM Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko soziologia irakasle Anton R. Castromilek ere. Haren ustez, bi alderdi horien arteko gobernu bat da bozek utz dezaketen jokalekurik probableena. Zalantza du, baina, ea Voxek haren parte izan nahiko duen, eroso ikusten baitu gobernutik kanpo «zarata» egiten: «Uste dut ez zaiola interesatzen; Ayusok aise hartuko luke mendean. Ciudadanos irentsi du, eta Monasteriok badaki hori». Are gehiago, PPk Vox «deseroso» jartzea lortu duela uste du irakasleak: «Lehen aldiz, lehia dute harroagoa zein den erakusteko».

Jarrera horrek, baina, deseroso jar dezake PPko presidentea ere, UCMko irakaslearen ustez, hark abiatutako estrategia hausten baitu: «Ayuso Casadori epeak ezartzen ari da, eta ez dut uste hura gustura egongo denik». Hala, PPrentzat errazena eskuin muturra kanpoan utzita gobernatzea da, «Casadok Voxetik bereizteko estrategiarekin jarraitzeko».

Gauzak hala, Voxek Madrilgo gerriko gorrian zentratu du kanpaina, 2019an emaitza onak lortu zituen lekuan. Horren helburua, maiatzaren 4rako botoak lortzea baino gehiago, egun eurenak diren eremuak finkatzea da, Ortegaren esanetan. Izan ere, Ferrandizen arabera, Voxen jarraitzaileen hautagaia Ayuso da erkidegoko bozetarako: «Oso ongi ordezkatzen ditu; Voxekoa ere izan liteke. Gainera, gobernuan egoteak erakargarriago egiten du».

Azken bi urteetan Ayusok hainbesteko protagonismoa hartu du, non gobernuaren bigarren hanka izan dena, Ciudadanos, Madrilgo Biltzarretik desagertzear egon daitekeen. Inkesta gehienek eserlekuren bat eskuratzeko beharrezkoa den %5eko langatik behera ezartzen dute. Ferrandizen ustez, baina, balizko porrota estatuan «izaten ari den beherakada eszenifikatuko duen lehena» izango da, eta ez haren eragilea: «Espainia mailan ditugun estimazioek ia parlamentuz kanpoko indar gisa irudikatzen dute Diputatuen Kongresuan ere».

Halere, adi ibili beharra nabarmendu du Castromilek, azkenean %5en langa pasatuz gero gutxienez zazpi eserleku izango lituzke eta: «Dena aldatuko luke. Gogoratu PPk Ciudadanosekin hautsi zuelako deitu zituela bozak Ayusok». Horretarako aukeraren bat ematen dio Ortegak, gainera: «Inkestek beti eman diote gero lortutako emaitzak baino gutxiago». Alderdiak egun duen jarrera «ezkorra» aldatu behar duela uste du, ordea: «Herritarrek sumatu egiten dute».

Kontuak kontu, eskuinak eta, batez ere, PPk ez du arazorik izango jarraitzaileak hauteslekuetara mobilizatzeko, hautesleak «hipereszitatuta» baitauzkate, Ferrandizen arabera: «Haiek dioten bezala, gobernu sozialkomunistari aurre egiteak motibatu egiten ditu». Horren adibide garbiena da PPren leloa: Komunismoa edo askatasuna.

Proiektu komunik ez

Polarizazioak, baina, ez du eragin bera ezkerreko blokean; besteak beste, jendea mobilizatzeko arazoak dituztelako: «Hipotentsio egoeran dago». Metroscopiaren datuen arabera, ezkerreko hautesleen artean parte hartzeko asmoa %10 txikiagoa da, eskuinarekin alderatuz gero. Faktore ugari dira horren eragile, baina «alternatiba falta» azpimarratzen dute adituek. Ferrandizen esanetan, ezkerreko alderdiek ez dute «proiektu komunik» Ayuso kargutik kentzeaz haratago, eta horrek ez du mobilizatzeko beharrik sentiarazten. Horri ez dio laguntzen Madrilen bolo-bolo dabilen iritziak. «Ayusok irabaziko duela aurreikusi da, eta ezkerreko hautesleek igartzen dute hori», azaldu du Castromilek.

Horrez gain, ezkerreko hiru alderdien arteko tirabirak ere hartu behar dira kontuan. PSOEren hautesleen artean, Iglesias balizko gobernu batean egoteko aukerak mesede baino kalte gehiago egiten duela uste du Ferrandizek, baita Mas Madrideko buru Iñigo Errejonen eta Iglesiasen jarraitzaileen arteko errietak oso presente daudela ere. Beraz, azken biek batera ez aurkeztearekin asmatu zutela uste du: «Bananduta joatearekin ez da botorik galtzen, eta sentsibilitate gehiago eta, ondorioz, parte hartze handiagoa egotea errazten da. Halere, ez da nahikoa».

Aurreko asteko hautagaien arteko eztabaidek, ordea, hiruren arteko batasun moduko bat erakustea erraztu zuten. Monasteriok Iglesiasek jasotako mehatxu mezua gutun bat jaso zuen hainbat balarekin «sinesten» ez zuela adierazi ostean, ezkerreko alderdiek uko egin diote Voxeko kideekin berriz eztabaidatzeari, eta, PPren leloa iraulita, goiburu berri bat atera dute, hautesleak bozkatzera animatzeko asmoz: Demokrazia edo faxismoa.

Inkesten arabera, PSOEk izango luke boto kopuru handiena hiruren artean. Pauso bat aurrera emateko hautagai indartsu bat aurkezteko gaitasunik izan ez duela pentsatzen dute, ordea, Ferrandizek eta Castromilek. Gauzak hala, kanpainaren lehen zatian, eta eskuin eta ezker dituen «bi munstro handien [Ayusoren eta Iglesiasen]» indarraren aurrean, Angel Gabilondo hautagaiak jokoan sartzeari uko egin behar izan ziola uste du Castromilek.

Ferrandiz «harritu» zuen jokaera bat izan zen zentrora jo eta Ciudadanoseko hautesleak lortu nahi izate hori: «Aurrez jakina da ia guztiak PPtik iritsitakoak direla, eta haien boto transferentziak ia esklusiboki PPra doaz orain». Horrek, gainera, arrisku bat izan zezakeen, Ortegaren hitzetan: «Ciudadanosi gertatzen ari zaiona gerta zakiokeen. Egoera polarizatu batean, jendeak ez du epailearen alde bozkatzen».

Unidas Podemosen kasuan, boz sisteman ezarritako %5en langa koalizioarentzat arriskutsu izan zitekeelakoan, «ontzia salbatzera» iritsi zen Pablo Iglesias, Castromilen iritziz: «Ayusok bozak deitzen azkar erreakzionatu zuen bezala, [orduko Espainiako] presidenteordeak ere azkar lekualdatu zuen bere burua». Hala, koalizioaren estrategia Ayusoren aurka polarizatzea izan da hasieratik, Ortegaren arabera.

Horrek, ordea, berari baino, Mas Madridi eman dio abantaila azken egunetan. «UP zuhaitza astintzen ari da, baina Mas Madridek jasotzen ditu fruituak, duen izaera pragmatikoari esker», nabarmendu du CIGMAPeko koordinatzaileak. Horren arrazoietako bat Monica Garcia hautagaia jokatzen ari den rola da. Zerrendaburuen artean ezezagunena izanik, kanpaina haren irudia eraikitzeko baliatzen ari direla azaldu du: «Medikua da, bat gehiago pandemiaren aurkako borrokan». Ezkerreko gobernu bat eratzeko aukerarik sortuko balitz, gainera, PSOEren eta UPren arteko «zubi lana» egingo luke, Castromilen esanetan.

Astean zehar

Bozak asteartez egingo dituzte Madrilen, lan egunez. Horrek, ordea, ez die zailtasun gehigarririk eragingo lau herritarretik hiruri, Ferrandizen datuen arabera: «Kontuan izan Katalunian inoizko parte hartzerik handiena izan duten bozak ostegun batean egin zirela». Kasu hartan, ordea, «erreferendum izaerak» mobilizatzera bultzatu zuen jendea. «Madrilen gertatzen ez dena», gehitu du. Norbaiti kalte egitekotan, ordea, ezkerrari egingo dio, langile klaseko herritarren kasuan gora egiten baitu bozkatu ezingo dutenen ehunekoak: lana, haurrek jai izatea... Horri gehitu behar zaio «hain mobilizatuta ez daudenei» gehiago kostako zaiela bozkatzera joatea, Castromilen iritziz. Horiek, berriz ere, ezkerreko hautesleak dira.

Hezkuntzan jai eguna izateak, ordea, eragin dezake gazteen parte hartzean, Ortegaren ustez. Hala bada, «muturretan daudenak» izan daitezke onuradunak: «Vox eta Mas Madrid. UP zerbait zahar gisa ikusten dute jada».

Aldaketak handia izan beharko luke, baina, PPk ez irabazteko. Beraz, Ferrandizen arabera, litekeena da Madrilgo eszena politikoak bere horretan jarraitzea, 1995etik, Alberto Ruiz Gallardon iritsi zenetik, popularrek ez baitute agintea utzi: «Inork ez du esango: 'Eskuina iritsi da'».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.